astekaria 2018/06/15
arrowItzuli

bizigiro

JOACHIM FRANK

«Oso pobretuta sentituko nintzateke artea egingo ez banu»

Edu Lartzanguren

«Oso pobretuta sentituko nintzateke artea egingo ez banu»

Joachim Frank (Siegen, Alemania, 1940) fisikaria da, baina kimikaren Nobel saria jaso zuen udazkenean, mikroskopia krioelektronikoa teknika garatzeagatik biomolekulak ikusteko. Jacques Dubochet eta Richard Hendersonekin batera jaso zuen saria. Frankek garaturiko algoritmoei esker, teknikak xehetasun handiko hiru dimentsioko irudia lortzen du molekulen bi dimentsioko irudi asko uztartuta. Hortaz, fisika, kimika, biologia eta informatika lantzen ditu, literaturan ere aritzeko beldurrik izan gabe.

1970. urtean hasi zinen molekula biologikoen eta birusen egituraren irudiak lortzeko lanean. Orduan, jende askok esaten zizun ez zegoela horretan aurrera egiterik, zailtasun gaindiezin batzuk zeudelako. Zerk bultzatu zintuen aurrera jarraitzera?

Lankideek ez zuten uste nire lan ildoa bideragarria zenik. Orduko dogma zen molekulak multzo kristalizatuan egon behar zirela egitura definitzekotan. Zein da, bada, molekula bakar baten egitura? Hori zen galdera orduan. Beraz, hasieran zaila izan zen lana abiatzeko oinarri bat lortzea. Esan beharko dut eszeptizismo horrek batez ere lehen hamar urteetan iraun zuela. Baina frogatu genuenean emaitzak lortuko genituela, gero eta jende gehiago batu zen ahaleginera. Hasieran eutsi nion, hainbat kalkulu egin genituelako eta horiek erakusten zigutelako behar adina seinale egongo zela molekulak lerrokatu eta sailkatu ahal izateko. Horrek bultzatu ninduen, eta hasierako arrakastek. Talde txiki bat nuen, eta denok sinesten genuen. Gainera, morala asko indartu zitzaigun ikusi genuenean batzuk nirekin lan egitera zetozela, urte sabatikoak eskatuta. Konfiantza adierazten zuen horrek.

Zeintzuk ziren gainditu beharreko zailtasunik handienak?

Molekula bakarren proiekzioekin ari zarenean, ez daude besteei lotuta, eta bakoitzak norabide arbitrarioa du. Ez duzunean ezagutzen molekularen egitura, nola dakizu zein norabidetan dagoen? Ez duzu horren inguruko informaziorik. Orduan, metodo matematikoak eta informatikoak asmatu behar dituzu angeluak aurkitzeko eta elkarrekin lotzeko, behar adina proiekzio dituzunean denak bi edo hiru dimentsioko egituratan konbinatzeko. Beste zailtasun bat bazegoen: molekula horiek guztiek egitura bera ez bazuten, izango ote genuen sailkatzeko modurik proiekzioen itxuratik? Gure talde txikiak konponbide bat topatu zuen; oso ondo funtzionatu zuen, eta denak konbentzitu zituen. Gure ikerketak mugarria izan zuen 1980-1981 urteetan.

Helburua argi zenuen orduan, hau da, makromolekulen egitura irudikatzeko tresna bat lortzea? Edo gauzak horrela garatu ziren, besterik gabe?

Asmoa beti genuen. Erribosoma molekula hartu genuen eredu gisa, abantaila batzuk dituelako: kontraste handia du, handia da eta orduan ez zen oso ezaguna; beraz, zerbait aurkituz gero, benetan berria izango zen. [Erribosomak zelula guztietan dauden makina molekularrak dira. Proteinak sintetizatzen dituzte, DNAn dagoen informazioari jarraituz]. Puntu batera helduz gero, aurkikuntzak egingo genituela jakiteak bultzatu gintuen. Erribosoma perfektua zen.

Bakterioek proteinak nola sortzen dituzten ikusi nahi zenuen. Orain, antibiotikoei aurre egiten dieten bakterioen arazoa du munduak aurrean, eta horrek hondamendia ekar dezake. Zure lan horrek lagun dezake konponbide bat topatzen?

Mikroskopia krioelektronikoaren metodoa poliki garatu zen, eta bereizmena hobetuz joan da, baina bitartean, erribosomari dagokionez, X izpiak erabiltzen dituen kristalografiaren metodoak aurrerakuntza handia egin zuen 2000. urtean. Berehala konturatu ziren zer-nolako aukerak zeuden hortik aurrera botikak garatzeko eta bakterio erresistenteen kontra borrokatzeko. Beraz, X izpiekin dabiltzanek konpainiak sortu zituzten, antibiotiko hobeak garatzeko. Duela bospasei urte garatu zituzten superkamerak, eta laster mikroskopia krioelektronikoarekin ekarpenak egin ahalko dira antibiotikoen munduan. Bitartean, gure metodoa ekarpena egiten ari da edonon, molekula guztiei dagokienez.

Besteak beste, zika birusaren kontra erabili dute. Haurrengan mikrozefalia, burmuineko malformazio larriak eta bestelako jaiotze akatsak eragiten ditu. Nola lagunduko du zuen teknikak horren aurka?

Egituraren inguruko informazioa ia atomoen bereizmenean daukazunean, botika bat arrazionalki diseina dezakezu. Birus baten egituran azaleko proteinak interesatzen zaizkizu, trabatu nahi baitiezu errezeptoreekin lotzeko dituzten moduak. Orain, egitura ikus dezakegu, eta nola ekiten dioten antigorputzek birusen azalari. Arroilaren hipotesiaren arabera, birusek azalean arroila moduko batzuk garatzen dituzte, antigorputzek heltzerik izan ez dezaten. Hori guztia ikus dezakezu gure teknikarekin.

Artean ere baduzu interes handia. Argazkigintzan aritu zara, poesia idatzi eta argitaratu duzu, eta baita narratiba ere. Ohikoa al da hori zientzialarien artean? Zure kideen artean, esaterako?

Ez dakit. Agian ez dute horretaz hitz egiten, besterik gabe [barre]. Jende askok nahiago izaten du bi gauzak aparte gorde, baina nik ez dut sekretupean. Niretzat dena da bat.

Zientzia eta artea osotasun baten parte gisa ikusten dituzu?

Bai. Zientziek eta arteek arau ezberdinak dituzte: zientziakoak oso zorrotzak dira, eta ez nintzateke ausartuko haustera. Baina artean, noski, ez dago halako mugarik, libre zara. Oso pobretuta sentituko nintzateke artea egingo ez banu, ez banu artea neure burua adierazteko. Ez nintzateke pertsona osoa sentituko.

Biokimikan helburu argia izan duzu beti. Zein da zure helburua artean?

Neure burua era sortzailean adierazi nahi dut, zientziaren mugarik gabe. Beharbada arteak nire zientzia lana egiten du posible, horretan ez dudan askatasuna ematen didalako.

Nola aldatu du zure bizimodua Nobel sariak?

Bidaia eta elkarrizketa asko egon dira, eta gero eta denbora gutxiago nire taldearekin gauzak egiteko. Oreka bat bilatu behar dut, eta esango nuke oraindik ez dudala topatu. Baditut egitasmo potoloak, arreta eta denbora asko behar dituztenak. Ez dakit nola topatu astia orain. Hoberena Internetetik ateratzea da.

Zer ari zara sortzen orain?

Hainbat nobela ditut amaitu gabe. Astia aurkitzen dudanean idatzi egiten dut, batez ere horietako batean. Ez dago osaturik oraindik, eleberri laburra ere ez da. Beste gauza interesgarri bat dut esku artean: Mike Heller poeta oso ondo ezagutzen dut, eta eskatu zidan bere poesia alemanera itzultzeko. Hasieran «ai ene!» esan nuen, neure alemana oso herdoilduta dagoelako, batez ere hiztegia. Baina erronka handia iruditu zitzaidan gero. Itzulpen literal batetik oso urrun dago. Atsedena ematen didan lan bat da, horretarako beste garun mota bat erabiliko balitz bezala.

Artea eta zientzia batuta, zeure burua Berpizkundeko gizon moduan ikusten duzu, edo arranditsuegia iruditzen zaizu hori?

Arranditsuegia iruditzen zait. Egia da gaur jende askok oso foku estua duela. Bestalde, Internetek eta horren bidez jendeak elkarrekin aritzeko ematen duen ahalmenak Berpizkundeko kreatura asko sor zitzakeen. Baina ez dira jabetzen aberastasun hori esploratzeko dauzkaten aukerez. Hori egin ordez, Facebooken dabiltza.

AEBetako zientzialarien artean badago orain mugimendu bat Donald Trump presidenteak zientziaren aurka harturiko neurriei aurre egiteko. Hartzen al duzu parte protestetan?

AEBetan argi dugu noren kontra egin, azken boladan zientziaren izen ona zikindu nahi izan baitute. Zientziarako dirua murriztu dute, eta Ingurumena Babesteko Agentzia likidatu egin dute, nolabait esateko. Gizarte gisa, ezin dugu hori onartu. Gero eta jende gehiago ari gara protesta egiten. Lege egitasmoak bultzatu ditugu. Inoiz baino zientzialari gehiago aurkezten ari dira hauteskundeetara gaur AEBetan; oso aldaketa ona da.

Pentsatu al duzu politikan sartzea?

Ez, bizitzaren zati handi bat kenduko lidake. Gainera, ez naiz oso diplomatikoa gai politikoekin: ezin naiz isildu, nahiz eta diplomaziak hala eskatu. Pentsatzen dudana esaten dut askotan.

Zientzialariek Trumpen aurka altxatu beharko lukete?

Jakina. Ekintza asko egin dira, maila askotan. National Academyn nago, baina erakunde horrek kontu handiz ibili behar du jarrera hartzeko orduan, gobernuaren diruaren menpe baitago. Beraz, oso zaila da aldarrikapen handiak egitea.

Baina Nobel saria duzunean libreago zara iritzia emateko, ezta?

Bai, baina arriskutsua da. Aurrekoan, Espainiako gobernu aldaketaren inguruan galdetu zidaten, eta, beharbada, gehiegi hitz egin nuen [Pedro Sanchezen gobernua «ahula» eta «behin-behinekoa» izango dela esan zuen joan zen astean Madrilen].

BERRIAn argitaratua (2018/06/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA