astekaria 2015/12/18
arrowItzuli

ekonomia

Desorekak mehatxatzen du giza garapenaren hobekuntza globala

Ivan Santamaria

Desorekak mehatxatzen du giza garapenaren hobekuntza globala

Giza garapen eskaseko eremuetan bizi den populazioa bi heren murriztu da azken 25 urteotan. Hobekuntza argia izanagatik, erronka ugari daudela ohartarazi du Nazio Batuen Erakundeak. «Irabazleak eta galtzaileak dituen mundua da», Selim Jahan aurtengo Giza Garapen Txosteneko egilearen hitzetan. Aberastasunaren banaketa desorekatua eta emakumeen egoera daude zuzendu beharrekoen artean.

AURRERAPENAK

Giza garapen gutxiko lurraldeetan 3.000 milioi pertsona bizi ziren 1990. urtean. 25 urte geroago, kopuru hori heren batera jaitsi da, mila milioi pertsona. Muturreko pobrezian bizi dira oraindik 836 milioi pertsona (1.900 milioi ziren 1990. urtean). Hobekuntzaren erritmoa jaitsi da, ordea. 2000-2010ko epean indizea %1,2 igo zen urtero garatzeko bidean dauden herrialdeetan, eta %0,7 baino ez 2010-2014ko urteen artean.

EMAKUMEAK

NBEko txostenak emakumearen egoerari erreparatzen dio, eta diskriminazio egoera ugari islatzen ditu. Mundu mailan, gizonek baino %24 gutxiago irabazten dute emakumeek. Zuzendaritza eta administrazio karguen laurden bat baino ez dituzte betetzen, halaber. Enpresen %32an ez dago emakume bat bera ere goi mailako zuzendaritza karguetan.

Emakumeek munduko lanari egiten dioten ekarpena gizonek egiten diotena baino handiagoa da. %52 eta %48, hurrenez hurren. Haatik, lan merkatuan gutxiago parte hartzen dute —%50 emakumeak eta %77 gizonak—, eta ezberdintasun handiagoak daude lan motaren arabera. Lan ordainduetan, gizonen parte hartzea emakumeek dutenaren ia halako bi da. Aldiz, ordainik ez duen enpleguetan emakumeak hiru aldiz gehiago dira. Zainketa lanetan proportzio handiagoa betetzen dute, halaber.

LANGABEZIA

2015. urtean 204 milioi lagunek ez dute beharrik aurkitzen. Horietatik heren bat baino gehiago —74 milioi— gazteak dira. Lanpostu bat izanik ere, 830 milioi langile txiro daude munduan. Hots, eguneko bi dolarrekin baino gutxiagorekin bizi dira. Horren haritik, 1.500 milioi langilek berme gutxiko lanpostuak dituzte.

LAN ESKUBIDEAK

Oro har, langile askok ez dute lan baldintza duinik, eta ordezkaritza edo gizarte segurantza egokirik gabeko lanak dira. Ekintza kolektiborako tresnak indartzea beharrezkotzat jo du NBEk. Batez ere, negoziazio kolektiborako eta protesta baketsuak egiteko eskubideak. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, soilik munduko populazioaren %27k du langabeziaren aurkako babes sistema egoki bat, eta horrek langileen segurtasuna eta aukerak mugatzen ditu, nabarmen. Langileen %61ek ez dute kontraturik.

DESOREKAK

Diru sarrerak, aberastasuna eta aukerak lortzeko desoreka geroz eta handiagoa dela ohartarazi dute azterketaren egileek. Hala, munduko populazioaren %80k aberastasun globalaren %6a baino ez dauka. Bitartean, heldu den urterako, munduko %1 dirudunenak aberastasun globalaren erdia baino gehiago pilatzera iritsiko dela aurreikusi dute.

Lan munduan soldatak produktibitatearen azpitik daude, eta langileek herrialdeko errentan duten parte hartzea murrizten ari da. Bitartean, soldatarik handienak dituzten langileen sarrerak asko hazi dira. Munduko elitearen %1ak adin helduko bakoitzeko 2,4 milioi euroren aberastasuna pilatua du.

HAURRAK

Mundu osoan, 168 milioi haur ari dira lanean. Ume populazioaren %11 inguru. 100 milioi mutil eta 68 milioi neska daude egoera horretan. Erdiek inguruk lan arriskutsuak egiten dituzte. Eta 21 milioi inguru ari dira behartuta. 14 milioi inguruk esklabotza egoeran lan egiten dute, eta beste 4,5 milioik sexu esplotazioa jasaten du. Legez kanpoko lan horrek 136.000 milioi euroko mozkinak ematen ditu urtero.

TEKNOLOGIA

Globalizazioa eta digitalizazioa ari dira lanaren eremua eraldatzen, abiadura azkarrean. Urtea amaitzen denerako 7.000 milioi lagunek sakelako telefonoak izango dituzte, eta 3.000 milioi lagunek erabiliko dute Internet. Haatik, teknologiaren sarbide hori ez da homogeneoa izaten ari. Herrialde aurreratuetan populazioaren %81ek du Interneterako sarbidea. Garatzeko bidean diren herrialdeetan %34 baino ez dira, eta herrialde txiroetan, %7 baino ez.

Garabidean diren herrialdeen Internet sarbidea hobetu eta aurreratuen mailara iritsiko balitz, 140 milioi lanpostu sortzea posible litzateke, horietatik 60 milioi Indian eta 44 milioi Afrikan.

DESLOKALIZAZIOA

Globalizazioaren ondorioz, lanpostuen migrazioa dago herrialde aurreratuetatik garatzeko bidean daudenetara. Zenbateko globalik ez du aipatzen txostenak, baina adibide ugari ematen ditu. Hasieran, garatzeko bidean diren herrialdeentzat mesedegarria izan da praktika hori, baina bestelako ondorioak izan ditu herrialde aurreratuetan. Portugalen galdutako enpleguaren %55 deslokalizazioari zor zaio, esaterako. Australian, Kanadan eta AEBetan lanpostuen %20-29 bitarte leku aldatzeko arriskua da, denak galtzea aukera urruna bada ere.

INDIZEA

Aurrerapen ekonomiko eta sozialak neurtzeko asmoz, bestelako neurgailuak alde batera utzi, eta Giza Garapenaren Indizea sortu zuen NBEk. Besteak beste, barne produktu gordinak herrialdeen benetako egoera ez zuela islatzen iritzita. Adibide bat Zeelanda Berria da. Per capita errentan munduko 32. herrialdea da, baina Giza Garapen Indizean bederatzigarren ageri da.

Indizeak 188 herrialde zerrendatzen ditu, guztira. Lehenbiziko postuetan ez da alderik, aurreko urtearekin alderatuz. Norvegia, Australia eta Suitza dira hiru lehenak. Erorketarik handienak Libiak —27 postu behera— eta Siriak —15 postu behera— izan dituzte. Afrikan daude giza garapenean emaitzarik eskasenak dituzten herrialde gehienak.

BERRIAn argitaratua (2015/12/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA