astekaria 2018/05/25
arrowItzuli

bizigiro

YOLANDA COLOM

«Askok uste zuten hobeak ginela iraultzaile izateagatik»

Lander Muñagorri Garmendia

«Askok uste zuten hobeak ginela iraultzaile izateagatik»

Askoren esperientziak bildu zituen Yolanda Colomek (Guatemalako Hiria, 1947) Mujeres en la alborada liburuan (Emakumeak egunsentian). Duela hogei urte argitaratu zuten lehen aldiz, eta, orain, Pepitas de Calabaza argitaletxeak berrargitaratu du. Colomek Guatemalako EGP gerrillan izandako bizipenen berri ematen du bertan, baina berak bizi izan zuena askorekin partekatu zuela gogorarazi du. Aste honetan, Iruñean, Donostian eta Bilbon izan da liburua aurkezten.

Gerrillan bizi izandakoa kontatzen duzu liburuan. Autobiografia gisa ulertu behar da?

Hala uste du jende askok, baina zehazki ez da horrela. Nik nire ikuspegitik idatzi nuen, emakume baten ikuspegitik, eta gerrilla kolektiboetako lana aipatzen dut. Azken finean, kolektibo horietako bizitza kontatzen dut, zer bizi izan nuen han, zer sentitu nuen, zer ikasi nuen... Pertsonaia kolektibo bat topatzea izan nuen erronka.

Zergatik izan duzu liburua idazteko beharra?

Horri buruz gutxi idatzi da. Idaztea lortu zuten iraultzaile gutxi daude, lan hori akademikoek egin izan baitute maiz. Gure mugimendu iraultzaileaz ikuspegi interesgarria eskaintzen dute, baina akademikoak dira. Liburu honetan, borrokan sartutako norbaiten ikuspegia kontatzen da, bere kontraesan, lorpen, porrot eta gainerakoekin. Ikuspegi gizatiarragoa eskaintzen duela esan daiteke.

Sentimendu horiek denak izateko adina denbora eman zenuen klandestinitatean.

Bi hamarkada baino gehiago, bai. 25 urte klandestinitatean, eta horietatik 22, militatzen. Urte klandestinoak izan ziren, berezko identitaterik gabe, ur eta harri azpian bizitzen. 36 urte iraun zuen borroka horretatik bizirik atera ziren gutxienetariko bat naiz. Gehienak bidean geratu ziren, eta beste askok, nekatu, eta alboratu egin zuten borroka. Gutxiago irten ziren bizirik emozional, espiritual eta psikologikoki.

Liburu hau idaztea terapia bat izan zen zuretzat?

Bai. Ez zen hori nire asmoa, nik ikusten bainuen borroka erortzen ari zela, eta borroka hori, gutako askorentzat, bizimodu bat zen. Bat-batean erori zen, eta biziari ez diozu arrazoirik ikusten. Horren guztiaren lekukotasuna utzi nahi nuen.

Jende askok ez zuen jakin nola egin aurre egoera berriari, diozunez. Nola izan zen zuretzat?

Borroka estrategian galdu bagenuen ere, ez nintzen pertsona moduan garaitua sentitu. Ikusten nuen borrokara bultzatu gintuzten arrazoiek hor jarraitzen zutela, eta niri ez zidan lotsarik ematen galdu izanak. Okerrak egin ziren, asko gainera, eta jende askok idealizatu egin zuen gure borroka. Askok uste zuten iraultzaile izateagatik hobeak ginela, ez genuela okerrik egiten. Baina gizartearen zati bat besterik ez ginen. Gauza batek bereizten gintuen soilik: gure izatea borrokari eskaintzen geniola, gure oker denekin.

Zein oker, adibidez?

Gizartea aldatzeko prest geunden, baina generoen arteko harremanak, maitasuna ulertzeko moduan, hezkuntzan edo zaintzan ez geunden hain aurreratuak. Gauza batzuetan aurrerakoiak ginen, baina besteetan, ez hainbeste.

Iraultza barrutik hasi behar dela, alegia.

Bai, eta, zeure burua idealizatzen baduzu, izorratuta zaude. Zure kidea perfektua izatea nahiko duzu, baina, matxista dela jabetzean, tristatu egingo zara. Baina gizarte matxista bateko kideak gara! Zer nahi duzu? Borroka ildo guztietan egin behar da lan. Gizarte aldaketan saiatu behar dugu, baina bizitzako dimentsio berriak hartu behar ditugula ere jabetu behar dugu. Eta hori erronka bat da.

BERRIAn argitaratua (2018/05/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA