astekaria 2018/06/15
arrowItzuli

kultura

Egunerokoa, arte bihurtuta

Ainhoa Sarasola

Egunerokoa, arte bihurtuta

Espresionismo abstraktua «elitista, hutsa eta ulertezina» zela iritzita, horri erantzunez, herritarrengandik gertuago egon nahi zuen arte mota bat hasi ziren lantzen hainbat artista 1950eko urteetan. Pop artearen mugimendua abiatu zuten, eta bestelako gaiak eta iruditeriak hasi ziren eramaten beren artelanetara: kontsumoaren gizartea, komunikabideetako irudiak, Hollywoodeko izarrenak... Ingalaterran sortu bazen ere, mugimendua laster zabaldu zen AEBetara, eta han lortu zuen proiekzio handiena. Horri buruzko ikuspegi orokor bat ematen du POP POP POP American Pop Art erakusketak. Korronte horretako bost funtsezko artistaren -Andy Warhol, Keith Haring, Robert Indiana, Roy Lichtenstein eta Robert Rauschenberg- ehun bat lan bildu dituzte Donostiako Kubo-Kutxa aretoan. Gaur irekiko dute erakusketa, eta irailaren 30era bitarte egongo da zabalik.

Eguneroko bizimoduan herritarrentzat ohikoak ziren irudiak eta objektuak baliatu zituzten artista horiek beren sormen lanetan, eguneroko objektuak arte bihurtzeraino. «Jendeak ezagun zituen irudiak izanik, artista horiei lehenago iritsi zitzaien aitortza herritarren eta zabalpen orokorreko aldizkarien partetik, museoetatik eta aldizkari espezializatuetatik baino», azaldu du Dolores Duranek, erakusketaren komisarioak. Hala, berehala zabaldu zen beren proposamena garaiko AEBetako gizartean, Gerra Hotzean eta kapitalismoaren garapen betean zena, non dena masiboki produzitzen hasi zen, Duranek gogora ekarri duenez. «Eguneroko objektuek bakanak izateari utzi zioten moduan, arteak ere izaera hori galdu zuen; hedabideekin eta produkzio masiboarekin, artea ere masibo bilakatzen da». Hain zuzen, Duranen ustez, «garai bateko behe eta goi kulturaren kontzeptua uxatzea izan zen pop artearen lorpen nagusietako bat».

Erakusketa osatzeko, aurrena mugimenduaren funtsezko artistak izan zitezkeenak hautatu zituen komisarioak, eta, gero, horietako bakoitzak landu zituen gai nagusiak islatzen zituzten obrak. Baita denek jorratu izan zituzten gaiei buruzkoak ere. Horien artean, aurrez aipatutakoez gain, beste bi nabarmendu ditu Duranek. Batetik, azaldu du guztiek zutela gogoko «arteari buruzko artea» egitea, hots, artearen historiako maisulanen berrinterpretazioak egin izan zituztela. Bestetik, sortzaile horien konpromisoa azpimarratu du, eta beren lanek gizarteari buruzko hausnarketa sakonak jasotzen dituztela. «Pop artea fribolotzat jo izan da, baina konpromiso politiko eta sozial handia zuten artista hauetariko askok».

Andy Warhol (1928-1987) izan zen artista horietako bat, eta haren lanekin abiatzen da erakusketa. Aretora sartu eta berehala, aurrez aurre, haren lanik ikonikoenetako batekin egingo du topo bisitariak: Marilyn Monroeren erretratu koloretsua da, 1967. urtekoa. Argazki batetik abiatu ohi zen artista bere lanak sortzeko -erretratuak askotan-, irudiaren ezaugarri nagusiak identifikatuz, eta kolore biziz eraldatuz ondoren. Hala egin zuen Monroeren irudiarekin, baita aldamenean dauden behien irudi koloretsuekin ere. Espazioan aurrera eginda, aulki elektrikoak protagonista dituzten bi lan daude -heriotza zigorraren aurkako aldarritzat ditu komisarioak-, eta beste lan ikoniko bat alboan: Campbell's tomate zoparen lata baten irudia, supermerkatuko paperezko poltsa batean egina. Erretratu gehiago datoz jarraian, batzuk jende ospetsuenak -Kennedy, tartean-, eta jende anonimoenak beste batzuk -fotomatoira sartzera gonbidatzen zituen, argazkiak hartu, eta gero haiek lantzeko-. Bada kontrastea egiten duen beste lan bat ere: Santa Apoloniaren erretratu bat, Piero della Francesca Quattrocentoko margolariaren lanean oinarritua, «arteari buruzko artearen» adibide modura jarri dutena.

Gune bat bakoitzari

Warholen lanei eskainitako espaziotik igaro ostean, Roy Litchensteinen (1923-1997) obretara egingo du ibilbideak. Hark ere egin zituen beste artista batzuen inguruko lanak; horren lekuko dira Van Goghen eta Picassoren omenezko bi artelan erakusketan. Baina haren obraren bereizgarri bat bada, hori komikiaren erabilera da; trazu lodi eta beltzez sortutako irudiak, Benday puntuz koloreztatuak, bunbuilotan sartutako esanak eta onomatopeiak ageri dira lan horietako askotan, esaterako, 1963an erakusketa baterako egindako kartelean. Edo bere konpromiso politikoaren erakusle den beste lan batean: Michael Dukakis hautagai demokrataren aldeko kanpainarako egin zuen kartelean. Molde horretako lanak eskegita dituen hormaren parean dago, halaber, Litchensteinen obrarik ezagunenetako bat: AEBetako banderaren berrinterpretazioa. Izarren ordez, Benday puntuak baliatu zituen artistak, eta marra horizontalen ordez diagonalak, «mundura irekiz bezala», komisarioaren hitzetan.

Hurrengo gunean, joan den hilean zendu zen Robert Indianaren lanak (1928-2018) daude ikusgai. Hizkiak eta zenbakiak dira bere osagai nagusiak. Izan ere, poeta eta idazlea ere izan zen, eta maitasunari eskaini zizkion hamabi poema daude ikusgai/irakurgai erakusketan. Non, eta Love (1966) bere obra ezagunenaren alboan. Haren konpromiso politikoa ere nabarmendu du Duranek, eta horren erakusgarri, Love lanari keinu egiten dion beste obra bat jarri dute, molde berekoa: Hope (2008) izenburupean, Barack Obamaren kanpainarako sortu zuen artistak. Kartel gehiago ere badira inguruan; denetan letrak eta zenbakiak dira nagusi.

Espazio zabal bat eskaini diote erakusketan Robert Rauschenberg (1925-2008) artistaren lanari ere, bosten artean «intelektualena eta konprometituena agian», komisarioaren hitzetan. Espresionismo abstraktutik abiatu zen, baina bere gaitegiagatik eta irudien errepikapenagatik, pop artearen ordezkaritzat hartua izan zen. Materialen «ikertzaile handi bat» izan zen, eta horren isla dira haren lanak. Proiektuen artean, AEBetako artea beste herrialde batzuetara, artea egunerokoan eskuragarri ez zuen jendearengana eramateko 1980ko urteetan garatu zuena azpimarratu du komisarioak. «Sinetsita zegoen arteak mundua alda zezakeela». Lan horietako batzuk ikusgai jarri dituzte. Bestelako lanen artean, antzinako Egiptoko kulturari zion miresmenaren isla den bat nabarmendu du Duranek: mastaba bat irudikatzen du, eta hondarrez eta paperezko poltsa batez dago osatuta.

Eta ibilbidea amaitzeko, bost artisten artetik gazteena zena utzi dute. Goiko areto batean daude Keith Haringen (1958-1990) lanak. «Komunitate alternatibo bateko kide zen, galeria eta museoetatik ihes egin nahi zuena eta arteak kalean egon behar zuela sinisten zuena». Hala, New Yorkeko metrora jo zuen berak: espazioa beltza bazen, kleraz marrazten zituen irudiak; eta zuria edo koloretakoa bazen, errotuladorez. Giza itxurako figura txiki eta kontaezinak dira bere obraren ikur, bestelako objektu eta elementuekin nahasian agertzen zituenak: animaliak, energia nuklearrarekiko erreferentziak, gailu teknologikoak... Horiei lotuta, mundua hartzen ari zen bideari buruz kezka handia zuela azaldu du Duranek, eta, hain zuzen, zibilizazioaren amaiera erakusten duten Apocalypse serieko irudiak jarri dituzte ikusgai.

Gizarte arazoekiko kezka beti agertu bazuen ere, Hiesa zuela jakin ostean, gaitzari buruz herritarrak sentsibilizatzeko lan handia egin zuen. Eta orduan sortu zuen zibilizazioaren amaiera bere modura irudikatzen duen seriea ere: energia nuklearrari lotutako irudiak, figura erlijiosoak, familiari erreferentzia egiten diotenak, artearen historiko hainbat lan... denak nahasian ageri dira koadroetan. Kontrapuntu modura, hiru begiko aurpegi berde eta irribarretsu batek ixten du ibilbidea.

Sarrerako atetik gertu, beste areto txikiago batean, pop arteari eta bost artistei lotutako argazkiak, kartelak, disko azalak, aldizkariak eta bestelako objektuak ere bildu dituzte.

BERRIAn argitaratua (2018/06/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA