astekaria 2015/12/21
arrowItzuli

politika

Madrilera begira, esperoan

Enekoitz Esnaola

Madrilera begira, esperoan

Euskal Herritik Madrilera begira egon beharko da datozen asteetan, Moncloan zein jarriko. Gauzak estuak baitaude: PPk eta Ciudadanosek 163 diputatu (123 eta 40) eta, beraz, bien artean gehiengo osorik ez (176an dago), eta espainiar ezkerreko PSOEk, Podemosek (bere marka guztiekin) eta UPk ere 161 (90, 69 eta 2). Berdinketa ia. Hortaz, ikusi beharko da PSOE ausartuko den talde abertzaleen babesa ere jasotzen. Coalicion Canariak diputatu 1 lortzeaz aparte, euskal talde abertzaleek 8 aulki eskuratu dituzte (EAJk 6 eta EH Bilduk 2) eta katalan abertzaleek, 17 (ERCk 9 eta DLk 8).

1977tik aurrera, Espainiako Gobernuan beti Kongresurako hauteskundeak irabazi izan dituenak egon da: UCD, PSOE eta PP, azken biak txandatuz. Logika hori segituz gero, PPk hartuko luke bigarrenez agintea. Gertatzen da, orain arte ez bezala, Kongresuak ordezkaritza askotarikoagoa duela, Podemosen eta C'Sren sarreragatik, eta bigarren indar PSOEk jokoa baduela. Euskal Herritik begiratuta, garrantzitsua da aukera hori, bai autogobernuari edo, agian, lurralde ereduari begira, eta bai bakegintzari begira.

IƱigo Urkullu (EAJ) Jaurlaritzako lehendakariak udara ostean adierazi zuen berak nahiago duela Moncloan Pedro Sanchez (PSOE) egotea, Mariano Rajoy (PP) baino. Lehendakari denetik, Urkullu bost aldiz bildu da Rajoyrekin, arlo haietako proposamen asko egin omen dizkio (Urkulluk beti diskrezioa erabili izan du publikoki), baina gobernuburuak ez dio jaramonik egin. Uler daiteke, beraz, EAJk PSOEren aldeko apustua egitea orain. Baina EAJrekin ez luke nahikoa Sanchezek. Izan ere, katalan independentisten beharra ere baluke, eta hori, zailagoa da, gauzak izugarri aldatu ezean; katalanek legezko erreferendum bat eskatuko liokete. Halaber, kontuan hartu beharko da EH Bilduk zer egingo duen, bakegintza ere xede duela.

Espainiako Gobernuko alderdia gutxiengoan egon izan denean, batzuetan babestu egin du EAJk, era batera edo bestera, eta gehienez ere CiU zen beste laguntzailea. Orain PSOEk babesle gehiago beharko lituzke, eta EAJren papera lausoago geratuko litzateke. Egunotan ikusiko da jarrerak eta negoziazioak nolakoak diren, eta, jakina, PSOEren ildo kontserbadore eta zentralistenak zer paper jokatuko duen (Felipe Gonzalezek, Alfredo Perez Rubalcabak, Susana Diaz Andaluziako presidenteak, El Pais-ek...)

Ahal Dugu aurrena

Hego Euskal Herrian Ahal Dugu izan da lehen indarra, bai diputatuetan eta bai botoetan: zazpi aulki eskuratu ditu, eta 396.000 boto. EAJ eta hura kide duen Geroa Bairen baturak sei diputatu eta 331.000 boto eman ditu; berdin diputatuetan (EAEn bat gehiago, eta Nafarroan, batere ez), eta botoetan 35.000 gutxiago.

Ahal Dugu-ren hazkunderako, Madrilgo efektuak eragina izan du. Baina oinarri sendo batetik abiatu zen, maiatzean Hegoaldeko foru bozetan, bere lehen hauteskunde hitzorduan eta alderdiko organuek hiru hilabete baizik ez zituztela, 193.000 boto erdietsi baitzituen. Gipuzkoan eta Araban aurreneko indarra izan da, eta Bizkaian eta Nafarroan, bigarrena, hango nagusiengandik gertu samarrera: Bizkaian EAJk dozena bat mila boto baizik ez dizkio atera, eta Nafarroan UPNk (PPrekin), hogei mila eskas. Hegoaldean presentzia homogeneoena daukan indar politikoa da, eta boz hauetako irabazlea izan da.

Galtzailea, berriz, EH Bildu. Amaiurrek baino bost diputatu gutxiago eskuratu ditu, eta ia 120.000 boto gutxiago. Kolpe handia. Maiatzeko foru bozetan ere izan zuen beherakadarik, batez ere Gipuzkoan, aldundia eta Donostiako Udala galduta. Joera bat adierazten du, eta EAEko bozetarako abiapuntu kezkagarri batean dago.

Katalunia eta Euskal Herria

Katalunian Podemosen markak irabazi ditu hauteskundeak (hamabi diputatu), baina ERC eta DL talde independentistek, 2011ko CiUrekin eta ERCrekin alderatuta, eutsi egin diete: 2011n CiUk eta ERCk 19 diputatu lortu zituzten (16 eta 3), eta orain ERCk eta DLk, 17 (9 eta 8). CUPek (2012tik da Kataluniako Parlamentuan), ez du orain ere parte hartu. Katalunian prozesu independentista bat egon izanak hango hauteslea tentsioan dauka, zentratua. Kasurako, CiUko kide ohi Uniok %1,7 baizik ez du eskuratu. Bada mezu bat, independentziaren aldekoa. Aldiz, Hego Euskal Herrian talde abertzaleak, oraingoz soilik estatutu berrien egitasmoekin direla, 13etik 8ra jaitsi dira, EH Bilduren erorketan oinarrituta. Geroa Baik eta biek Nafarroan batere lortu ez izana ere adierazgarria izan da (2011n, bana eskuratu zuten). EAJri Ahal Dugu ber-bertan jarri zaio EAEn, boz hauek desberdinak izan arren.

Hego Euskal Herrian abertzaleek instituzioetan presentzia handia dute (Nafarroan Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin batera): euren esku daude EAEko eta Nafarroako gobernuak, euren esku EAEko hiru diputazioak, euren esku lau hiriburuetako alkatetzak eta, oro har, oso nagusi dira udal mailan eta batzar nagusietan... Baina ez dute proiektu politiko partekatu bat. Ahal Dugu-k bere egiten du erabakitzeko eskubidea, eta abertzale askok hara jo dute, batez ere ezkerrekoek. Ezker abertzale zibil eta zabalak bereizgarritasunik beharko du aurrerantzean indar handiagoa izateko. Datorren urtean EAEko bozak izango dira, eta Ahal Dugu-k ez du orain bezalako telebista protagonismorik eta Pablo Iglesiasik izango, baina olatu gainean segitzeko gogoz ariko da eta denbora aldetik iraun ahalko du, urtebete baino lehenago izango baitira boz horiek.

Oraingoz, ordea, Madrilera begira egon beharko da.

BERRIAn argitaratua (2015/12/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA