iritzia
Baxoaren filosofia
Maddi Ane Txoperena Iribarren
Ironikoa iruditu zait, ez bada fede txarrekoa. Egoera injustuan jartzen baikaitu euskaldunok baxoak: ikasketa guztiak euskaraz egin, eta azkeneko urtean frantsesez ikasi behar izatera bultzatzen gaitu, hizkuntza bakar horretan egin daitekeenez azterketa. Eta bai: injustizia horrek justua zer litzatekeen jakitera garamatza, noski. Justua litzateke norbere hizkuntzan ikasi eta egin ahal izatea azterketak, egitekotan. Baina Frantziako Hezkuntza ministerioak ez du ikusten injustiziarik hor. Agian sentitzen ez duelako?
Letretakoei beste galdera hau egokitu zitzaien: «Kulturak gizatiarrago egiten ote gaitu?». Galdera potoloa hau ere; definitzea eskatzen duena zer den kultura, eta zer gizakia; eta ez da kontu erraza. Ez dakit erantzun egokirik egonen ote den, baina idatzi duenaren ikuspegitik erantzuna baiezkoa bada, orduan gizaki txarragoak gara euskaldunak, gurea ez delako azterketa ofizial bat egiteko moduko hizkuntza. Edo, bestela, kultura apalagokoa euskara.
Frantsesez izatearekin aski ez, eta lehen egunetik argi utzi du baxoak berriz ere zein den bere filosofia. Hizkuntzak eta hiztunak zapaltzeaz gain, bidenabar haiei aurpegira irri egitea. Sotilki.