astekaria 2018/06/22
arrowItzuli

gizartea

PIZTEKO GARAIA

Garikoitz Goikoetxea

PIZTEKO GARAIA

Ezinegona eragin dute euskarazko kultur kontsumoaren azken zenbakiek. Erakutsi dute euskaldun gehienek ez dutela jotzen euskarazko liburuetara eta diskoetara. Egoera ez da oso desberdina euskarazko hedabideei dagokienez ere. Siadeco ikerketa etxeak egin du kultur kontsumoari buruzko inkesta, Elkar fundazioarentzat, eta badaude komunikabideei buruzko datuak ere. Joera horixe bera da: euskaldun gehienek ez dute euskarazko hedabideetara jotzen. Aldaketa garai betean dago komunikazioaren esparrua, eta gogoeta ugari egiten ari dira horren bueltan. Euskarazko hedabideak ere bai. Aurrerapauso bat emateko garaia heldu dela uste dute. Pizteko garaia dela.

Hamabost urte beteko ditu BERRIAk datorren astean. Urteurreneko ekitaldia egingo dute asteazkenean Martin Ugalde kultur parkean, Andoainen (Gipuzkoa). Iluntzean egingo dute, 19:00etan, eta euskalgintzako eta instituzioetako ordezkaritza zabala espero dute. Egunkariaren hamabost urteko bidea errepasatuko dute, eta erronkei buruz ere jardungo dira.

Urteurrena beste urrats bat egiteko baliatu nahi du BERRIAk. Datozen urteei begirako gogoeta estrategikoa egiten ari da. Horrekin batera, BERRIA Berri taldea osatu du, euskal gizarteko ehun pertsona ezagun kide dituena, eta Geroa zugan leloarekin ari da mezua zabaltzen. Mezua, batetik, erakundeei, babes handiagoa eman diezaioten euskarazko egunkariari. Mezua, bestetik, euskaldunei, bereziki sarean BERRIAren edukietara doan jotzen dutenei: babesa behar duela eduki horiek sortzeko.

BERRIAlagunen komunitateak gero eta pisu handiagoa du taldearen barruan. Gaur egun, 15.000 lagun dira komunitateko kide. Urteotan BERRIAk aurrera segitzeko ezinbesteko oinarria jarri dute.

Krisi bikoitza

Ez baitira garai errazak euskarazko hedabideentzat. Bete-betean sumatu dute krisi ekonomikoaren eragina, eta horri batu behar zaio beste krisi bat: negozio ereduarena, Internetek ekarritako aldaketena. Biek bat egin dute urteotan, eta jaitsiera handiak izan dira diru sarreretan. Publizitateak nabarmen egin du behera, eta papereko kazeten salmentak ere bai. Internetera jo du audientziak.

Ez da Euskal Herrian soilik gertatu hori. «Digitalizazioaren garai honetan, nazioartean eta hedabide mota guztietan gertatzen ari dira aldaketak. Zalantza barik, euskarazko hedabideetan ere eragin zuzena izaten ari da». Jone Guenetxea mintzo da; Tokikom tokiko hedabideen elkarteko lehendakaria da, eta Durangaldeko Anboto astekariaren zuzendaria.

Euskarazko komunikabideek are krisi handiagoa dutela uste du Beatriz Zabalondo EHUko irakasle eta BERRIA Taldeko lehendakariak. «Txiki izatearen krisia. Batetik, euskararen prestigioa: hartzaile ez gutxik uste dute hizkuntza handiak egokiagoak direla komunikaziorako. Bigarrenik, kultura: beregain izateko arazoak dituen kultura da gurea. Eta, hirugarrenik, hezkuntza: milaka ikasle euskaldun sortu ditugu, baina gehienek ez dituzte euskarazko hedabideak kontsumitzen». Krisi orokorrez gain, sabaiak, hortaz.

Egoera horretan, «iraupen estrategietan» ari dira herri ekimeneko komunikabideak. Hala dio Hekimen hedabideen elkarteko koordinatzaileak, Igor Astibiak: «Kalitatearen aldeko ahalegina egin dute, irauteko langileak edota soldatak murriztu behar izan dituzten arren. Baldintza zail horietan garatzen ari dira negozio ereduaren eraldaketa prozesua».

Prekaritatearen motxila

Euskalgintzan egiturazko arazoa da prekaritatea. Arazo handia. Eta euskarazko hedabideak ez dira salbuespena. Langileengan du eragina horrek, haien lan baldintzetan, eta arrastoa uzten du komunikabideetan: langileen mugikortasun handia, beharginei eutsi ezina. Guenetxea: «Langileen errotazioa nabaritzen da. Langile prestatuak eta konprometituak gara, baina lan baldintzek ez dute laguntzen lantalde egonkor bat mantentzeko». Egunerokoan ezinak dakartza prekaritateak, Zabalondoren esanetan: «Nahi beste gairi heltzeko ahalmenik ez, digitalizazioari soseguz heltzeko modurik ez, premia batzuk hurrengorako utzi beharra... Epe ertainerako gakoek zein izan behar duten pentsatzeko ezina. Beti atzetik joatea da hori». Hala ere, adierazi du «erredakzioetako balio propioekin» aurrera egin dutela, blokeo egoeran sartu gabe.

Komunikabide txikiek abantaila bat badutela uste du, nolanahi ere, Alea-ko zuzendariak, Aritz Martinez de Lunak: «Gure baliabideak gutxiago izanagatik, egiturak ez dira horren zurrunak; esango nuke gaitasun gehiago dugula merkatuaren beharretara, teknologia berrietara edo inguruko aldaketetara egokitzeko».

Etorkizunerako hipoteka dela egoera hau, hori uste du Astibiak: «Iraupen ekonomiak une jakin baterako balio du, baina, luzatzen bada, ondorioak larriak izaten dira. Zure indarrak irauten xahutzen badituzu, oso zaila da, ia ezinezkoa, eskaintza hobetzeko neurriak hartzea, egitasmo berriak garatzea, sustapenari dagokion denbora eskaintzea...». Baina Astibiak ere ohartarazi du hedabideak ari direla ahalegintzen.

Hutsune geografikoak

Prekaritatearen arazoarekin kezkatuta agertu da Urko Aristi; EITBko irratietako zuzendariordea da gaur egun, eta herri ekimeneko hedabideetan ere aritua —Tokikomeko lehendakaria izan zen, eta Mailope aldizkariko lehendakariordea da—. Ohartarazi du prekaritatearen gaia bideratzea dela hedabideen arloko lehentasunetako bat: «Militantziatik ez du inork jaten. Eguneroko ogia bermatuta, errazagoa izango da bestelako gauzak bideratzea».

Zailtasunak zailtasun, nabarmena da euskarazko hedabideek bide oparoa egin dutela hamarkada hauetan. Behategiaren datuen arabera, gaur egun 215 komunikabidek osatzen dute euskarazko eskaintza. Europako beste hizkuntza gutxitu batzuekin alderatuta, hedabide kopuru handia da euskaraz badakitenekin konparatuta. Herri ekimenekoak dira hedabide gehien-gehienak, izaera sozialekoak, eta tokiko esparrukoak.

Desoreka batzuk badira, nolanahi ere; geografikoak, adibidez. Herrialdeka begiratuta, nabarmena da Gipuzkoaren pisua: tokiko 150 hedabideetatik 83 daude herrialde horretan. Hutsune batzuk badira beste leku batzuetan. Bilbo da adibidea. Aristik heldu dio horri: «Erronka handia dugu. Egin izan dira ahaleginak, baina ez dugu formula asmatu. Herri ekimeneko proiektu batzuk sortu dira (Uriola, Hamaika...), baina ez dugu sendotasuna lortu. Erakundeen inplikazioa ere behar dugu».

Hiriburuak aipatu ditu Tokikomeko gaur egungo lehendakariak: «Jende askok euskaraz irakurtzen duen euskarri bakarra euskarazko prentsa da. Erronkatzat dugu euskarazko informazioa hiriburuetara ere eramatea, baita tokiko proiektu sendorik ez dagoen lekuetara heltzea ere». Kontuan izatekoa da bilakaera soziolinguistikoa: azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, hiriburuetan bizi dira 16 urtetik gorako euskaldunen laurdenak, eta uste izatekoa da datozen urteetan hazi egingo dela portzentaje hori.

Euskaldun dentsitate apaleko eremuei dagokienez, mugarria da Arabako Alea astekaria: elkar hartu zuten BERRIA, Goiena, Aiaraldea eta Geu Gasteiz Euskalduna taldeek. Euskaldun dentsitate baxuagoa duten eskualdeetan inbertitu beharrari buruz mintzo da zuzendaria. «Errazena litzateke esparru euskaldunagoetara mugatzea: irakurle gehiago lortuko genituzke, errazagoa litzateke merkaturatzea, kolaboratzaile berriak lortzea, sarea hedatuz joatea... Baina eremu ez horren euskaldunetan bizi diren herritarrei beren hizkuntza eskubideak oztopatzen ibiliko ginateke neurri batean». Alea-k berak egin behar izan du ariketa hori, Martinez de Lunaren esanetan: «Askoz errazagoa litzateke Gasteizko aldizkari bat egitea, edo Gorbeialdera eta Lautadara mugatzea, horiek baitira Arabako eremurik euskaldunenak. Zer gertatuko litzateke orduan Añanan, Arabako Errioxan edo beste eremu batzuetan bizi diren euskaldunekin? Ez al dute euskaraz bertako informazioa jasotzeko eskubiderik?». Areago, haren ustez, eremu erdaldunagoetan «sartzea» lortuta, «errazagoa» izango da besteetan eragitea.

Euskararen egoera

Hekimeneko koordinatzaileak «ezinbesteko» ikusten du pauso hori ematea, baina uste du horretarako babes handiagoa beharko luketela euskarazko komunikabideek, eremu zailagoak direlako: «Orokorrean gurean merkatuaren logikak balio ez badu, are gutxiago balio du eremu horietan».

Euskaldunen dentsitatea apala den lekuetan mugatuagoak dira euskara erabiltzeko aukerak ere, eta funtsezko rola da hedabideena. «Erabiltzeko aukerarik ez bada, hizkuntza herdoildu egiten da, gero eta zailago egiten da, gero eta gutxiago erabili, eta ohitura galdu egiten da». Sorgin gurpila.

Euskarazko komunikabideen audientziak aztertzeko baliabideak mugatuak dira: aldian behingo inkesta batzuk. Hutsune hori ere badago sektorean. Interesgarria da, hala ere, inkesta horien zeharkako azterketa bat egitea. Azkena kultur kontsumoari buruz egindako inkestan, adibidez, jaso dira hedabideei buruzko datuak ere, eta gutxi-asko baieztatu egin dituzte Jaurlaritzak 2015ean egindako ikerketaren ildo nagusiak. Alegia, euskarazko komunikabideak nabarmen gehiago iristen direla ezaugarri jakin batzuetako euskaldunengana: euskara etxean jasoa dutenengana eta euskaraz errazago hitz egiten dutenengana. Irakurtzean badago aldea.

Erraztasunean ikusten du gakoa Astibiak; erraztasuna, erosotasuna, esparru pertsonalean eta inguruan. «Norbanakoen euskara gaitasuna bermatzeko neurriak hartu behar dira hezkuntza formalean zein informalean, eta, parean, espazio euskaldunak bermatu behar zaizkie gaitasun hori garatzeko eta hobetzeko». Ezinak daude oraingoz. Siadecoren ikerketa horretako datuek agerian jartzen dute hori: euskara eskolan edo euskaltegian ikasi dutenek nabarmen gutxiago jotzen dute euskarazko hedabideetara. Kulturan ere horixe gertatzen da.

Sozializazio arazo bat dagoela diote adituek: euskara ikasi dutela, baina ez direla euskaraz sozializatu. Gazteak «kulturaz blaitzeko» premia ikusten du Zabalondok. «Eta hori ez da bi musikari eta zazpi idazleren izenak buruz ikastea». Hedabideek lagundu dezaketela uste du Astibiak, baina ezin dutela bakarrik egin. Erdarazko komunikabideek ere badute zer egina, Aristik dioenez: «Baliabide izan daitezke euskararen berri emateko eta jende horri ikusarazteko zer ari diren galtzen».

Egia da, nolanahi ere, euskaraz eroso aritzen direnen artean ere multzo zabala dagoela euskarazko hedabideetara jotzen ez duena: Siadecoren inkestak dioenez, ondo irakurtzeko gai direnen erdiek erdarazko hedabideetara bakarrik jotzen dute. Edukietan ikusten du beste giltzarria Martinez de Lunak: «Beste inon topatuko ez duten zerbait ematen badiegu, interesekoak diren edukiak, pixkanaka lortuko dugu hizkuntza ohiturak aldatzea».

Lankidetza bidean

Zailtasun horien guztien aurrean, ezinbestean agertu da kontzeptu bat mahai gainean: elkarlana. Azken urteetan urrats handiak egin dituzte hedabideek norabide horretan, eta bateraguneak sortu: tokiko hedabideek Tokikom dute osatua, eta hedabide ia guztiek Hekimen elkartean dute bilgunea. «Oso onuragarria» dela uste du BERRIA Taldeko lehendakariak, «eta hedabideen heldutasunaren erakusle». Aristiren iritzian, bat egiteak ekarri du «erakundeekin erlazioa hobetzea». Hain justu, erakundeek euskarazko hedabideei nolako babesa eman, lantalde bat abian dute Hekimen elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak.

Lankidetza handiagoa behar dela uste du, hala ere, Astibiak: «Argi dago urrats gehiago eta sakonagoak egin daitezkeela. Iraupen ekonomian murgilduta ibili beharrak ez du elkarlana errazten. Alderantziz». Elkarlana hedabide publikoekin ere landu behar dela uste du EITBko arduradunak. Pauso batzuk eman dituzte: Tokikomekin badute itun bat, Xaloaren bidez eman izan dituzte marrazki bizidunak Nafarroan... «Baina asko dago egiteko». Azken Korrikaren adibidea nabarmendu du Aristik: elkar hartuta eman zituzten euskarazko hedabideek Korrikaren hasiera eta bukaera, bai telebistan, bai irratian. «Hor dago gakoetako bat: ekimenen bueltan, mahaian biltzea».

Aldaketetarako prest

Etorkizuna zalantzaz beterik ageri da uneotan: Interneten eskutik nolako aldaketak izango diren, zer gertatuko den paperarekin, euskara etxetik kanpo ikasi dutenek zer joera hartuko dituzten... Gazteengan du begia jarria Tokikomeko lehendakariak: «Oinarrizkoa izango da gazteak erakartzea. Belaunaldi berriek kontsumo ohitura berriak dituzte. Gakoa izango da joera horiek ulertzea eta eduki erakargarriak eskaintzea». Gazteak aipatu ditu BERRIA Taldeko lehendakariak ere, baina transmisio lana ere egin behar dela dio: «Ezin dugu ahaztu nondik gatozen, zenbat koskatu zaigun, eta gazteei erakutsi egin behar zaie».

Aldaketa handiko garaiak dira, eta, Alea-ko zuzendariaren ustez, giltzarria izango da «merkatuak ezarritako baldintza berrietara malgutasunez egokitzea». Horretarako, ordea, behar da oinarri bat, lasaitasun bat, Astibiak ohartarazi duenez. «Egonkortasun hori bermatuz gero, euskarazko hedabideek jakingo dute egungo zein etorkizuneko erronkei behar bezala erantzuten». Aurrerapauso bat emateko zimenduak badaudela nabarmendu du Aristik: «Sekulako harribitxiak ditugu: sare sendoa, osagarria. Sendotu egin behar da, prestigiatu». Piztu.

BERRIAn argitaratua (2018/06/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA