astekaria 2018/06/15
arrowItzuli

bizigiro

Euskal izarrak LAn

Urtzi Urkizu

Euskal izarrak LAn

Guk ez dugu denbora galtzen egin behar ditugun gauzen inguruan hitz egiten. Guri gustatzen zaiguna egitea da». Hala esan zion Los Angelesko (AEB) ekoizle batek Luiso Berdejo gidoilari eta zinemagileari (Donostia, 1975), hirian izan zuen aurreneko bileretako batean -2006. urtean iritsi zen-. «Eta ekoizleak esan zidana egia dela frogatu dut», dio El guardián invisible-ren gidoilariak. Berdejo da Los Angelesen bizi eta zineman lan egiten duen euskal herritarretako bat. Baina badira gehiago. Iragan urrunean ere, izan ziren euskal izarrak Hollywooden: Juan Landa aktoreak (Mutriku, Gipuzkoa, 1894) makina bat film egin zituen 1930eko hamarkadan Hollywoodeko estudiorik handientzat. Aurten, 50 urte bete dira Landa Gipuzkoako hiriburuan hil zenetik, eta, gaur egun, badira haren bidea jarraitzen ari diren gidoilari, zinemagile, argazki zuzendari, teknikari eta ekoizleak.

Conchita Montenegro (Donostia, 1911-Madril, 2007) aktorea ere Landarekin batera ibili zen lanean, Metro-Goldyn-Mayer estudioetako hiru pelikulatan. Hollywoodeko abentura hasi berria zuela, Montenegrok uko egin zion Clark Gableri musu bat emateari. Lionel Barrymore zinema adituak ordu hartan Donostiako izarraz esan zuen: «Neska honek joko asko emango du». MGMren ostean, Fox ekoizpen etxearekin egin zituen hainbat film Montenegrok, baina 1935ean kontratua eten zion. Eta Europara itzuli zen. Frantzian eta Italian ibilbide arrakastatsua egin zuen AEBetako abenturaren ostean.



Howard Hawks zinemagileak Film Ideal aldizkarian adierazi zuen Hollywood okertu egin zela Juan Landa eta Conchita Montenegro ez atxikitzeagatik. Ingelesezko filmen gaztelaniazko bertsio ugari egin zituzten bi aktore gipuzkoarrek, eta Hawksek hala goraipatu zuen Mutrikuko aktorea: «George Hillen The Big House filmaren gaztelaniazko bertsioan [El Presidio, 1930] Landak jatorrizko bertsioko Wallace Beery gainditzen du, sobera gainditu ere». 500 dolar (425 euro) ordaindu zizkioten Landari pelikula horretako lanagatik.

Montenegrok eta Landak izar distiratsuekin egin zuten lan: Buster Keatonekin, Greta Garborekin, Cecil B. De Millerekin... Montenegrok Charles Chaplin ere liluratu zuen.



Landa jaioterrira itzuli zenean, oso estimatua izan zen. «Behin alkate izendatu nahi izan zuten. Oso pertsona zuzena eta zorrotza zen, eta ez zuen inoiz onartu», kontatu zuen Estanis Osinalde Landa familiaren lagunak elkarrizketa batean -Euskadiko Filmategiak 2004an argitaratutako Juan de Landa, aktorea liburuan irakur daiteke-. Koldo Izagirreren Gure zinemaren historia petrala (Susa, 1996) liburuan jasotzen denez, Landak hil aurretik hitzaldi bat egin zuen Gipuzkoako Diputazioan. «Entzun zutenek oroit dute Landaren dotoretasuna eta euskara ederra». Montenegroren bizitza interesgarria, bestalde, Mi pecado eleberrian (2018) egokitu du Javier Morok.



Los Angelesen, gaur egun



Landaren eta Montenegroren distiraren ostean, Javier Agirresarobe (Eibar, Gipuzkoa, 1948) argazki zuzendariaren argia nabarmentzekoa da. Montxo Armendarizekin eta Imanol Uriberekin hasi zen lanean Euskal Herrian, eta, azkeneko urteetan, John Hillcoat, Chris Weitz eta Woody Allen zinemagileentzat egin du lan. zHaren seme Jon Agirresarobe Los Angelesen bizi da, eta Maria Aceves ekoizlearen (Bilbo, 1979) bazkidea da La Panda Productions ekoizpen etxean -2012an sortu zuten Los Angelesen-. Robert Faganekin batera, Acevesek beste enpresa bat sortu du: Blue Hats Creative. «Hamahiru urte dira Los Angelesen bizi naizena, eta maila handiko profesionalekin lan egiteko aukera izan dut», kontatu du Acevesek. «Lehen kolpea pasatu ostean, jabetzen zara ospetsu horiek gu bezalako pertsonak direla, baina ezin direla etxetik atera ezagutuak izan gabe».

Los Angelesen egin zituen lehen pausoak ez zirela errazak izan, aitortu du Acevesek: «Hasieran, dena berria zen, ez nuen inor ezagutzen, eta bidea egitea ez zen samurra izan. Hiria munstro bat da, eta lehen inpresioa da mundu guztiak garrantzitsua ematen duela. Askok irudi bat saltzen dute, zirrara eragin dezake, baina sarri samar ez dute eskutan ezertxo ere ez».

Berdejok ohartarazi du erraza dela hiriaren fokuek edonor liluratzea. «Baina hori iragankorra da. Ulertu behar da izarrak soilik elastikoaren publizitatea direla. Errealitatean kontuan hartu behar dena, ordea, harrobi lana eta eguneroko entrenamendua da». Zinemagileak nabarmendu du Hollywoodeko istorio arrakastatsu bakoitzaren atzean lan, sakrifizio eta ogibideari osoki emandako urte luzeak egon ohi direla. «Gaur egun, berehalako ordainsariaren garaietan bizi gara. Baina zinemak ez du presa ulertzen».



Argia lantzeko euskal forma

Agirresarobe da Euskal Herriko argazki zuzendaririk entzutetsuena, baina badira Los Angelesen lanean ari diren beste batzuk. Esaterako, Juanmi Azpiroz -Emilio Estevezen eta Pierre Morelen zuzendaritzapean lan egin du- eta Flavio Martinez Labiano (Donostia, 1962). Labianok Indiana Jones and the Kingdom of the Crystal Skull filmean egin zuen lan, bigarren unitatean. «Azkenaldian, Jaume Collet Serraren filmetan ari naiz lanean, eta bereziak izaten ari dira». Iaz, Kidnap pelikulan aritu zen beharrean -Halle Berry da protagonista-. Disneyren Jungle Cruise filmaren grabazioan buru-belarri dabilela, Hawaiitik mintzatu da Labiano: «Estudio handiekin lan egiten duzunean, bermea daukazu diru aldetik eta logistika aldetik. Aurrekontu oso handiak izaten dituzte proiektuetarako, eta produktuak zabaltzen onenak dira». Disneyrekin lan egiten ari den azkeneko proiektuan hori nabaria dela uste du: «Filma prestatzeko eta grabatzeko denbora asko ematen dizute, eta hori izan ohi da garestiena». Estudio handietan zerbait txarra egotekotan, «funtzionamendu korporatiboa», aipatu du argazki zuzendariak. Oroitu du, hirira 1987. urtean iritsi zenean, Juan Ruiz Antxia Bilboko argazki zuzendaria zela zinema industrian lanean zebilen euskal herritar bakarra. Berdejoren ustez, Euskal Herriko argazki zuzendariek ospe ona dute AEBetan: «Badirudi argia ulertzeko euskal modu bat dagoela, eta Hollywoodi interesatzen zaio».



Beste alde batetik, Los Angeles hiri oso handia da, lau milioi biztanle inguru ditu. Eta bertara gazte asko iristen dira zinemaren munduan toki bat egiteko itxaropenarekin. «Gazte askok prekaritatearekin eta frustrazioarekin biziko dute egoera», azaldu du Labianok. «Kontuan hartu behar da hiriaren jatorria Mendebalde Amerikarreko boomtown-en fenomenoan dagoela oinarrituta; mea hiriak ziren, eta meatzeen jabeak ziren jendea kontratatzen zutenak. Kasu honetan, estudioak dira kontratatzen dutenak, eta herritarrak haien artean lehian daude lanpostu bat lortzeko». Berdejok, berriz, hala ohartarazi du: «Zorte kolpe batez arrakasta lortzeko zain daudenak antsietatearekin biziko dira, agian. Zinema epe luzerako xede bat behar duela izan ulertzen dutenek ilusioarekin eta lasaitasunarekin biziko dute». Asko dira jaioterrira itzuli behar dutenak, hiria garestia baita.

Acevesen iritziz, Los Angeles «bizirik irauteko» hiri bat da: «Hemen esaten dute zure azkeneko proiektua bezain garrantzitsua zarela. Erritmoa zorabiagarria da, eta beti egon behar da lanean hurrengo proiektua lortzeko. Soilik errenditzen ez direnek lortzen dute arrakasta». Ekoizleak gaineratu du funtsezkoa dela kontaktu berriak egitea, eta sektorean gertatzen ari den guztiarekin adi egotea.



Euskal Herritar gehiago ere badira Kalifornian ikus-entzunezkoen munduan lanean. Tinieblas Gonzalez zinemagile arabarra telesail baterako gidoiak idazten dabil, eta Aitor Inarra aktore donostiarrak Hemingway & Gellhorn filmean (2012) egin zuen lan, Nicole Kidmanekin eta Clive Owenekin batera. Acevesek dio hiriko euskal komunitatea ez dela handiegia. «Baina bertan gaudenok egiten ditugu ahaleginak elkartzeko. Bisitan dauden euskal herritarrak topatzea ere ederra izaten da».

Euskal Herriko profesionalek AEBetako izarrekin egindako lanaren eraginez, Euskal Herriarekiko ikusmina areagotzeko aukera dago. Berdejok 2009an The New Daughter filma zuzendu zuen, eta Kevin Costnerrek bete zuen rol protagonista. «Opari bat izan zen lankide moduan: errespetu handikoa, hurbilekoa, lanari emana. Esan zidan Donostia izan dela harentzat munduko toki bakarra iritsi zenean etxean bezala sentitu zena. Costnerren izaerak badu euskaldunetik: zintzotasun umila eta fidelitate isila».

Acevesek gomendio bat eman du Los Angelesen ikus-entzunezkoen alorrean lan egin nahi dutenentzat: «Ahal den hobekien prestatu behar zara, eta, batez ere, jende onaz inguratu. Bakarrik arrakasta lortzea ezinezkoa da».

BERRIAn argitaratua (2018/06/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA