astekaria 2015/12/18
arrowItzuli

gizartea

Adostutako %0,7tik urrun oraindik

Eskeine Legorburu

Adostutako %0,7tik urrun oraindik

Lankidetzaren Euskal Legea betetzeko asko falta dela uste du Euskadiko GGKEen Koordinakundeak. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako erakunde horrek adierazi du: «Oraindik oso urrun dugu 1970ean Nazio Batuen Erakundean hartutako nazioarteko konpromisoa: barne produktu gordinaren %0,7 bideratzea lankidetzara». Lankidetza deszentrali- zatuari begirada bat txostenean jaso dutenez, 2014an barne produktu gordinaren %0,15 bideratu zen lankidetzara Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Hala, hiru lurraldeetako aldundiek, hiru hiriburuetako udalek eta Eusko Jaurlaritzak lankidetzarako aurrekontuak murriztu egin dituztela berretsi du koordinakundeak. 2011tik 2014ra bitarteko datuak aztertu eta jaso ditu txostenean, eta atzo aurkeztu zituzten emaitzak. Jakinarazi zutenez, «krisiaren eraginez» batez beste %30 egin dute behera laguntzek 2008tik 2014ra. Hala, elkartasunarekin duten konpromisoa «indartu» dezatela eskatu die koordinakundeak hiru lurraldeetako erakunde publikoei; «lankidetzarako laguntzak bermatzea» ere galdegin du.

Sandra Fernandez Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko bozeramaileak eskari zuzena egin du: «Lankidetzarako aurrekontuei bere horretan eustea». Kopurua murrizten dutenean, berriz, «beherapen hori aurrekontu orokorrarekiko proportzionala» izan dadila nahi dute.

Txostenaren aurkezpenean eman dituzten datuak kontuan hartuta, iaz, guztira, ia 55 milioi euro bideratu zituzten erakunde publikoek lankidetzako proiektuetara. 2008an, 79 milioi euro. Aurtengorako eta datorren urterako aurreikuspen ekonomikoak ere egin ditu erakundeak, eta zehaztu duenez, «ez dira batere baikorrak». Iñaki Orube Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko Gipuzkoako ordezkariak azaldu duenez, «erakundeek behin eta berriz helarazten dituzten mezuen arabera, 2016an gaindituko dugu krisia; baina, aurreikuspenek ez dute hori islatzen, eta erakundeen konpromisoa ez dator bat esandakoarekin».

Laguntzetan aldaketarik ez

Koordinakundeak egindako kalkuluen arabera, aurten «antzeko kopurua» jasoko dute erakundeetatik; baita 2016an ere. Jaurlaritzak, esaterako, 35.526.830 euro jarri zituen 2014an lankidetza politiketan, eta aurten 40 milioi izango direla aurreikusi du. Hiru lurraldeetako aldundiak iazko datuetan mantenduko dira, eta berdin Donostiako eta Bilboko udalak ere. Koordinakundeak emandako datuen arabera, Gasteizko Udalak aurten 2.871.061 eurotik 239.563 eurora murriztuko du laguntza. 2016an, berriz, udalak 2.362.728 euroko laguntza emango duela kalkulatu du.

Ez dago gustura Koordinakundea. Abendu hasieran ere adierazi zuen bere haserrea Gasteizen egindako protestan. Orduan esan zuenez, «Jaurlaritzaren 2016ko aurrekontu proposamenak ez du betetzen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Orientabide Orokorretan 2014-2017 aldirako adostutakoa». Hala, txostenaren aurkezpena ahalbidetu zuten atzo Donostian erakunde publikoei «indarrean dagoen Lankidetzaren Euskal Legea bete dezatela» eskatzeko.

Gobernuz kanpoko erakundeek aurrekontuaren %74 kooperazio proiektuetara bideratu zuten iaz, hezkuntzara eta sentsibilizaziora %11 eta ekintza humanitariora edo larrialdi egoeretara %8.

BERRIAn argitaratua (2015/12/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA