astekaria 2018/06/29
arrowItzuli

ekonomia

EURO BERRIRAKO BIKO FRONTEA

Ivan Santamaria

EURO BERRIRAKO BIKO FRONTEA

Macronen garaipenak eta brexit-ak ireki zuten Europako Batasunaren geroari buruzko eztabaida. Besteak beste, diru batasuna indartzeko proiektua jarri zen martxan. Euroaren birfundazioari buruz ere hitz egin zen. Urtebete geroago, urardotuta zeuden aurreikuspenak, konpromiso zehatzak hartzeko ezintasunak zamatuta, eta migrazioaren gisako gaiek hartu duten garrantziaren atzean geratuta.

Ekainaren 29rako deitutako goi bilera porrot egiteko zorian zegoela, Alemaniak eta Frantziak gutxieneko bide orri bat adostu dute, eta gainerako estatu kideak konbentzitzen ahaleginduko dira. Erreskate funtsa eguneratzeko eta eurogunerako aurrekontu bat sortzeko akordioa egin dute bi herrialdeen artean, baina aspaldiko korapiloak askatu gabe segitzen dute. Esaterako, banku batasuna bururaino eramateko.

Finantza krisia hasi zenetik hamar urtera, lorpen bat bilatu da: berriro ere halako enbata batek euroa bera arriskuan jarriko ez duela bermatzea. Agian, euroa zerbait gehiago izan beharko litzateke, duela gutxi Mario Draghi EBZko buruak laburbildu zuen gisara: «Europako jendea euroarekin fio da, baina espero du betetzea agindu zituen egonkortasuna eta oparotasuna».

Bat. Europako Diru Funtsa, erreskaterako bitartekoa



Euroguneko krisiak eragindako urrats handienetako bat izan ziren erreskate funtsak, merkatuen bidez finantzatzeko arazoak zituzten herrialdeei maileguak emateko. Greziari lehen erreskatea emateko behin-behineko bitartekoari (EFSF, ingelesezko sigletan) sistema iraunkorrago batek eman zion jarraipena: Europako Egonkortasun Mekanismoa edo ESM. Orain, tresna hori nola egokitu eztabaidatzen ari dira, krisien aurka berme gehiago eman ditzan.

Bi ziren Frantziaren lehentasunak. Batetik, gaur egun baino finantza ahalmen handiagoa izatea. Uneotan, 700.000 milioi euro arteko maileguak eman ditzake, euroguneko gobernu guztien bermea baliatuta. Bestetik, maileguak emateko erraztasun handiagoak eskaintzea. Hau da, erreskate osoa behar izan gabe gobernuek eskura izatea maileguak lortzeko aukera. Alemaniak, berriz, egungo egituratik abiatuta Europako Diru Funtsa sortzea planteatu du, NDF Nazioarteko Diru Funtsaren antolakuntzan oinarrituta. Funtsean, euroguneko herrialdeen gaineko kontrol makroekonomiko handiagoa izango duen gobernu arteko erakunde gisa irudikatzen du Alemaniak funts berria. Bruselaren irizpideekin Berlin ez da sekula askorik fidatu.

Mesebergeko akordioa bien arteko nahasketa da. ESMri izena aldatuko diote, eta funtsa martxan jartzeko akordioak berrikusiko dituzte, funtzio berriak baimentzeko. Alemaniak ontzat jo du Frantziaren ideia. Hots, funts berriak aukera gehiago emango dizkie herrialdeei kredituak eskatzeko, likidezia arazoak badituzte edo behin-behinean finantza merkatuak itxita aurkitzen badituzte, erreskate osoa eskatu behar izan gabe. Maileguek baldintza batzuk izango dituzte atxikiak, baina, hasiera batean, erreskateak sinatzerakoan onartu diren akordioetakoak baino leunagoak izango dira.

Alemaniak ere bere partea atera du. ESM gaurkotuak zeresan handiagoa izango du erreskate programak kontrolatzeko eta ikuskatzeko. Orain arte, funtseko teknikariak aritu dira lan horietan, baina ofizialki batzordeak, EBZk eta NDFk partekatu dute ardura hori. Diseinu berriak NDFren esku hartzea mugatuko luke, nahiz eta estatu kideei NDFra diru bila jotzeko aukera baimenduta jarraitu.

Argitu beharreko puntu korapilatsuena da erreskateetan zer tratu eman behar zaion zor subiranoari. Alemaniako Gobernuak, Herbehereek eta Ipar Europako beste gobernu batzuek defendatu dute aurrerantzean edozein erreskate prozesutan galeren parte bat euren gain hartu beharko dutela zor jabedun pribatuek, Grezian egin zen modura. Frantziak, Espainiak eta Italiak ez dute gustuko zor berregituratzeei halako izaera automatikoa aitortzea. Handiegia iruditzen zaie krisi batean inbertitzaileak ihesean jartzeko arriskua. Alemaniak ESM berriari eman nahi dio zorraren jasangarritasuna kalkulatzeko ardura. Ez dago akordiorik horretarako.

Bi. Banku batasuna, erdizka



Krisiak behartutako bigarren proiektua izan zen banku batasuna, euroa sortu zenetik batasunak esparru ekonomikoan egin duen erreforma handinahitsuena. Sei urte geroago, ordea, osorik gauzatu gabe segitzen du, eta ez dirudi goi bileran prozesua bururaino eramateko baldintza egokiak daudenik.

Hiru zutabe zituen banku batasunak. Lehen biak, Europa osorako ikuskaritza eta arazoak dituzten bankuak kudeatzeko arau komunak, indarrean daude, ñabardura batzuekin. Aurrera begira porrot egin duen banku bat berregituratu edo likidatu behar denean, akziodunek eta hartzekodunek euren gain hartu beharko dute faktura. Gehiago beharko bada, sektoreak jarritako funts batetik aterako da.

Merkatuak erabat baretzeko asmoz, ESM azken kreditu emailea bihurtzea adostu dute Alemaniak eta Frantziak. Formula horren arabera, beharra balego dirua aurreratuko luke funtsak, baina gero banku sektoreak itzuli beharko lioke. Asko jota, 60.000 milioi arte jarri ahal izatea aztertzen ari dira.

Azken zutabea falta da: gordailuak bermatzeko funts bat sortzea. Krisi baten aurrean euroguneko herrialde batetik besterako kapital ihesak eragotziko lituzke aseguru komun batek. Alemaniak ezetz esan dio, orain arte, eta Merkelek aurreratu du «etorkizun urrun baterako» baino ez duela ikusten. Beldurra dio krisiaren ondoren Europa hegoaldeko bankuek pilatu dituzten kreditu ustelen faktura Alemaniako zergapekoen poltsikotik ordaintzeari.

Hiru. Eurogunea indartzeko aurrekontua



Ziur aski, Merkelek eta Macronek iragarritako berrikuntza handiena da eurogunerako aurrekontu propio bat martxan jartzeko asmoa. Zehaztasun asko falta zaizkio, baina Frantziak garaipentzat jo dezake, arazoak arazo proiektuaren espiritua aitortu zaiolako. Macronek etorkizunera begira duen ikuspegian giltzarrietako bat da konbergentzia. Euroguneko herrialdeen arteko desoreka ekonomikoak eta sozialak murrizten ez badira, sinetsita dago moneta bakarraren ziurgabetasuna ez dela desagertuko. «Diru bakarra, eta hemeretzi politika ekonomiko ezberdin: horrek ezin du iraun», ohartarazi du Bruno LeMaire Frantziako Finantza ministroak.

Konbergentzia, berrikuntza eta inbertsioak sustatuko lituzke aurrekontu berriak. Merkelek berak babestu du: «Eurogunean, konbergentzia ekonomiko handiagoa behar dugu. Horretarako, berritzeko ahalmena indartu behar dugu».

Frantziak ez du lortu proiektuari egonkortze funtziorik ematea. Hau da, krisiak euroguneko herrialderen bat astinduz gero, aurrekontu hori arazo ekonomikoak arintzeko erabiltzea nahi zuen. Itunak aipatzen du etorkizunean langabezia egonkortzeko funts bat eratzeko aukera. Antzekotasunak ditu Europako Batzordeak proposatu duen krisien aurkako funtsarekin. Krisi baten ondorioz langabeziak gora egingo balu, aurrekontuak dirua bideratzea litzateke. Aurrerapenak lirateke. Hau da, laguntza jaso duen herrialdeak etorkizunean bueltatu egin beharko lituzke.

Xehetasun asko falta zaizkio euroguneko aurrekontuari. Alemaniak «milaka milioi gutxi batzuetara» mugatu nahi du kopurua. Frantzia gutxienez BPGaren %1 lortzeko bultzatzen aritu da, 120.000 milioi euro gutxienez. Gutxiago izatearekin konformatzen da, edonola ere, abiapuntu gisa, eta aurrerago handitzeko aukera onartzen bada. Bi herrialdeak ados jarrita ere, ez da ziurra aurrera egingo duen. «Ez gaude horren alde», aurreratu du Wopke Hoekstra Herbehereetako Finantza ministroak. Herbehereek eta beste herrialde batzuek zalantzan jarri dute eurogunerako aurrekontu propio bat izatea.

Lau. Aktibo segurua, ahaztuta



Euroari buruzko goi bileran eztabaidatuko diren gaiak bezain garrantzitsuak dira mahaitik kanpo geratu direnak. Horien artean, ziur aski adierazgarriena da eurogune osoan aktibo seguru bat martxan jartzeko proposamena, eurobonuak jaulkita. Sortu aurretik lurperatu zuten ideia Ipar Europako herrialdeek, baina horren bidez konpondu behar zen arazoak bizirik jarraitzen du, Italiako Gobernuaren izendapenekin gertatu zen zurrunbiloak agerian utzi zuen bezala.

Finantza krisian, merkatuak eurogunea ez zuen identifikatu bloke bat bezala, baizik eta soilik moneta partekatzen duen banakako herrialde multzo bat bezala. Arazoak hasi zirenean, egoera ahulena zuten herrialdeen zorpetzea alde batera utzi, eta inbertitzaileek ihes egin zuten babeslekutzat jotzen dituzten aktiboetara. Nagusia, Alemaniako bonuak. Arazoak estututa herrialderen bat eurotik ateratzeko balizko arriskua ez da sekula desagertu merkatuen pentsamendutik.

Eurobonuen bidez zatiketa horri aurre egin nahi zitzaion. Herrialde baten bermea ez ezik, bloke guztiaren babesa duen aktibo bat segurua eta kalitate gorenekoa litzateke, baina Alemaniarentzako anatema den arlo batean sartuko litzateke: arriskuen mutualizazioa. Hots, Alemaniak ez du izan nahi besteek hartzen dituzten erabakien erantzule.

Atea itxita ikusi duenean, Bruselak eurobonu light batzuk proposatu ditu. Herrialde ezberdinetako zor publikoa bateratuko luketen tituluak dira. Gehiena, Alemania edo kalitate gorena duten herrialdeena litzateke, baina kopuru bat kalifikazio txikiagoa duten herrialdeek jarriko lukete. Hori bai, herrialde bakoitzak bere gain hartuko luke hor jarritako zorraren zatiaren arriskua. Titulizazio horren eskemak -arrisku ezberdineko zorpetzea nahastu eta saltzeak- lehen kritikak piztu ditu, finantza krisia sortu zuten hipotekei lotutako produktuekin antzekotasun handiak dituelako.

EBk amaitu ez duen beste eztabaida bat da egonkortasun eta hazkunde ituna sinplifikatzeko prozesua, finantza arauak argiagoak eta gardenagoak izan daitezen.

BERRIAn argitaratua (2018/06/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA