astekaria 2015/12/18
arrowItzuli

bizigiro

ESPERANZA MOLINA CUBILLO

«Gasteizko langabezia tasa ofiziala %23 zen etorri nintzen urtean»

Jon Rejado

«Gasteizko langabezia tasa ofiziala %23 zen etorri nintzen urtean»

Don Juan Tenorioren modukoa dela dio Esperanza Molina Cubillok (Madril, 1931). «A las cabañas baje, a los palacios subi...» (Etxoletara jaitsi nintzen, jauregietara igo...), errezitatzen du, buruz, barre artean. Madrilgo El Pozo del Tio Raimundon bizi izan zen, eta, geroago, Moncloan lan egin. Espainiako Lanaren Urrezko domina ere eman zioten 2009. urtean. Bizitzak Euskal Herrira ekarri zuen, duela 25 urte, eta, erretiratu ondoren, hemen jarraitu du.

1990. urtean etorri zinen Arabara. Zer dela eta?

Uste baino luzeagoa da horri erantzuteko istorioa. Nire aitaren aitak katedral berrian lan egin zuen; eskultorea zen. Nire aita eta osabak harro ibili dira Madrildik euskal herritarrak zirela esanez. Are gehiago, bazkari eta afarietan, apur bat mozkortzen zirenean, hemengo abestiak abesten zituzten. Euskal Herriaz nuen ezagutza mitikoa zen, kasik.

Lanagatik etorri zinen, baina.

Esan beharra dago funtzionarioa naizela, oposizioak gaindituta. 1990. urtearen bueltan, nahiko lan berezi bat amaituta, zirt edo zart erabaki bat hartu behar genuen gure bizitzen norabideaz. Familian etapa bat gaindituta genuen. Hiru semeak etxetik joanda; egun bezala kanpora joan ziren lan bila. Boadilla del Monten (Madril) senarra, alaba eta hirurok geratu ginen. Lanera joateko bi ordu luze behar nituen.

Eta nola hartu zenuen erabakia?

Bi lekura mugitzeko aukera nuen: Guadalajara edo Gasteiz. Guadalajarara mugituz gero egoera bertsua izango nukeen; lanera joateko trenez bidaia luzea etxera joateko. Bestalde, Araba zegoen. Gasteizko zenbait pertsonarekin harremana nuen, Madrilen ematen nituen ikastaro batzuetara etorri ziren pertsonekin. Senarrarekin hitz egin nuen, eta egoera aurkeztu: «Erabaki bat hartu behar dugu».

Eta erabakia zein izan zen agerikoa da.

Ikasle ohi horiek jakinarazi zidaten hemengo egoera, eta gustatzen zitzaidan proposatzen zuten aldaketa soziala. Eta hona etorri nintzen. Garai aparta izan zen. Asko gustatzen zait hiri-antropologia. Hirian gertatzen ari zen aldaketa fisikoa, eta eremu sozialaren inguruan onerako gertatzen ari zen guztia. Dena den, garai txarrak ere izan ditut.

Zein zentzutan?

INEMeko zuzendari gisa etorri nintzen Arabara. Interesgarria zen nola lehertzen zizkidaten bulegoak; modu negatiboan, baina interesgarria halere. Goizeko hiruretan dei bat jaso, eta ahots txiki batek esaten zizun: «Aizu? Txagorritxuko bulegoa lehertu dute...». Pijamaren gainean txamarra jantzi, autoa hartu, eta epailearekin hitz egitera...

Zer moduz moldatu zineten Gasteizen?

Alabak adimen urritasuna du, eta, etorri eta hamabost egunera, tailer okupazional batean zegoen. Ezin nuen sinetsi! «Ikusten duzu zein ondo egin genuen hona etortzen?», esaten nion senarrari.

Aldaketarekin pozik, baina, nola hartu zuten zure ingurukoek?

Askok ez zuten ulertu. Pentsa, emakume nagusitxo bat erretiratzeko zorian, senarra bihotzeko batetik oneratzen... Gasteizera nentorrela jakin zutenean, Madrilgo kide batzuek esan zidaten, harrituta: «Baina horrek orain arteko bizitza errotik aldatzea ekarriko du!». Eta hori zen nik nahi nuena, haientzat ulertzea zaila bazen ere.

Aldaketarekin pozik, baina INEMeko zuzendari gisa Araban topatu zenuen egoera ez zen bereziki erraza. Krisiaren eragina gogorra zen garai horretan.

Aurreko batean liburuak antolatzen ibili nintzen; egia esan, ez dakit non sartu hortik ditudan guztiak. Halako batean, orduko memoria bat topatu, eta begiratzen hasi nintzen... Etorri nintzen arte ez ziren memoriak egiten, eta erretiratu nintzenean memoriak egiteari utzi zioten. Tontakeria da esatea administrazioan ez dagoela baliabiderik; lan ikaragarria egin daiteke... Barkatu, galdu naiz, zertaz ari ginen?

Arabako egoera ekonomikoa etorri zinenean.

Egia. Memoriak begiratzen hasi, eta etorri nintzen urtean langabezia tasa %23 zen. Hori datu ofiziala; denok dakigu beste batzuk ere egon daitezkeela...

Zer alde daude orduko krisiaren eta gaur egungoaren artean?

Ez dago alderik. Beti ibili gara berdin, garai bat kenduta, non amestu baikenuen aberatsak eta europarrak ginela. Ordea, garai batean baino okerrago prestatuta gaude. Batzuentzat onak izan ziren urteak etorri ziren, eta aberatsen ohiturak hartu genituen.

Lanaren eta enpleguaren artean bereizketa egiten duzu. Zergatik? Zein da aldea?

Lana produktu batean amaitzen da, dela materiala, dela kulturala, dela espirituala... Enplegua, berriz, zeure burua alokatzea da. Dirua lortzea, azken batean. Bizitzan hamaika enplegutan ibili izan naiz. Aldiz, garai batean lan bat behar nuela erabaki, eta oposizioak egin nituen. Aurretik, edozein modutan irabazten nuen dirua.

Adibidez?

Garai batean, senarra eta biok Amerikako estatubatuarrentzat tesiak idazteaz bizi izan ginen.

Barkatu?

Bai ba! Koreako gerratik lizentziatuta itzultzen ziren soldaduak Konplutentsera joaten ziren, gobernuak laguntza handia ematen zielako. Etortzen ziren, senarra eta biok tesia prestatzen genien, makinaz idatzita ematen, haiek izena jarri, sinatu, eta etxera itzultzen ziren doktore tesia eta guzti. Ezkutuko idazleei buruz hitz egiten dutenean barregura sartzen zait; beste batzuek sinatu dituzten zenbat liburu idatzi ditudan ezin jakin! Eta hori, adibidez, enplegua da...

Interesgarria egiten duzun banaketa...

Horregatik arreta jartzen diet politikarien diskurtsoei, ea zer esaten duten: enplegua edo lana. Hori bera hausnartu daiteke ikasketez hitz egiten denean. Batzuek diote ikasketa batzuek ez dutela laneratze errazik. Zer nahi duzu, baina? Jakin edo jan? Janaria lortzeko edozer enplegu egin daiteke, betiere buruan izanda noizbait lan egiteko aukera izan dezakezula. Enplegura mugatzen bazara... akabo.

1950ean antropologia ikasi zenuen. Ordea, zenbaitek esan zizuten horrek ez zuela ezertarako balioko...

Familiako emakumeek esan zidaten hori: amak, amonak... Garai horretan haiek modernoak ziren, baina... Are gehiago, amak hainbatetan leporatu dit ezkondu nintzela arrautza bat ere egiten jakin gabe. Eta arrazoi osoa zuen! [Barre egin du].

Nolakoa zen garai horretan unibertsitatean ikastea?

Denetarik entzun behar genuen. Eserlekuak berotzera joaten ginela, gure asmo bakarra bikotekidea lortzea zela... Oso orokortua zegoen, eta ez genion garrantzirik ematen. Dena dela, zehaztu behar da garai horretan ez zela Antropologia deitzen.

Zergatik?

Antropologia teologiarekin kontrajarrita zegoen, mundua ulertzeko modu gisa. Garai hartan oso bizia zegoen bilakaeraren eztabaida... Filosofia ikasten genuen.

Eta ikasketak amaitzean ezkondu zinen unibertsitateko kide batekin, ezta?

Orduan zirikatu ninduen amak, tituluaren papertxo bat izan arren ez nekielako ezer egiten.

Eta ezkondu eta berehala bizitzera joan, nora, eta El Pozo del Tio Raimundora; Madrilgo kanpoaldean landa eremutik joandakoek sortutako txabola auzora. Nolakoa zen?

Ez zegoen argirik, ez urik, eta zorua lurra zen; hau da, neguan lokatza zen dena. Anbulantziak ere ez ziren sartzen, ezta hildakoak hartzeko autoak ere. Lehen semearen erditzea gogorra izan zen; auzotik aulki batean atera ninduten, Madrilera eramateko.

Eta zergatik joan zineten auzo horretara?

[Poltsa hartu du, zorroa ireki, eta argazki bat bilatu du; zuri-beltzeko argazkian mutil gazte bat ageri da, zigarroa pizten] Gizon puska honengatik joan nintzen ni hara [barre egin du]. Ez esan nahiko arrazoia ez denik, e? [Barre egiten jarraitu du]. Kristoren tipoa da; gaur egun ere, 80 urtetik gora dituelarik ere!

Hortaz, senarragatik joan zinen hara?

Kooperatibismoarekin lotutako gaiak lantzen hasi ziren unibertsitateko taldeko batzuk. Pozo del Tio Raimundora joaten hasi ziren. Hasieran, bisitak ziren; gero, auzoarekin lotzen hasi ginen; eta, azkenean, hara bizitzera joan ginen. Zuzenbidea ikasitako senarra igeltsero bihurtu zen.

Nola hartu zuen familiak hara joatearen ideia?

Altzariak oparitu zizkiguten ezkonberritan, eta, etxea ikusi zutenean, atzera egin zuten. Are gehiago, altzari dendaren arduradunak ere uko egin zion bere altzariak gure etxean jartzeari! [Barre egin du, baina segituan serio jarri da]. Hori izan zen hasiera, baina gero heldu zen garai latza.

Zergatik?

Ni bakarrik, lau pareta baino ez zituen etxe batean. Ez urik, ez argirik, liburuetatik urrun... Garai txarra izan zen. 32 kilo ere pisatu nituen. Amarenganako gorrotoa ere sentitu nuen; esaten zidan: «Zikin, zatoz... Ze lotura izango du ba leku pobre batean bizitzeak garbitasunarekin?». Barrenak mugitu zitzaizkidan, eta gogoratu nuen hori bera pentsatzen nuela nik. Garai horretan bi pertsonak eman zidaten bizia; haiengatik ez balitz neure buruaz beste egiten amaituko nukeen. Lehena Paca izan zen, bizilagun bat.

Nor zen?

Andaluziako emakume bat. Ikusgarria. Kementsua. 1,80 metro luze zen... eta 1950eko hamarkadaz ari naiz! Sukaldean lehen sua egin nuenean kea atera zen bazter guztietatik. Etxean sartu zen Paca: «Etxea erre nahi, ala?». Nahas-masa konpondu, eta, eskuak gerrian jarrita, bota zidan: «Ea, neska, zuri zer irakatsi dizute?». Inoiz egin didaten galdera zentzuzkoena izan zen. Eta zer erantzun jakin gabe geratu nintzen, lizentziaturaren papera paretan zintzilik. Hark irakatsi zidan han bizitzen.

Bigarren pertsona nor izan zen?

Ikastea asko gustatzen zitzaidan. Irakurtzea. Ikasi nuena oso gustuko nuen. «Zer egiten dut hemen sartuta?», galdetzen nion neure buruari han sartuta. Egun batean ume batzuk sartu ziren etxera. «Ministro bat etorri da zutaz galdezka», oihukatu zidaten. Kalera atera, eta han ikusi nuen: Manuel Ballesteros Gaibrois fakultateko katedradunetako bat auto dotore batetik jaisten, txoferrak lagunduta.

Katedraduna?

Katedradun horren begikoa nintzen unibertsitatean. [Barre egin du]. Eskaintza bat egin zidan: unibertsitatera irakasle ez-numerario gisa itzultzea, haren ikasgaian. Hartara unibertsitatera joan, eta berriro ere irakurtzen hasi beharko nuke. Are gehiago, tesirako ideia ere eman zidan. Boliviako tribu batekin egitea nuen buruan, baina begiak ireki zizkidan. El Pozo del Tio Raimundorekin egin nuen doktore tesia.

Hortaz, kokapen horretan aurkitu zenituen zure salbatzaileak.

Hala da, eta ohartu zaitez bi muturretako pertsonak zirela. Hortik aurrera lana biderkatu zitzaidan, baita gogobeteago bizi ere. Eta ordutik oposizioak atera nituen arte, hamaika gauzatan aritu izan naiz.

Hasieran aipatu duzu «nahiko lan berezi» batean aritu zinela... Moncloan aritu zinen tarteaz ari zara?

[Barre egin du] Ezin da ezer ezkutatu!

Muturreko pertsonak aipatu dituzu lehen. El Pozo del Tio Raimundotik Moncloara aldaketa handia da. Nola gogoratzen duzu Moncloako garaia?

Gezurra ematen badu ere, garai horri buruz apenas dudan ezer kontatzeko. PSOEren txartela daukat, ez dut zertan ezkutatu. Aholkulari nengoen kabinete batean. Ordea... Gehien gogoratzen dudana da lehen egunetako batean, komunetik aterata, Felipe Gonzalezekin topatu nintzela korridorean. Zur eta lur geratu nintzen! Garai hartan Felipek txunditzeko gaitasuna zuen...

Amaitzeko, erretiroa hartu arren ez zara gelditu. Besteak beste, Esperientzia Geletan irakasle izan zara, Gasteizen bertan...

Hara joaten ziren pertsona horiek miresten nituen. Bizitza gogorrak gaindituta ikasgeletara itzultzea... Dena den, egunik gogoratuko badut 2004ko martxoaren 11 da. Madrilgo atentatuen ostean, El Pozo del Tio Raimundoko geltokian tren batek eztanda egin ondoren, lur jota joan nintzen klasera. Ikasgelan sartu, eta han zeuden 60 pertsonak, zutitu, eta txalo zaparrada beroarekin hartu ninduten...

BERRIAn argitaratua (2015/12/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA