astekaria 2018/06/22
arrowItzuli

mundua

Futbola, poza eta atsedena

Raquel Andres

Futbola, poza eta atsedena

Lehorrean daude, atseden hartuta, eta ziurgabetasunaren eta pilatuta egotearen sentipenak bukatu izanaren hasierako poztasunarekin. Aquarius ontziak erreskatatu zituen 630 lagunak Valentzia herrialdeko hainbat zentrotan banatu dituzte; gehienak hezkuntza eta kirol eraikin batean daude, Chesten, eta adingabeak Alacanteko gazteentzako aterpetxe batean sartu dituzte. Valentziara iritsi ondoren, bidaiarietako 226 artatu zituzten osasun zerbitzuek deshidratazioarengatik, sukarrarengatik, erregaiak eta itsasoko urak eragindako erredurengatik, hatz muturretako hainbat ebakirengatik eta sei emakume haurdun zeudelako. Haietako batek itsasoko zeharkaldian abortatu behar izan zuen. Edizio hau ixterakoan, hamar pertsonak Valentzia hiriko bost ospitaletan jarraitzen zuten, baina hurrengo orduetan ateratzea espero zen, haien egoera ez baitzen larria, eta haien bizia ez baitzegoen arriskuan. Osasun publiko unibertsala bermatuta izango dute guztiek.

Etorkinetako askori kiroldegi batean eman diete aterpe. Ohatze bikoitzetan lo egin dute, eta aukera izan dute dutxatzeko, arropa garbia jartzeko eta bi gauez atseden hartzeko. Nekearen ondoren eta osasun arloko profesionaletatik hasi eta Espainiako polizienganaino eraman dituen gymkana bat igaro ondoren, atzo atseden hartuta sentitu ziren, eta futbol partida bat ere egin zuten; Valentziako herritarrekin izan dute lehenengo harremana.

Lanbide Heziketako ikasleak dira, eta, kiroldegi berbera erabiltzen dutenez, atsedenaldia baliatu dute ongietorria eman eta etorkinekin batera dibertitzeko. «Energia asko dute; ez dirudi hainbeste egun egin dituztenik itsasontzi batean gorriak ikusten», esan du ikasleetako batek. Azaldu duenez, etorkinek frantsesa edo ingelesa soilik dakizkiten arren, gaztelaniazko bi hitz errepikatu dituzte sarri: amigo (laguna) eta gracias (eskerrik asko). BERRIAk migratzaileetako batekin hitz egin ahal izan du, eta esan dio «pozik» eta «oso eskertua» dagoela Valentzian jaso duten harrerarekin. Gaua «eroso» pasatu duela kontatu du, eta etorkizunari buruz esan du gustatuko litzaiokeela Espainian lan egin ahal izatea eta etorkizuneko planak egitea.

«Dolu prozesu bat»

2.320 lagunek osatu zuten harrera taldearentzat, igandea oso egun bizia izan zen. Alicia Gilbert izan zen partaideetako bat, Gurutze Gorriaren Larrialdietarako Berehalako Erantzun taldean boluntario aritu zen psikologoa. Moilan egin zuen lan, osasuneko langileen eta segurtasun indarren kontrolak igaro ondoren nora eramango zituzten jakiteko zain zeudenekin. «Dolu prozesu bat» hasten duten pertsonei laguntza emozionala emateko. «Normala da hori jasatea edozein motatako galera bat eduki ondoren; esate baterako, norbere herrialdetik eta familiatik urruntzea bizitza duin bat izateko ». Gilbertek kontatu du unerik zirraragarriena izan zela etorkin bat «gelditu ezinik negarrez» hasi zenean lurra zapaldu ondoren, «atzean utzi zuen dena kolpean etorri zitzaiolako gogora». Zeharkaldian «adiskide handi» egin zuen pertsona batek bakarrik kontsolatu ahal izan zuen.

«Guztiak asko harritzen ziren kontaktu fisikoarekin, beste norbait haien kargu egotearekin edo behar zutenean ura ematearekin edo eskutik hartzearekin», kontatu du Gilbertek. «Haietako batek esan zidan: 'Besarkatu nauten lehenengo aldia izan da denbora askoan'. Itsasontzian hain kezkatuta zeuden haien berehalako etorkizunean pentsatzen, ez zutela denborarik ere elkarri babes emozionala emateko».

Joan den aste osoan, Valentziako erakundeek agindu argi bat eman zuten: nola edo hala eragotzi behar zen politikarien argazkiak agertzea Aquarius iritsiko zen unean. Protagonistak migratzaileak ziren, eta hori bete egin da. Dispositiboa koordinatu zuen aginte postu aurreratuan, Monica Oltra Valentziako Erkidegoko presidenteordea, Joan Ribo Valentzia hiriko alkatea, Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministroa eta Carmen Monton Osasunekoa egon ziren, baina ihes egin zieten kamerei. Prentsaurrekoan, teknikariak eta gobernuz kanpoko erakundeetako kideak agertu ziren bakarrik. Politikariek sare sozialetan baino ez zituzten eman babes mezuak eta ongietorriak.

Etorkizun lausoa

Arrakasta izan zuen lehenengo harreraren euforia pasatu ondoren —kontsentsua dago parte hartu zuten profesionalek lan ona egin zutela—, berriz ere zalantza sortu da 31 herrialdetakoak diren 630 lagun horien etorkizunari buruz. Haien bizileku baimenaren egoera juridikoa Espainiako Gobernuaren eskuetan dago guztiz. Oraingoz, 45 egunerako salbuespenezko agiri bat dute, eta epe horretan banaka-banaka aztertuko dituzte asilo eskaerak. Eskatzaileek frogatzen badute gatazka bat duen herrialde batetik edo jazarpen pertsonal batetik ihesi iritsi direla, onartu egingo zaie, eta hemezortzi eta 24 hilabete arteko prozesu bat hasiko da —zaurgarrienen kasuan—. Epe horretan, hainbat zerbitzu jaso ahalko lituzkete: haurrak eskolaratzea, osasun arreta, hizkuntza eta lan formakuntza, elikagaiak, arropa...

Oraingoz, iritsi berriak erlaxatzen, jolasten, dibertitzen, elikatzen eta dutxatzen aritu dira batez ere; hau da, duela gutxira arte ametsetan ere ez zituzten luxuetan. Pertsona horien drama Europako lurretan dago orain, egunero Mediterraneo itsasoan bizia arriskatzen duten beste askorena bezala.

BERRIAn argitaratua (2018/06/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA