astekaria 2018/06/15
arrowItzuli

ekonomia

Hurrengo jauzi handia

Irune Lasa

Hurrengo jauzi handia

Hurrengo gauza handia izango da biltegiratze elektrikoa. «The next big thing», ohartarazi zien Nuria Gisbert CIC Energigune ikerketa kooperatiboko zentroko zuzendari nagusiak sare elektrikoei buruzko foro batean bildutakoei. «Hori izango da hurrengo teknologia disruptiboa, eta erabat aldatuko du energiaren mundua». Miñaoko parke teknologikoko bere bulegoan, zehatzago azaldu du baieztapen hori. «Hemen dago, iritsi da». Beraz, hurrengoa ez: praktikan, jada egiten ari dira jauzi handia energiaren biltegiratzean eta, batez ere, biltegiratze elektrikoan.

Hala da. Bateria elektrikoak dituzte sakelakoek, bizikletek... Etxebizitzetarako autokontsumorako bateriak merkaturatzen hasiak dira, eta lehen auto erabat elektrikoak ere azaldu dira errepidean. «Konpainia elektrikoak ere bateriak erabiltzen ari dira energiaren sorkuntzan, transmisioan eta banaketan», dio Gisbertek. Zenbat eta ahalmen handiagoa izan, baterien abantailak ugaldu egingo dira. Argindarraren hornikuntza ziurtatzeko oso baliagarriak izan daitezke bateriak, besteak beste, inbertsio faltagatik edo dena delakoarengatik elektrifikazio eskasa eta hornikuntza segurtatzeko arazoak dituzten sareetan; adibidez, garapen bidean dauden herrialdeetan.

Eta, hornikuntza segurtatzeko modu gisa, bateria eraginkorrak oso garrantzitsuak izango dira energia berriztagarriak arrakastaz ezartzeko. Erregai fosilen erabileraren oinarria, hain zuzen, horixe da: energia biltegiratzen dutela. Berriztagarrietan, ez da hori gertatzen. Eguzki, haize edo euri faltak hornikuntza arriskuan jar dezakeela izaten da berriztagarriei jar dakiekeen eragozpen bakanetakoa. Eta ez da ahaztu behar energia horien zailtasun handiena sorkuntza eta eskaria akoplatzea dela.

Horregatik, biltegiratzearen iraultza, adibidez, autokontsumoan igarriko da. Teilatuko eguzki plakak egunez sortzen du energia termikoa edota argindarra, baina dutxa goizeko seietan nahi bada, edota telebista gauean piztu... Dekalaje hori ahalik eta gehien murrizten lagundu dute biltegiratze sistemek.

Baina, Gisberten aurreikuspenen arabera, «sareko beste tokietan ere oso garrantzitsuak izango dira baterietan lortuko diren aurrerapen teknologiko horiek. Adibidez, inbertsio berri batzuk ez egiteko. «Sare batzuk zaharkituta gelditzen direnean, linea elektriko berri bat botatzeak sekulako inbertsioak eskatzen ditu. Energia alferra da, eta beti bide motzena hartzen du, baina, batzuetan, argindar fluxuaren desbideratze batekin, biltegiratzearekin eta potentzia elektronikarekin lor dezakezu argindarra gainezka dagoen lineatik atera eta gutxiago beteta dauden sareetatik pasatzea. Eta, horrela, beste linea berri garesti bat egitea aurrezten duzu».

Bada, hala ere, sektore giltzarri bat non bateria elektrikoek sekulako garrantzia izango duten: garraioan, hots, ibilgailu elektrikoetan. Bateriak ematen baitio autonomia autoari. Eta bateria horiekin, eta batez ere etorkizuneko bateria berriekin, buru-belarri ari dira lanean 2011. urtetik CIC Energigunen.

Auto elektrikoa, bizkortzen

Automobilgintzaren inguruan, azken urteetako eztabaida nagusietako bat da ea noiz iritsiko den ibilgailu elektrikoa. Bai, iritsi iritsi da, eta Tesla autoak eta Toyotaren hibridoak dira horren erakusle. Baina noiz nagusituko dira elektrikoak autoen merkatuan?

Gisbertek argi dauka:«Uste baino lehenago». Zergatik? «Duela hiru urte, bateria paketearen kostua 1.000 euro kWhkoa zen, eta bateriak auto elektrikoaren kostuaren erdia hartzen zuen. Gaur egun, 250 euroko kWh bateria paketeak daude. Laurden batera jaitsi da prezioa. Horrek zer esan nahi du? Hemendik oso gutxira ibilgailu elektrikoak askoz ere merkeagoak izango direla». Hain zuzen, aste honetan bertan jakinarazi du Teslak ibilgailuetarako bateriak 100 dolar kWh-eko prezioan saltzea duela helburu.

Bateria berri horien ahalmena, dentsitate elektrikoa, ez da-eta aldagai bakarra haien arrakastarako. Kostua ere oso aintzat hartuko dute enpresek produktu egokiena aukeratzerakoan. Eta, horregatik, Europako Batzordeak agindu zuzena eman die energiaren biltegiratzearen teknologia berriak ikertzen ari diren talde nagusiei: urte gutxitan 2.000 ziklotik gorako eta 75 euro kWh prezioko bateriak ekoizteko gai izan behar du Europak.

Dirutza lehenak izateko

«Europak ez du galdu nahi hurrengo lasterketa» nabarmendu du Energiguneko zuzendariak. Zein lasterketa? «Erronka berriena. Biltegiratzeko teknologia konbentzionaletan, esan daiteke Europak galdu egin zuela litio ioi biltegiratzearen lasterketa». Txinatarrak eta korearrak dira nagusi bateria horien merkatuan. «Baina orain erronka berriak daude. Teknologia berriak datozela antzematen da. Hor dauzkagu litio ioi aurreratuko teknologiak; litioa ez beste materialak erabiltzen dituzten beste teknologia batzuk... Hori da Europak irabazi nahi duen lasterketa».

Eta Euskal Herria, CIC Energiguneren bitartez besteak beste, lehiakide da lasterketa horretan. Izan ere, erronka berrien artean daude egoera solidoko baterien teknologiak, hots, katodoa eta anodoa lotzeko elektrolitoa likidoa izan beharrean solidoa izango duten bateriak. Miñaoko parkeko zentroan horretan buru-belarri ari dira egoera solidoko bateriak lantzen, eta, gainera, munduko onenetakoak dira. Elektrolito solido polimerikoetan, Europako zentrorik onenetan bosgarrena dira, eta zeramikoetan, lehena.

Baterietatik likidoak kendu ahal izateak hainbat abantaila izan ditzake. «Bi, batez ere», azaldu du Gisbertek. «Abantaila bat segurtasuna da. Elektrolito likidoetan gasa sor daiteke, eta, kasu batzuetan, leherketa eragin. Bestalde, elektrolito solidoak tenperatura tarte handiagoa ahalbidetzen du, eta, beraz, errendimendu handiagoa eskaini». Horrek guztiak esan nahi du egoera solidoko bateriak egoki-egokiak izan daitezkeela ibilgailu elektrikoetarako.

Jakina, ibilgailuetarako, segurtasunaz eta dentsitate elektriko egokiaz gain, gutxienez beste bi baldintza ere bete beharko dituzte egoera solidoko bateriek, arrakastatsuak izango badira. Batetik, zikloetan iraunkortasun handia izan beharko dute, eta, bestetik, kostu txikia.

Horregatik, baldintza horien inguruan, teknologia bat baino gehiago izango dira elkarrekin. Eta horiek bilatzeko lasterketa ere abian dago: esaterako, litio sufre bateriak lortzeko, edota erredox fluxuko bateriak. «Egoera solidoko bateriak argindar eta gas zerbitzuetan erabili ahalko dira agian, baina, oraingoz, ibilgailuetarako aurreikusten dira». Horrek ez du esan nahi CIC Energigunen beste teknologia horiek ere ikertzen ez dituztenik. «Argindar sareetarako erredox fluxuko bateriek solidoek baino askoz ere energia handiagoak entregatu ditzakete. Baina haiei buruzko zalantzak ere badaude. Normalean, bateria horiek banadioa erabiltzen dute, eta elementu hori oso kutsatzailea da. Hor, beste elektrolito batzuk erabili behar dira, eta gu organikoak probatzen gabiltza».

Energigunen lehenak izan ziren sodio-ioi bateriak ikertzen. «Litioa soilik herrialde batzuetan ustiatzen da, eta, gatazka edo etenaldiren bat badago, hornidura mugatu egin daiteke, eta horrek eragina du prezioan. Sodioa, aldiz, alde guztietan dugu, gatzean, itsasoan bertan. Lehenak izan ginen katodo gisa sodioa ikertzen, eta orain talde mordoa dabiltza horretan, Australian, Txinan, AEBetan...».

Materialen inguruan CIC Energigunek duen ezagutza oso handia da. Eta euskal enpresentzat lan egiten badu ere, kanpotik ere badatozkio bezeroak zentroari, eta ez nolanahikoak: «BMW, VW, Renault, Saft, Bosch... Volvo ere ari da gurekin hitz egiten. Eta bai, ibilgailu elektrikoetan apustua egiten ari diren konpainiak dira».

Horrekin lotuta, baterien hurrengo belaunaldirako Europaren apustu garbi hori dirutan zenbatu daiteke: 400 milioi euro. Horietako batzuk Euskal Herrira iritsiko dira? «Hori espero dugu».

Biltegiratzearen inguruan punta-puntako ikerketa zentroekin, zentro teknologikoekin, baterien integrazioaren merkatuetan eta potentzia elektronikan garrantzitsuak diren konpainiekin, ez da baztertu behar Euskal Herrian gigafabrikaren bat izatea ere. Hots, bateria kopuru oso handiak egiten dituen Teslaren gigafabrikaren moduko bat. «Hori lortzea ere bada gure lanetako bat», dio Gisbertek, irribarre batekin, eta nabarmendu du Europak ere bere gigafabrikak izan nahi dituela: «Bestela, Teslaren menpe egongo gara denak».

BERRIAn argitaratua (2018/06/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA