astekaria 2018/06/22
arrowItzuli

kirola

ITZIAR OLASAGASTI, IRATI LARRAñAGA ETA MALEN OIARZABAL

«Emakumeok eman egin behar dugu eskatu aurretik»

Aitor Manterola

«Emakumeok eman egin behar dugu eskatu aurretik»

Orioko Itziar Olasagasti arraunlaria (Orio, Gipuzkoa, 1989), San Juaneko Irati Larrañaga (Tolosa, Gipuzkoa, 1992), Tolosaldeako Malen Oiarzabal (Tolosa, 1999) eta beste emakumezko arraunlari guztiak orain aterako dira plazara, traineru estropadekin batera, baina hilabete luzeak ari dira prestatzen eta lehian, ontzi txikietan.

Bizpahiru hilabete lehiatzeko zazpi-zortzi hilabeteko prestakuntza egin duzue beste urtebete batez. Nola azaldu hori?

IRATI LARRAÑAGA: Arrauna ez dugu guk asmatu, eta orain igo gara tren honetara. Ez gara gu hasiko aldatzen aspalditik datozen gauzak. Probatzen duzu arrauna, eta bada zerbait lotzen zaituena. Udako lehia baino gehiago da: bizitzeko modu bat da. Zure egunerokoan sartzen duzu entrenatzera joatea, eta besterik ez da. Oso kirol teknikoa da, entrenamendu ordu asko dira, eta fisikoki oso ondo egon behar duzu. Urte guztian landu behar dira aldagai asko udan ondo egoteko.

Prestakuntzako bide luze horretan uda oso urruti ikusten duzuenean, zer?

ITZIAR OLASAGASTI: Nahi dugulako gabiltza arraunean, ez beste inork behartuta. Pozak ematen dizkizu gero. Talde kirola da, eta neguko bakardadean badakizu taldea dagoela zain, edo klubean lanean ari den langilea, edo besteren bat. Gizarteratu egiten gaitu taldeko lana izateak.

Gizartean bakarkako joera indartzen ari den honetan, zuek taldeko lana ari zarete nabarmentzen.

MALEN OIARZABAL: Oso aberasgarria da arrauna. Bakoitza goaz geure buruhausteekin entrenatzera, baina, behin lanean hastean garenean, burua arraunean jartzen dugu denok. Balio du kezkak gainetik kentzeko. Beste familia bat da arraun taldekoa.

I.L.: Egun txarrarekin entrenatzera joan, eta lanean hasi orduko txar guztia ahaztu egiten zait; arraun kolpe batzuk eman eta gero, mundua beste era batera ikusten dut. Uretatik aterata, burua ondo arindua ateratzen zait.

M. O.: Kirolaren xarma da hori.

I.L.: Taldeko lana aipatu duzula, neguan bakarrik entrenatzen naiz Tolosan, eta garbi daukat ez banintz talde batean egon ez nintzatekeela entrenatzera joango. Pentsatzen jartzen naiz besteak ere ari direla lanean, eta horrek ematen dit indarra aurrera jarraitzeko, ardura ematen du. Bakoitzari onena ematera behartzen digu horrek, ezin garelako izan taldekidea baino gutxiago.

M. O.: Iruñean hasi naiz ikasten ikasturte honetan, eta ergometroa egiten bakarrik aritu izan naiz han, horma bati begira. Bitartean, taldekideak denak batera jardun dira lan horietan. Entrenamendua bukatu eta gero, beti Whatsapp bidez galdetzen nien ea zer moduz joan zaien entrenamendua, behar nuelako beraien gertutasuna nire bakardadean.

I. L.: Uretako lana egitea erraza da, baina atzean sekulako lana dago.

I. O: Gu saiatu izan gara neguan binaka joaten entrenatzera, bakarrik ez. Tabernara lagun bila joaten den bakarkako hori bezalakoak gara arraunlariak: entrenatzera joan norbait aurkituko dugun esperantzarekin, elkarri konpainia egiteko.

I.L: Niretzat ordu bat ez bada egokia entrenatzera joateko baina baldin badakit ordu horretan taldekide bat ari dela entrenatzen, ni joan egiten naiz, bakarrik ez aritzeagatik. Elkarri laguntzeko ezinbestekoa da ondoan norbait edukitzea, eta bien arteko pike sanoak sortzeko ere ona da.

Eskerrak lehia zain daukazuen orain, ezta?

I.L: Lehia horren barruan hainbat modutako helburuak izan ditzakezu. Gure kasuan, Euskotren ligan sartzea da, eta horretako aritzen gara entrenatzen.

Euskotren liga eta ETE liga berria bereizteak zer emango dio emakumezkoen arraunari?

I. L.: ETE ligak beste gauza batzuk lantzeko aukera ematen du, lehia baten barruan. Berdintasun handiagoa egongo da aurreko urteetan baino, eta ona izango da talde hasiberrientzat. Ez da egongo talde bat beste guztiei itzala egiten, eta banderak banatzeko moduan izango dira.

I.O.: Batzuen kezka zen bi ligak bereizita ez ote zen bazterketa egingo ETE ligaren kaltetan, bestearen itzalean geratuko balitz bezala. Uste dut alderantzizkoa gertatuko dela, indartu egingo dituelako beste lehia batzuk, ez bakarrik banderaren bila joatekoa soilik.

M.O.: Banderak izango ditugu jokoan ETE ligan, eta motibazioa da hori, gerta daitekeelako segundo gutxian talde asko ibiltzea. Irailean Euskotren ligara igotzeko kanporaketa jartzea ere bizigarria da, igotzeko aukera izan dezakegulako talde gisa.

I.O.: Taldeentzat lortzeko moduko helburuak izatea ekarriko du liga berriak.

I. L.: Aurten arte, Euskotren ligan genbiltzanak Gipuzkoako ligan lehiatzen ginen, eta itzal egiten genien beste taldeei. Talde berdinak zeuzkan bi ligak irabazteko aukera, eta hor non geratzen ziren talde hasiberriak, lanean ondo dabiltzan horiek? Saririk irabazteko aukerarik gabe geratzen ziren, eta ez zen egoera justua. Bukatu egin da orain bereizketa, eta aurrerapausoa emateko eta aurrera jarraitzeko indarra emango die talde guztiei.

Gipuzkoako Ligan, ia estropada guztiak erlojuaren aurka izan zenituzten, eta erreka zuloetan. ETE ligaren sorrerarekin baldintza horiek ere hobetuko dira?

I.O.: Idatzita dagoenaren arabera, bai. ETE ligak bat egin du KAE ligarekin, eta lerrokatuta dauden estropadak modu horretara jokatuko dituzte. Egia da luze joko dutela estropadek, baina ez luke oztopo izan behar.

ETE elkartea eta liga emakumeek zeuek sortu dituzue. Zenbateko balioa dauka horrek?

I. L.: Handia. Emakumezkoen lehen liga 2009an izan zen, Euskotreneko hura, eta harrezkero aurrerapausoak egin dira: selekzioka hasi ginen, txandaka gero... Kontxan ere aldaketak gertatu dira. Besteek ematen ziguten guztia hartzen ibili gara orain arte, gu ere ikaste prozesu batean geundelako, baina orain, ikusi dugu Euskotrenen, adibidez, bazela beharra estropada gehiago jartzeko. Proposatu genion TKEri, eta telebistari ere bai. ETE elkartea sortzeko geu hasi ginen bileretan, taldeak ere batu ziren, eta lortu ditugu gauzak. Ez gaude kexatzeko moduan.

I.O.: Bi ligetan izango dira nahikoa estropada kopuruz, eta talde guztiek antzeko kopurua edukiko dugu, ez orain arte bezala.

I. L.: Bi ligetan parte hartzeko aukerarekin, aurten arte bezala, nahasgarria izaten zen, Gipuzkoako ligako estropadei nola aurre egin asmatzea ez zelako erraza izaten Euskotren ligan genbiltzanontzat.

I.O.: Bi liga egoteak egonkortasuna emango die klubei. Aurtengoa bukatzen denean, denek jakingo dute zein ligetan egingo duten arraun datorrenean, eta sekulako laguntza izango da arlo askotan: prestakuntzan, diruz, helburuak jartzerakoan eta abar.

I. L.: Euskotrenen sailkatze estropada izango dugu aurten oraindik, eta behartzen gaitu uztaileko lehen asteburuan topera egotea. Ezberdina izango da datorren urtetik, aurtengoa bukatu eta segituan jakingo baitugu Euskotrenen ariko garen edo ez, lehen hirurek aukera izango baitute ligan jarraitzeko, eta laugarrenak kanporaketa jokatuko baitu irailean ETEkoekin. Beste modu batera egin ahal izango dugu prestakuntza datorren urtean.

I. O.: Babesleak aurkitzeko ere ona izango da klubentzat, aurten lan ona egiten duenak ziurtatua izango baitu lekua datorren urteko Euskotren ligan, eta beste horrenbeste ETE ligan ondo ibiltzen direnek ere.

M.O.: Lehiakortasuna sustatuko da bi ligak bereizita, ez baitira egongo bakarrik hiruzpalau talde on, Euskotrenekoak. ETE ligan ere egongo dira hiruzpalau talde on, eta denok izango dugu motibazioa urtez urte hobetuz joan eta Euskotrenera igotzeko.

ETE elkartearen eskaerak-eta harrera ona izan dute arrauneko beste eragileen partetik, ezta?

I. L.: Bai. Oso ondo hartu gaituzte, entzun egin gaituzte, eta oso eskertuta gaude.

Arraunlari emakumezko batek esana da hau: «Emakume arraunlariok berdintasuna eskatu baino lehen guk gurea denok ondo egiten hasi behar dugu». Zer diozue?

I.O.: Guk gurea jarri behar dugu. Talde berrietan, agian, ezin zaie hasieratik dena emateko eskatu, baina hasi behar da konpromiso mezuak zabaltzen taldean. Ezin da gertatu iaz Gipuzkoako ligan gertatu zena: «Hau eta hau ez datoz, eta ezin dugu osatu taldea». Liga berriak eta antolaketa berriak beste konpromiso bat eskatzen du.

M.O.: Talde txikia gara, eta Tolosaldeko 28 herriren sakrifizioa dago atzean. Hasieratik agertu dugu konpromisoa arraunlariok, eta etorkizunean gora egin nahi duen taldeak ezinbestean behar du lan serioa. Azpiko harriak ondo jarri ezean, nekez helduko gara gora.

I. O.: Eskatu aurretik eman egin behar dugu, eta badago jendea ematen ez duena eta eskean dabilena. Hasiberri batzuek uste dute erraza dela Kontxan sartzea, adibidez, eta ez dute dena ematen.

I.L.: Gai honekin buruko zaina loditu egiten zait. Hazi egin gara talde batzuk, baina beste batzuk hasi egin dira bakarrik. Hazi garenok badugu zerbait eskatzeko eskubidea, baina hasi direnek ez hainbeste.

I. O.: Badakit zer den azkena izatea, eta hortik gorakoa lortzen duzunean, gehiago baloratzen duzu. Emakumeak izateagatik dena irekia dutela uste dutenekin ez nago ados.

I. L.: Bilera batzuetan, jarrera batzuk feminismotik ere pasatu egin dira, eta ez daukagu edozer eskatzeko bidea libre. Asko daukagu oraindik emateko, eta hasiberriek gehiago eman behar dute. Ezin gara kexatu. Ikusi egin behar dugu nola hasi ginen duela hamar urte, eta horrek eman behar dio balioa egiten ari garenari. Hazkuntza honen parte denok gara, baita talde berriak ere, baina beste batzuek urteetan egindako bidea eta hobekuntza ikusi egin behar dute, eta balioa eman.

M.O.: 17 urterekin Kontxan sartu nintzen, zazpi talde sartzen zirelako, eta zortekoa naiz horregatik. Baina badakit aurretik beste hauek egindakorik ez balego ez nuela aukera hori edukiko.

BERRIAn argitaratua (2018/06/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA