gizartea
Iruzurra Osakidetzan: «Arduradunek erabakitzen dute postuak nori eman»
Garikoitz Goikoetxea
Inoizko lan eskaintza handiena da oraingoa: 3.335 postu eskaini ditu Osakidetzak, eta 93.000 lagunek eman dute izena. Asteotan ari dira azterketak egiten. Aparteko gorabeherarik ez da izan orain artekoetan, baina iruzurra salatu dute medikuen espezialitate batzuetako oposizioetan. Izatez, ez da susmoak dauden lehen aldia, baina zantzu argiak daude orain.
Gutun batek sortu zuen txinparta joan den aste amaieran. Donostiako ospitaleko hodietako kirurgiako zerbitzuko buruak, Jose Maria Egañak, eskutitz bat bidali zion Osakidetzako zuzendariari, oposizioko azterketen inguruan kexatzeko. Batetik, azaldu zuen azterketa zaila zela: «Neuk ere ez nuen gaindituko». Azterketako epaimahaian dago Egaña. Bestetik, iradoki zuen ariketak filtratu egin zituztela, eta Basurtuko ospitalea aipatu zuen zehazki: «Azterketa 31k egin zuten, bostek gainditu, eta haietako lauk Basurtuko ospitalean lan egiten dute. Pelotoiko gainerakoen aldean, dozenaka puntu gehiago dituzte. Zaila da emaitza hori zoriaren kapritxoekin justifikatzea».
Angiologia eta hodietako kirurgia espezialitateko azterketari buruz mintzo da Egaña gutunean; maiatzaren 26an egin zuten, larunbatarekin, eta sendagileak asteazkenean bidali zuen eskutitza, hilaren 30ean. Sare sozialetan zabaldu zuten, eta Osakidetzak erantzun zuen espediente bat zabaldu zuela. Halere, nabarmendu zuen ez zegoela salaketa formalik, eta azterketak eduki egokia zuela.
Eskainitako postuekin bat
Ordurako, hala ere, zabalduak ziren susmoak beste espezialitate batzuetan ere. Medikuen Euskadiko Sindikatuak mezu bat zabaldu zuen ostiralean: aztertu zituela ordura arteko proben emaitzak, eta «filtrazio» arrastoak daudela. Datu horien arabera, azterketen bigarren partean daude gorabehera handienak. Kasu klinikoak jartzen dizkiete, eta horiei erantzutea da zeregina. Epaimahaiak zuzentzen ditu horiek, eta berealdiko aldeak daude. Esate baterako, anestesiologian: azterketa egin zutenen ia erdiek, 203 medikuetatik 98k, ez zuten hamarretik puntu bat ere lortu; 35ek, berriz, bederatzi puntu baino gehiago. Anestesiologian, lehen zatian ere badaude aldeak: bi medikuren probek 80 puntutik gora dituzte; batez bestekoa 40 puntu da.
LAB sindikatuak ere gisa bereko azterketa bat egin du. Espezialitate batzuetan ez du ikusi iruzur zantzurik —ospitaleko pediatria, kirurgia plastikoa eta prebentzio medikuntza aipatu ditu—, baina bai beste batzuetan. Kasu batzuk deigarriak dira oso. Hodietako kirurgian, ariketa praktikoan hiru lagunek lortu dute gehienezko puntuazioa (100 puntu), eta oso atzera dago hurrengoa (50 puntu). Espezialitate horretan, hiru postu zeuden jokoan, hain zuzen. Joera bera ageri da aparatu digestiboko medikuntzan, medikuntza nuklearrean eta beste batzuetan. Argigarria da urologiako kasua: lehen ariketan ez dago alde handirik —33 eta 64 puntu artean dabiltza denak—, baina bigarrenean hamalau lagunek lortu dute 80 puntu gainditzea. Eta, hain justu, hamalau postu zeuden jokoan. Areago, lehen ariketan punturik gehien eskuratu duenak ez du posturik lortu, bigarren ariketagatik.
Kiniela, asmatuta
Osakidetza hiru aldiz mintzatu da gaiari buruz. Egaña medikuaren gutunaren berri zabaldu ostean, ostiralean, jakinarazi zuen espediente bat ireki duela espezialitate horretako emaitzei buruz. Larunbatean, espezialitate batzuetako azterketak egiten ari zirela, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendariak ohartarazi zuen ez dutela «salaketa formalik» jaso, eta «balioa» eman zien epaimahaiei.
Eusko Legebiltzarrera iritsi zen atzo gaia. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk Osakidetzako arduradunen agerraldia eskatu dute, eta ostiralean, kontroleko saioan, galderak egingo dizkiote Jon Darpon Osasun sailburuari. Elkarrekin Podemosen agerraldian filtrazio zantzuak indartzeko dokumentu bat erakutsi zuten. Notario aurrean sinatutako agiri bat da: zerrenda dakar, nortzuentzat izango diren anestesiologiako postuak. Maiatzaren 11koa da dokumentu hori, proba egin aurrekoa. Eta asmatu egin dute: mediku horiek lortu dituzte postuak. Ez dira asmatutako kiniela bakarrak.
Osakidetzako sindikatu guztiek eskatu dituzte argibideak. Aitortu dute, halere, kontua ez dela orain sortu. «Vox populi da Osakidetzan: espezialitate jakin batzuetan hori gertatzen da», adierazi du ESK sindikatuko ordezkari Patxi Nicolauk. Izatez, sindikatuak berak notario aurrean egin zuen beste kiniela bat, eta asmatu egin du. «Ni neu joan nintzen notariotzara, informazioa pasatu zigun medikuak beldurra zeukalako».
Oposiziogileen artean testigantzak lortzen saiatu da BERRIA, baina zailtasun handiak eduki ditu: medikuek aitortu dute zer gertatzen den, baina ez dute hitz egin nahi. «Oso izututa dago jendea: zerbait esanez gero, gorriak ikusaraziko dizkizute». Hala kontatu du sendagile horietako batek. «Badakizu zerbait kontatzen baduzu ez duzula gehiago Osakidetzan lan egingo, eta beste osasun esparruetan ere ez», erantsi du beste mediku batek. Isiltasunaren alde bat da hori. Bestea, uste izatea sistema horrekin izango dutela modua gainerakoek ere. «Sistema klientelarra da: denok dakigu zer gertatzen den, baina pentsatzen dugu: 'Iritsiko da nire txanda'. Galderak lortu eta postua eskuratzen dutenak isilik geratzen dira». Mediku horren arabera, oinarrian bi argudiorekin sortu zuten sistema hori Osakidetzan: «Batetik, geureak babestea; bestetik, antzinatasuna errespetatzea. Baina lagunak ere sartzen dira».
Frogak falta
Sendagile horietako batzuk kritiko agertu dira sindikatuekin, urteotan ez dutelakoan indarrik egin horren kontra. Zailtasunak dituztela aitortu du LABeko ordezkari Bego Aranzastik: «Ezaguna da zer gertatzen den, baina frogatzea zaila da. Jendeak ez du hitz egin nahi: beldurra dago». ESK-ko kideak argudio hori bera eman du, eta erantsi du «jende asko» dagoela tartean.
Frogak falta dira, salaketa formalak. Eusko Jaurlaritzak horri heldu dio: «frogarik edo ebidentziarik» ez dagoela. Darpon sailburuak hala esan zuen atzo arratsaldean, presazko agerraldi batean: «Norbaitek irregulartasunen frogaren bat baldin badu, jar dezala mahai gainean, izen eta abizenekin». Hain justu, frogak lortzeko ezintasuna ikusita erabaki zuten mediku batzuek notarioen bidea hartzea, eta Elkarrekin Podemosen eta ESKren bidez kinielak egitea. Emaitzak ikusita, fiskaltzara jotzeko aukera aipatu du Elkarrekin Podemosek. Bide juridikoa aztertzen ari direla aurreratu du LAB sindikatuko eledunak. Darpon sailburuak adierazi du irregulartasunak frogatzen badira «berehala» eskatuko dietela «erantzukizuna» arduradunei.
Oposizioak estu hartu du Jaurlaritza. EH Bilduk «oso larritzat» jo ditu irregulartasun zantzuak, eta eskatu du prozesua eten dadila zer gertatu den argitu arte. Eskari horrekin bat egin du Elkarrekin Podemosek ere. PPk ez du eskari hori egin, baina ohartarazi du «arrazoizkoak» direla lan eskaintzari buruz sortutako dudak.
Oposizioetako prozesuak aurrera jarraituko du: Darpon sailburuaren esanetan, ez dago gelditzeko «arrazoi objektiborik». Jakinarazi du 10.000 lagun inguruk egin dituztela probak, eta 83.000 falta direla. «Arduraz eta errespetuz» jokatzeko eskatu dio oposizioari. Osakidetzako administrazio kontseiluak bilera egin zuen atzo: erabaki zuen azterketetako emaitzen «analisi sakona» egitea, emaitzak jakinaraztea, eta, behar balitz, «neurriak hartzea».