mundua
Kurduek dute giltza
Aitor Txabarri
«Hauteskunde hauek ez dira normalak; aurreratu egin dituzte oposizioa prestatu gabe harrapatzeko eta Turkiaren egoera ekonomikoa jasanezina delako»; horiek dira Abdurrahim Durmus kurduen aldeko alderdiaren parlamenturako hautagaiaren hitzak. Baliteke urte garrantzitsua izatea aurten alderdi ezkertiarrarentzat, oposizioko alderdi guztiek bat egin baitute Erdogan eta haren alderdi eskuindarra boteretik kentzeko. Gobernuan aldaketa bat gertatzeak hobekuntzak ekarri ahalko lituzke kurduen eta estatuaren arteko erlazioaren arazoak indarkeriarik gabe konpontzeko, baina, aldaketa politiko hori gauzatzeko, garrantzitsua izango da oposizioko alderdi guztien arteko kohesioa.
«Kurduok aldaketa politikorako prest gaude. Gure ideia da lehenengo itzulian HDP bozkatzea, eta bigarrenean Inceren [Muharrem Ince CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko hautagaiaren] alde egitea», esan du Rizo Xerzy HDPko hautesleak. Herrialde kurduaren esperantza da Erdogan boteretik botatzea, eta bakean oinarritutako negoziazioak hastea hurrengo lehendakariarekin. CHP kemalista da Turkiako oposizioko indar nagusia.
Baina, hori lortzeko, HDPk parlamentuan egon beharko du. Turkiako hauteskunde legeen arabera, alderdi batek bozken %10 lortu behar ditu errepresentazioa izateko. Aurreko hauteskundeetan, kurduen aldeko alderdiak %13 lortu zituen, baina, aurtengo hauteskundeen garrantzia eta lehendakariaren «legez kanpoko jarrerak» ikusita, Durmusek uste du edozer gerta litekeela. %10a, beraz, giltza izango da hauteskunde hauetan, HDPkoak parlamentura iristen badira oposizioko gainontzeko alderdiekin bat egin eta parlamentuan gehiengoa lor baitezakete. Ordea, ez balu lortuko, oposizioak ezingo luke gehiengo hori osatu, eta AKPk boterean jarraituko luke. Beraz, bozka horien garrantzia inoiz baino handiagoa izango da herrialde kurduarentzat eta aldaketa bultzatu nahi duten turkiarrentzat.
Larrialdi egoeran
2016an gertatutako estatu kolpe saiakeraren ondorioz Turkian ezarrita dagoen larrialdi egoerak ere eragina izango du igandeko bozetan. Erdoganen hitzetan, AKPk boterean jarraitzen badu, bukatutzat emango du larrialdi egoera. Aldiz, oposizioak irabaziko balu, ez luke kenduko, eta egoera bitxi bat biziko litzateke; izan ere, larrialdi egoerak ezarrita jarraituko lukeenez, Erdoganek aukera izango luke hauteskundeak errepikatzeko, berak espero dituen emaitzak lortu arte. «Larrialdi egoerarena adibide argi bat da ikusteko zein diren lidergo bakarreko gobernuak aurrera eraman nahi dituen politikak», adierazi du Durmusek. Larrialdi egoeraren ondorioak ez dira argi ikusten Ankaran eta Istanbulen, baina herrialde kurdura mugitu eta berehala nabaritzen dira. «Diyarbakirreko kaleetan, tentsioa nabaria da. Horregatik, HDP alderditik, gure esku dagoen guztia egingo dugu hori bukatzeko, bakearen eta hitzaren bitartez», esan du Durmus hautagaiak.
HDPren oinarri politiko nagusia Turkian bizi diren nazio ezberdinen eskubideak bermatzea da. Izan ere, gaur egun, nazio ezberdinak batzen dituen estatu bat da Turkia. Nahiz eta gobernuak ez duen halakorik aitortzen. Erdoganen politikak lidergo bakarreko eta nazio bakarreko politikak dira, eta horretan ez dira kabitzen ez beste pentsamenduak, ez beste nazioak, Yaha Karatas Diyarbakirreko herritarrak dioenez.
Egoera horren adibide moduan, kurdu askok hitz egin dute BERRIArekin 2015eko «bake prozesuari buruz». Herritar horiek azaldutakoaren arabera, bake prozesu horrekin, gobernua bere irudia garbitzen saiatu zen. Uste dute ez zeukala inolako asmorik bakea lortzeko, eta prozesu horren helburu bakarra zela gobernuak zeukan krisia gainditzea. Helburu hori lortu ondoren, prozesua apurtu zuten. «Orduan, jende asko konturatu zen benetan nolakoa zen Tayyip Erdogan, eta inoiz ez zela bakea iritsiko hark boterean jarraitzen zuen bitartean», adierazi du Karatasek.
Hauteskundeetarako kanpaina honetan, oposizioko blokea puskatzea izan da Erdoganen helburu bakarra. Kanpaina osoan helburu hori lortzeko erabili duen diskurtsoan, oposizioa «terroristekin» bat egina dagoela esan du. Eta gerta liteke lehen AKP bozkatzen zuten herritar kurdu askok botoa aldatzea, Erdoganen mezuekin haserretuta. Nazim Sezgin izango da botoa aldatuko duen horietako bat. Diyarbakirreko taxi gidari bat da Sezgin. AKPren hauteslea izan da aurreko hauteskunde deialdi batzuetan, baina argitu du orain botoa HDPri emango diola.
«Erdoganek esan zigun Kurdistango arazoa bere arazoa zela, eta arazo hori konpontzea bere lehentasuna zela. Baina gezurra izan da, eta, horregatik, aldatu egingo dut neure botoa. Lehen bakea zena orain gorrotoa da bere diskurtsoan», adierazi du Sezginek. Taxi gidari hori bezalako beste hainbat pertsona aurkitu ditu BERRIAk Diyarbakirren, eta guztiek ideia bera dute. AKP bozkatu zuten herritar kurdu gehienentzako, Erdoganek «jolas» egin zuen haiekin, eta ez dira berriro «engainuan» eroriko.
«Aldaketa politiko hau kurduek izan dugun aukerarik onena da urte askoan», dio Durmusek. Kurduek bizi izan duten orain arteko egoera oso latza izan da, eta azken urte hauetan, latzagoa. Erdoganek kurduekin zerikusia zuen edozein argitalpen itxi du, adibidez, eta gaur egun ia ez dago kurduen hizkuntzarekin edo kulturarekin zerikusirik duen argitaratzailerik. Kurduen hizkuntzan bizirik irauten duen tresna bakarra Azadiya Welat egunkaria da, eta ezkutuan lan egiten dute, Internetetik publikatuz. Egunkari hori bost aldiz itxi dute azken urte hauetan. Hainbat aldiz aldatu du izena, eta zuzendariak, Ramazan Olcenek, BERRIAri azaldu dio haiek kurduak izatea eta kurdueraz idaztea direla egunkaria ixteko arrazoi bakarrak. Ezin dute lana modu duin batean egin. «Orain, gutxienez, idazteko aukera daukagu, nahiz eta ezkutuan izan. Hauteskundeak pasatu eta gero Erdoganek boterean jarraitzen badu, berriz itxiko digute egunkaria».
Aldaketa demografikoa
Egoera horren beste eredu argi bat da Erdogan Diyarbakir inguruko hainbat herri eta auzotan egiten ari den demografia aldaketa. Herri eta auzo horietan (Cizir, Gever, Idil) herritar kurduen etxeak botatzen ari dira, eta herritar horiek kanporatzen, beste batzuk bertan bizitzen has daitezen; bizilagun kurduek salatzen dute AKP alderdiaren aldeko bizilagunekin ordezkatu nahi dituztela. Azaldu dute Ankarak antzeko ahaleginak egin zituela iraganean ere, baina kurduak beren lurraldeetara bueltatzen zirela.
Kurduen kontrako presio horrek guztiak ere adierazten du haien botoak garrantzitsuak izango direla hauteskundeotan. Gobernu aldaketa lortzeko, oposizioak akordio bat egin beharko du haiekin, eta horrek benetako bake prozesu bat ekarri ahalko luke. Kurduek diote jasanezina dela orain arte izan duten egoera, eta aldaketa baten behar handia sumatzen da. Konfiantza handia daukate hauteskunde hauetan eta horren ondoren atera daitezkeen akordioetan. Erdogan kanporatzea dute helburu nagusitzat, Turkian bizi diren beste nazioen eskubideak errespetarazteko, eta urteetan bizi izan den indarkeriarekin bukatzeko. «Ez da herrialde kurduaren arazo bat soilik, zapalduta bizi diren nazio guztiena baizik. Beste nazio horientzat bezala, bakea da guretzat helburua, eta gure seme-alabak bakean bizitzea da gure nahia», azaldu du Durmusek.