astekaria 2018/06/08
arrowItzuli

kultura

MENDE BETE IKUR

Amagoia Gurrutxaga Uranga

MENDE BETE IKUR

Apirila da, 1918koa. Errusian, Urriko Iraultza bukatu da, Vladimir Ilitx Ulianov Lenin da Errusiako Errepublika Sozialista Federatibo Sobietar jaio berriko burua, eta beharginen eta nekazarien batasunean ardaztu nahi du estatua. Ikurra behar batasun horrek, eta lehiaketa antolatu dute. Aurkeztu diren proposamenen artean, mailua darabilte askok industria beharginen adierazle gisa; nekazariena, berriz, sega, sardea, goldea, eskuarea da, artistaren arabera. Igitaia erabili du Eugeni Kamzolkinek, eta mailuarekin gurutzatu. Igitailua. Paradoxikoa da: Kamzolkin ez da komunista, familia dirudunekoa eta sakonki erlijiosoa baizik. Paradoxak paradoxa, Sobieten V. Kongresuak bere egingo du ikurra uda honetan.

100 urte betetzear da igitailua, beraz. Urte horietan zehar, munduko bazter askotara hedatu da. Ikurra, eta, besteak beste, duen esanahia. Ikurrari begira, hau dakusa Antton Olariaga diseinatzaileak: «Bi tresna. Garbi. Bakoitza bere nortasunarekin. Estetika dotore eta duinean». Igitaiaren kurba zorroztua, makotua. Mozteko eta uzta biltzeko diseinatua. «Lur azpikoa (sustraia) bere horretan utziko duena. Mugimendu malgua. Abilezia. Herio-orrazkera. Erabakigarria». Mailua. Burdinari lotua. «Sendotasuna, kolpea. Zehatz. Barruraino. Edo txikitzeko. Gogor eta indartsu. Atzera bueltarik ez». Biak ala biak, espazio baten barruan fisikoki lotuta. Heraldika klasikoan eta harmarrietan bezala. «Kapitalismoaren etsai nagusia». Diseinuaren aldetik, ongi orekatua eta deigarria. «Irakurterraza bisualki».

Estetika jakin baten ikur, azken batean. Katakrak etxearen liburuen diseinatzaile Koldo Atxagaren ustez, hala ere, estetika sobietarra kontzeptua zehaztu behar da lehenik eta behin. «Ez da berbera hasierako abangoardia artistikoa edo Stalinen garaiko Errealismo Sozialista. Nik Konstruktibismoa bereziki maite dut. 1920ko hamarkadako artista/diseinatzaile haiek industria berriaren lengoaia gordinean espresatu ziren: linea zuzena, kolore laua, geometria sendoa eta letra larria. Tradizioaren apurketa erradikalean tematu ziren». Haien aurkikuntza asko, Atxagak erantsi duenez, Alemaniako Bauhausek jaso zituen; horiengandik, Suitzako estiloak; eta, segidan, 1950eko hamarkadan nagusitu zen estilo internazionalak. «Beraz, diseinatzaile sobietarrek abian ipinitako estetika mundu osora hedatu zen, bitartekarien lana zela medio». Eta Euskal Herria ez zen, noski, aparte geratu. «Langile mugimenduak sobietar iraultza luzaroan izan du inspirazio iturri. Ibarrolaren grabatuetatik Maiatzaren 1eko karteletara, halako eragin puntua aurki daiteke».

Afixak aipatu ditu Atxagak, eta horretan aditua da Jose Inazio Basterretxea EHUko irakasle eta idazlea. Kartel politiko sobietarra: propaganda eredu baten azterketa eskripto ikonikoa izeneko ikerketa egina du, esaterako. «Estilo bat sortu zen, berria. Iraultza Sobietarraren lehen urteetako kulturgintzan bestelako jardun bat igurikatu zela esango nuke. Arte bat Elizari lotua ez zegoena, kapitalismoari atxikia ez zena, gerraren eta gosearen kontrako borroka islatu gura zuena. Herriari eskaini zitzaion artea, eta ez klase gorenei». Bide horretan, baina, tirabirak sortu ziren botere sobietarraren eta artisten artean: «Militantzia jakina ere eskatu zitzaion kulturgintzari, eta arazo bat baino gehiago ekarri zuen eskakizunak, alderdi komunistaren barne izaera monolitikoak bultzatuta». Lerrokatze behartu horrek kulturgintza berriaren izpiritua ahuldu zuen, Basterretxearen irudiko. «Baina bestelako humanismo bat erantsi zitzaion arteari, eta, era berean, borrokatzeko grina nabarmen bat: geldirik ez egoteko eskakizuna, mundua aldatzekoa».

Joseba Sarrionandia idazlearen iduriko, Alderdi Komunistako milaka militante anonimok grina horri eutsi eta «itzelezko ahalegina» egin zuten langile klasearen alde Euskal Herrian, aurreko mendearen bigarren hamarkadatik 1975era arte behintzat. «Erresistentzia antifrankistako alderdirik inportanteena izan zen 1968ra arte, eta orduan hamaika alderdi komunista ugaldu ziren, trotskistak, maoistak eta bar. Ez dakit militantzia komunistaren sakrifizioa baloratzen den. Estalinista edo azkenaldiko eurokomunista kartelitoekin, gutxietsi egiten da, eta frakasatu zutela esaten da, baina erresistentzia hura oso inportantea izan zen gizartea aldatzen joateko».

Konnotazio asko

Antton Olariagaren memorian, igitailuak konnotazio asko —zenbaitetan, kontrajarriak— hartu zituen Euskal Herriko giro soziopolitikoan, eta hitz zerrenda bat aletu du: «Kanpotarra, etorkina, onartua, eskandalagarria, arbuiatua... Gerra garaiak. Erresistentzia. Eredu. Etsai. Internazionalista. Sukurtsalista. Klase borroka. Langileria. Iraultza. Halabeharrezko langileena eta ideologikoki langiletuena». Eta horrek guztiak izan zuen isla kultur arloan. «Literaturan, kantuan, unibertsitatean...». Kantu bat jarri du adibide: Langille batek dio. Imanol Larzabalek argitaratu zuen 1969an, Michel Etxegaray ezizenez. «Langile bat naiz/ lan egiten dut/ egun guziez/ hamaika ordu/ baina nausia/ beti kexu da/ egun duguna/ ez zaio aski/ (...) Kapitalisten jokabidea/ guk langileek ez dugu nahi/ kapitalisten jokabidea/ abertzaleek ez dugu nahi/ (...) Askatasuna galdatzen dugu/ lantegietan ta aberrian», dio kantuak. Imanolen lehen diskoa izan zen hura.

Urte berean, Ibon Sarasolak Mailu guztiak eta poesia guztiak poema eman zuen argitara: «Gabriel Arestiri/ esan behar diot/ mailu guztiak/ poesia direla/ bainan ez/ poesia guztiak/ mailu». Hara hor igitailuko mailua, aurreragoko mailukada bati erantzunez. «Esanen dute/ hau/ poesia/ eztela,/ baina nik/ esanen diet/ poesia/ mailu bat/ dela». Hara hor Gabriel Arestiren kankatekoa, Harri eta Herri ( 1964) liburuko orrialdeetatik, euskal poesia poesiari berari buruz hausnarrean lehen aldiz jartzeko. «Estetika obrerista baten aldekoa dirudien deklarazio honek ikusi batean uste genezakeena baino irakurketa anitzagoa du: mailua lanabesa da eta, ondorioz, poesia tresna da, ez helburu», Koldo Izagirrek idatzia duenez.

Arestik, egia esan, bazuen esperientzia pixka bat arteak bitarteko ere bihurtzeko ahaleginetan. Arte grafikoak, poesia eta gogoeta herriratzeko eta arteetan errealitate soziala txertatzeko bokazioa zuen Bizkaiko Herri Estanpa taldearekin kolaboratzetik zetorren, esaterako. 1962an loratu zen mugimendu horretan, Euskal Harria (1967) poemariorako irudiak egingo zizkionarekin, Agustin Ibarrolarekin, kolaboratu zuen.

Komunista zen Ibarrola. Baita Aresti bera ere, askoren ustez. Angel Zelaietaren Gabriel Aresti. Biografia liburuan Vidal de Nicolasek dioenez, baina, ez zen sekula alderdi komunistakoa izan. «Eskuinarentzat, seguruenik, komunista izango zen; eta ezkerrekoentzat, erreakzionarioa. Rh- kontuak zein klase borroka inolako puntualizaziorik gabe aipatzeko gauza zen. Haren pentsamendua komunista zela uste dut, hala ere. Pentsamendu sui generis-a, nahi bada, baina komunista». Joxe Azurmendik dio, liburu berean, Arestik marxismoa ezagutu bai, baina ez zela marxista: «Oso interpretazio pertsonala ematen zion marxismoari. (..) Arestiren ideala —orduan— komunismo kristau bat zela, esango nuke. Anaitasun unibertsala, eta ez organizazio era sozial politikorik». Beste gauza bat ere esaten du Azurmendik liburu horretan, 1960ko hamarkadako bizipenetaz: «Orduko euskaltzaleok, jeneralean, komunistengandik nahiko aparte bizi ginen, adiskidetasunen batzuk salbo».

Natxo de Felipek honela azaldu zuen garaiotako giroa, Argia-ri 1989an emandako elkarrizketan: «Mundu errural eta industrialaren artean borroka latza zegoen, eta euskal erreferentziak beti oso erruralak izan dira. Erreferentziekiko haustura proposatzen zuten proposamen estetiko guztiek bazuten halako susmo txarra. (...) Eta gainera, ni euskaldun berria nintzen orduan, askoz ere susmagarriago beraz».

Arestik bazuen, baina, lurrari lotutako tradizioaren, igitaiaren, berri ere. Bernardo Atxagak Antzarak, zenbakiak eta letrak lanean jasota daukanez, «Pello Errotaren itzala bere eskuetara iritsitako euskal nobelarik onena zela azaldu zuen Arestik, eta sari bat emango ziokeela berak». Bertsolaritza maite zuen Arestik, izan ere. Jose Manuel Lujanbio Txirrita guztien gainetik. Hari buruz idatzi zuen, «baserrian poetatzaren seinale edo estigmarekin» eta «euskaldun eta proletario, artista eta langile, bertsolari komiko eta poeta sozial» jaioa zela.

'Oskorri Gaitz'

Arestiren Oskorri Gaitz (1971) ikuskari kantatu-antzeztutik hartu zuen Natxo de Felipek Oskorri izena bere musika taldearentzako. Lehenagotik ere ezagutzen zuen idazlea. Haren poema musikatu batzuk daude bere lehendabiziko kantuen artean. Elkar ezagutu orduko, elkarlanean hasi ziren, eta hortik sortu zen Oskorri Gaitz ikuskizuna, hain zuzen ere. Eta kritikak jaso zituzten. Espainolistak deitzen zieten. «Gure kontrako kanpaina hura egon zenean, Aresti ez zegoen inon militatzen, ezta ni ere. Egia esan, Arestirekin izandako harreman konstante eta luzeagatik, uste dut bera ez zela inongo partiduko militante izan sekula». 1989ko elkarrizketan, gainditutzat jo zuen liskar giro hura Oskorrikoak. «Lehenbiziko diskoa atera genuela, pixka bat behera etorri zen kanpaina hura».

Amaia Zubiria musikariak ere, ondo gogoan ditu tirabirak: «Orain, badirudi denek ezagutzen eta maite genuela Aresti, baina Natxo de Felipek eta Oskorrik egin zuten lan asko haren lana ezagutarazteko». Arestiren hitzak kantatu zituen beste musikari bat aipatu du Zubiriak: Imanol Larzabal. «Alderdi Komunistak jaso zuen Parisko erbestean, haiek lagundu zioten. Handik itzuli ostean ezagutu nuen, 1978an». Harrera nahiko txarra egin zioten hemen. «Herri txiki euskaldun eta tradizionalistetan, Elizaren eragina eta komunismoaren gaineko estigma latzak izan ziren luzez. Eta kanpotik zetorkigunaren beldur ginen, lagunak zirelakoan fronte asko sartzen zirelako, baina denek erdaraz egiten zutelako».

Mende baten bueltan

Hamaika hizkuntzatan mintzatu da igitailua 100 urteren buruan. Hamaika aldaera izan ditu. Estetikoki ere, ikur «transformista» da, Antton Olariagaren hitzetan, aurpegi diferenteak bereganatzeko gai izan delako. «Horretan ere malgua da sendotasunean. Eta denboraren tiraniapean, baita bere esanahian ere. Zeinuaren irakurlea aldatu bada, irakurketa ezin berbera izan». Debaluazioa aipatu du. Esanahiarena, adierazten duen ideologiarena, indar sozialarena, komunikazio afektiboarena. «Ez nostalgiarena, jakina».

Nostalgia hitza darabil Joseba Sarrionandiak ere, Kubatik emandako erantzunetan: «Igitaia eta mailua sinbolo politiko gogorra zen etorkizuna errepresentatzen zuenean. Gaur egun, iraganari begira ikusten denez, Kuban sinbolo nostalgiko-parodikoa bihurtu da. Euskal Herrian, nostalgiko-erromantikoa dela ematen du, erresistentziazko militantzia batek asumitzen duena oraindik, gazte aldizkari batzuetan ikusten denez». Ikonografia sobietarra Kuban turistentzako salgai bihurtu dela erantsi du: «Jende askoren gazte denbora zoriontsu galduaren irudiak dira. Miamin ere uste dut merkatu ona dutela mundu galdu horretako objektu, zapore eta usainek».

Nostalgia. Baita Jose Inazio Basterretxearen ahotan ere: «Ikurrei esanahia guk aitortzen diegu. Eta aitortza hori kolektiboa izanik ere, indibiduala ere bada. Beraz, eraldaketa gertatu da batzuentzat, eta besteentzat ez. Askorentzat esanguraren mudantza hori gertatu dela onartuta, esango nuke esangura kasurik gehienetan itxaropenetik nostalgiara lerratu dela».

BERRIAn argitaratua (2018/06/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA