astekaria 2018/06/15
arrowItzuli

iritzia

Pardines eta faxisten errelatoak

Hedoi Etxarte

Pardines eta faxisten errelatoak Hedoi Etxarte

Ia inork ez omen du Pardines guardia zibila ezagutzen. Terrorismoaren biktimen zentroko kapoetako baten aburuz populazioaren %1 inguruk. Zentro hori Gasteizen dago, zeren Toulousen, Hanburgon, Amersfoorten, Breendorken edota Espelanden inork halako zentro bat zabalduko balu, halako marko intelektualarekin: autoritate publikoek itxiko lukete. Estatu batzuetan, legeak daudelako; bestetzuetan, faxismoa esfera publikotik kanpo dagoelako. Alegia, Oder ibaitik mendebalderako estatuetan, demokrazia homologatuetan, ez dira diktadura militarretako, diktadura faxistetan erresistentziek hildako polizia armatuak omentzen. Salbuespenak: neonaziek egiten dizkiete omenaldiak, eta munduko demokrazien lotsarako, Oderetik ekialderako estatu batzuetan omenaldi ofizialen parte dira.

Pardines nor den egungo Alemanian esplikatuta, erraz ulertuko lukete: Hirugarren Reichean errepideetako SAko kideetako bat litzateke. Eta beraz ez, inongo demokratak ez ditu Varsoviako ghettoa zapaltzean hil ziren Gestapoko, Waffen-Ssetako eta Wehrmachteko 1.000 biktimak gogoratzen izango zituzten maitaleak, seme-alabak, gurasoak. Eta, ordea, bai, fusilak, eskuko granadak, molotov koktelak erresistentzia gidatu zuten Anielewicz, Edelman, Cukierman, Apfelbaum, Iwansky eta enparauak munduko heroiak dira Europa ekialdetik Japoniara. Eta egungo Polonian ere monumentuak dauzkate. EAE Europako demokraziaren parte balitz Txabi Etxebarrieta nor zen ikasiko litzateke eskolan, telebista publikoan ez lukete emango diktadura bateko polizia armatu baten hilketa krimen gisa aurkezten duen zentroko zuzendarien hitzik. Baina hori demokrazietan da, han garbi dagoelako «estatu subiranoaren segurtasunaren eta gizakion komunitatearen segurtasunaren artean gatazka bat dagoenean, gizakien komunitatea jarri behar dela aurretik», Norman Cousinsek defendatu zuen bezala. Han gizakia da aurrena, hemen Erregimena.

BERRIAn argitaratua (2018/06/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA