gizartea
IñAKI ARRIOLA
«Alokairu eskariari erantzuteko denbora asko beharko dugu»
Jon Rejado
Espainiako Gobernuan egon den aldaketak elkarrizketa aro berri bat zabaltzen du?
Gobernu berri bat dagoen heinean, aro berri bat da. Lurra hartu baino ez du egin oraindik. Egonkortzen utzi behar diogu Espainiako Gobernuari, eta, hortik aurrera, hitz egitea espero dugu, hainbat gaitan aurrera egiteko: autogobernuan, bi gobernuen arteko harremanetan...
Gizarte Segurantza eta espetxe politiken gaineko eskumena eskatuko dizkiozue?
Jaurlaritzaren gobernu programan jasota dago falta diren eskumenak eskuratzea, eta bi horiek lehentasunen artean daude. Mahai gainean jarriko dira, baina, esan bezala, gobernuari egonkortzeko denbora eman behar diogu.
Aste honetan bertan, Eusko Legebiltzarrak Pedro Sanchezi eskatu dio urruntze politika bertan behera uzteko, eta PSE-EEk ere alde bozkatu zuen.
Uste dut badagoela aukera espetxe politika berri baterako. Testuingurua aldatu da. ETA, zorionez, gure bizitzetatik desagertu da. Keinuak egin daitezke Espainiako Gobernuaren partetik, etorkizuna eraikitzeko bake eta elkarbizitza giroan. Garrantzitsua da presoek ere keinuak egitea. Bi aldeetan egin behar dira keinuak. Eta bide horretan presente izan behar ditugu biktimak.
Eusko Legebiltzarra estatus politiko berria eztabaidatzen ari da. Posible da alderdien arteko batasuna lortuko duen testu bat adostea?
Hori litzateke egokiena. Garrantzitsua da partekatzen ditugun iritziak bateratzea. Banatzen gaituzten gaiei garrantzia ematen badiegu, nekez lortuko dugu. Testuak estatutua modernizatuko badu, eskubideak eta askatasunak bermatu, gizartea trinkotu... helburu horietan adostasun zabala izango dugu. Identitatearekin lotutako gaietan jartzen bada arreta, autodeterminazioan, ez da akordiorik lortuko.
Onartu diren Atariko Titulua eta Hitzaurrea akordiorako abiapuntu onak iruditzen zaizkizu?
Gauzak modu batean has daitezke, baina beste modu batean amaitu. Agian, une honetan, legebiltzarreko ardatz nazionalistak muturrera eraman ditu jarrera batzuk. Ikusiko dugu horri eusten dioten, edo azken txanpan malgutasuna egongo den, eta partekatzen dugun horri balioa ematen ote diogun.
Iragan igandeko giza katearen ostean, Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledunak esan zuen Eusko Legebiltzarrak erabakitzeko eskubideari erantzun bat eman beharko liokeela.
Legebiltzarrak maiz hitz egin du horri buruz. Bakoitzak modu batean ulertzen du. Garai batean, autodeterminazioa esaten zen, eta, orain, erabakitzeko eskubidea. Nazionalismoaren planteamendu bat da, independentzia lortzeko. Dena den, batetik, erabakitzeko eskubidea ez dago nazioartean onartua. Eta, bestetik, alderdi nazionalistek ulertuko dute nazionalistak ez garenok asmo horiek ez partekatzea.
Egun gutxiren buruan, EAEko Etxebizitza Legeak hiru urte beteko ditu. PSE-EEren ekimenez onartu zen, EAJren babesik gabe. Nolakoa izaten ari da lege horren garapen prozesua?
Espero dut urte honetan legea garatzeko hainbat dekretu onartzea: eskubide subjektiboa garatzen duena, Etxebiden sarbidea izateko baldintzena... Legegintzaldi honetan amaituko dugu, etorkizun hobe baten oinarria izan dadin, lege horrek aitortzen dituen eskubideetatik hasita.
Aurrekontua nahikoa izaten ari da aurrera eramateko?
Krisi ekonomikoak min egin digu guztioi. Hori esanda, etxebizitza politikaren oinarriak jarri behar ditugu etorkizunera begira. Hamar urtean asko aldatu da etxebizitza premia. Eskaria jabetzatik alokairura pasatu da. Sakoneko aldaketa da hori, eta ezin zaio erantzun egun batetik bestera. Eskariari erantzuteko ahalegina mantendu beharko dugu, denbora luzean. Europako herrialde batzuek mendeetan sustatu dute alokairua, eta, guk hamar urte inguruko bidea dugu egina.
Aurreko urteetako Etxebizitza Planen ebaluazioak begiratuta, alokairu publikorako aurreikusitako etxebizitzen erdiak baino gutxiago eraiki ziren. Ezin zen aipatu duzun aldaketa aurreikusi?
Krisiak aldaketa sakonak eragin ditu gizartean, eta etxebizitza eskariarena da horietako bat. Egia da azken plana oso urrun geratu zela alokairurako etxebizitzak eraikitzeko helburuetatik. Gogoratu behar da, ordea, krisiak bete-betean harrapatu zuela. Horrez gain, finantza erakundeen murrizketek ere eragin zuten: ez zegoen krediturik alokairu publikorako etxebizitzak sustatzeko.
Zer aukera ditu Etxebizitza Sailak alokairurako etxebizitza parkea handitzeko?
Helburua da alokairuko 22.000 etxebizitzatara heltzea 2020rako. Eskubide subjektiboa garatu ahala, herritar gehiagok izango dute lehentasuna etxebizitza bat eskatzeko. Etxerik ez badago, laguntza ekonomikoa emango zaie. Alokairu eskariari erantzuteko, denbora asko beharko dugu, eta ahalegin handia egin behar dugu. Bitartean, laguntzak eskura daitezke, alokairu bat pagatzen laguntzeko.
Elkarte batzuek jakinarazi dute eskubidea aitortua duten pertsona batzuei 250 euroko laguntza ematen zaiela, baina hori ez dela nahikoa merkatu pribatuan ezer lortzeko.
Gerta daiteke, bai. Baina horri ere erantzuten diogu. 700 pertsonari baino gehiagori esleitu zaie etxebizitza bat. Beste 2.000 inguru ari dira laguntza jasotzen, ezin izan zaielako etxebizitza bat eskaini. Azkenik, beste 1.000 baino gehiago zain daude; eskubide subjektiboa aitortu ondoren, pisu baten zain. Dena den, balioa eman diezaiegun egiten diren gainerako etxebizitza politikei: 28.500 familiak jasotzen dute etxebizitzarako laguntza osagarria, etxebizitzaren prezioaren zati bat ordain dezaten. Hori ere etxebizitza politika da.
Bizigune eta ASAP programetan Eusko Jaurlaritzak bitartekari lana egiten du, merkatu pribatuko etxebizitzak eskaintza publikoan sartzeko. Azken urteetan bilakaera handirik ez dute izan. Zer etorkizun dute?
Bizigunek aukerak ematen ditu aurrera begira, baita ASAPek ere. Azken hori zaharkituta geratu da, eta aztertzen ari gara. Bizigune etengabe gaurkotzen dugu. 2012an gobernua utzi nuenean, Bizigune programan, gehienez, 600 euro ordaintzen genizkien etxebizitzak alokatzeko uzten zizkiguten jabeei. Itzuli nintzenean, 450 euro ordaintzen genituen, gehienez. Ez dugu merkatu pribatuko burbuila handitzen lagundu nahi; dena den, jabeei eskaintzen dizkiegun beste berme batzuekin, erakargarriak izan behar dugu.
Alokairu pribatuaren prezioa jaisteko, proposamen fiskal bat aztertzen ari zarete. Nola jasoko da hori araudian?
Ezin dugu jendea behartu prezio bat jartzera. Merkatuak erregulatzen ditu prezioak. Dena den, zergak baliatuta, erreferentzia prezio bat, zentzuzko prezio bat gainditzen dutenei errekargu bat ezar diezaiekegu. Hori aztertzen ari gara. Eskumenak hiru batzar nagusienak dira, baina merezi du aztertzea, proposamenak mahai gainean jartzeko.
Konstituzionalak ebazpena eman behar du Etxebizitza Legean baliogabetu zituen artikuluen gainean. Zer etorriko dela espero duzue?
Nafarroakoak bidea erakuts dezake. Esku hartzeko aukera egongo da erakundeenak diren etxebizitzekin.
Hutsik dauden etxebizitzen gaineko kanona ere indargabetuta dago. Ikusten duzu aukerarik Espainiako Gobernuarekin horren gainean hitz egiteko?
Arazoa da ebazpenaren zain gaudela. Ea zer gertatzen den. Gai horren gainean hitz egiteko aukera egongo da aurrera begira. Horretarako, denbora behar da. Egungo gobernuak irauten badu, eta hurrengoa ere aurrerakoia bada, etxebizitza politika berrietarako aukera egon daitekeela uste dut.
Lurraldea antolatzeko gidalerroak onartzeko prozesua azken txanpan dago. Aurrekoen ildotik doazela esan izan da. Hala da?
Gobernuan sartu ginenean, lana aurreratuta zegoen. Horren gainean batasuna lortzen saiatu gara, eta administrazioen artean lortu dugu. Horrek balioa du, bere horretan.
Landa eremuari balioa ematea, paisaia kudeatzea eta babestea... Nola gauza daiteke hori? Nola bermatu?
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurraldearen %90ek ez du azpiegiturarik. Are gehiago, %20 babestuta dago, Natura 2000 sarearen barruan. Bide horretan jarraituko dugu. Euskadi eredugarria da natura ondarearen zaintzari dagokionez. Lurraldea antolatzeko gidalerroek kontuan izan behar dituzte herrialdearen garapen iraunkorraren beharrak, baina garapen horrek uztartuta egon behar du, derrigor, natur ondarearen zaintzarekin.
Aurreko giden garapena aztertzean esan izan da proiektuak gailendu zaizkiela gidalerroei.
Gidalerroek norabidea markatu behar dute. Oinarri orokor bat dira, lurralde planak eta sektore planak haren gainean garatzeko. Plan horiek ezin dira gidalerroen aurka joan.
Zaballako espetxea eraiki zen eremuan, Arabako eskualde horretako lurralde planak debekatu egiten zuen horrelako azpiegiturarik egitea. Nola lor daiteke gidalerroak lehenestea?
Printzipioz, planifikazioak eta garapenak bat egin behar dute gidalerroekin. Gerora agertu dela aurrez kontuan hartu ez den gai bat, eta horrek aldaketa bat behar duela? Gidalerroak ez dira Jainkoak esanak. Egokitu daitezke sortzen diren beharretara. Legeekin egiten den bezala, plan orokorrak aldatzen diren bezala...
Gidalerroen azken txostenean euskararen zeharkakotasuna ahulduta agertzen da, aurreko txostenarekiko. Zergatik?
Ezberdina izan daitekeen bakarra arnasguneei dagokien alorra da. Gainontzekoa mantentzen da, hitzez hitz. Arnasguneei buruz esaten zena kontraesanezkoa izan zitekeen: arnasguneak babestu, eta, aldi berean, espazio eta sareak indartzea, eta esklusibotasun espazioak saihestea. Hizkuntza politikatik hel daiteke, baina lurralde antolamendutik, nola egiten da hori?
Lurraldea antolatzeko gidalerroetan ekonomia zirkularrari ere erreferentzia egiten zaio, eta, horren barruan, hondakinen kudeaketari. Jaurlaritzak badu zerbait gehiago egiterik?
Planifikazio orokorra egitea Jaurlaritzaren ardurapean dago, baina gero eskumenak banatzen dira aldundi eta udalen artean.
Gipuzkoatik Zabalgarbira hondakinak eramango dira. Errauste planta batekin nahikoa litzateke?
Gipuzkoatik bidaltzen dena da errefusaren zati txiki bat, ez guztia. Behin-behineko konponbidea da, Gipuzkoan egiten ari diren azpiegiturak amaitzen dituzten arte. Orduan egingo duten hondakinen tratamenduak bat egingo du Euskadiko ildoekin, baita Europakoekin ere. Halaber, beste arlo batzuk izan behar dira kontuan: kutsaduraren parte handi bat garraioak eragiten du. Hau da, hondakinak garraiatzeak ere kutsatzen du.
Legegintzaldi honetan Ingurumen Sailak zenbait lege onartu behar zituen: EAEko Ingurumen Administrazioarena, Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzkoa, eta Klima Aldaketarena. Nola daude?
Lanean ari gara. Aurreko gobernuak lege orokor batean egin zuen lan, baina guk banatu egin ditugu. Lehen biak oso aurreratuta daude, eta aurten lege proiektuak aurkezteko aukera izan dezakegu. Klima Aldaketaren Legea atzeratuago doa: ea urte amaieran edo hurrengoaren hasieran aurkez dezakegun proiektua.
Legegintzaldi honetan onartzeko aukera egon daiteke?
Espero dezagun. Gure lana proiektuak aurkeztea da, eta legebiltzarrak onartu behar ditu.