astekaria 2018/05/25
arrowItzuli

kirola

Hauspoa da sekretua

Imanol Magro Eizmendi

Hauspoa da sekretua

Nekaezina da». Harridura Etor Mendiarena da, Asegarceko prestatzaile fisikoarena, eta Aimar Olaizolaz mintzo da. Bost urte dira Mendiak enpresako pilotarien prestaketa fisikoaren lema hartu zuela, eta taldeko zaharrenak txunditua du. «2013tik 2018ra Olaizolaren ahal fisikoak ez du okerrera egin. 35 urtetik aurrera gainbehera etortzen zaie intentsitate handian jarduten duten kirolariei, nahiz eta asko zaindu eta entrenatu; berezkoa da bertute horiek galtzea. Baina Olaizolaren kasuan, oraingoz, hori ez da gertatu». Bixente Artola masajistak eta Iñigo Simon enpresako medikuak Olaizolarekin duten harremana lehenagokoa da, eta biek goratzen dute haren lan etika. «Olaizolak asko zaindu du bere burua, kilometro eta ordu asko dira horiek. Pilotari ona izateaz gain, oso profesionala izan da bere diziplinan, eta horregatik dago horrela ia 39 urterekin», esan du Artolak.

Olaizolak hogei urte daramatza profesionaletan, eta igandean, bere ibilbideko buruz buruko hamargarren finala jokatuko du. Finalik handiena jokatzen duen pilotari zaharrenetan hirugarrena izango da 38 urte eta zazpi hilabeterekin. Zaharrenak Atano III.a eta Retegi II.a izan ziren, baina, Simonek dioen bezala, «egungo partiden eta entrenamenduen abiada izugarria da, eta ez du zer ikusirik garai haiekin». Artola 2003an hasi zen Olaizolaren gihardura zaintzen, Ruizen aurkako finalean besoko zuntz haustura larria egin aurretik elkar ezagutu zuten. Urte hartan, Artola Frantziako Tourrera joan zen Bianchi Lars Ullrichen taldearekin, eta hartaz geroztik ia astero izan du Olaizola bere kontsultan. «Odolean darama pilota; lehenbizi dohainak behar dira, argi dago, baina Olaizolak bere burua zaintzen duen bezala zaintzeko, pilota odolean behar duzu. Orain duela bi urte, askok lurperatu egin zuten, kolperik ez zuela-eta esaten zuten. Nik esan nion: 'Bai zera, Aimar! Bizitza osoan zaindu duzu zeure burua, eta puska baterako soka gelditzen zaizu', eta begira orain non dagoen».

Simonek ez du ezkutatu Olaizolarekiko debozioa. Artolaren eta Mendiaren hitzak on egin ditu, urte osoan pilaturiko datuetan oinarrituta. «Olaizolak sekulako hauspoa du; iraupen luzeko pilotaria da. Zintan orduko 18 kilometrora korrika jarri, eta zurekin hizketan dabil. Beste batzuk orduko 14,5era itota doaz». Baina pilota ez da atletismoa. Simonek azalpena eman du pilotalekura eramanez. «Leheneratzeko ahalmen handia du, eta frekuentzia kardiako handietan eroso ibiltzen da. Badago 140 edo 150 taupadatik pasatzen ez den jendea; Olaizola, berriz, aise igotzen da. Eta, gero, minutu bat ematen badiozu, tanto eta tanto arteko tartea esaterako, geldikako taupadetara itzultzen da. Horrek harreman zuzena du aurkariak baino hobeto bukatzeko ahalmenarekin».

Mendiak xehetasun gehiago eman ditu. «Oso ona da pilota astintzeko keinua duten desplazamenduetan, eraginkorragoa da. Kolpe bakoitzean besteek baino indar gutxiago gastatzen du; pilotakadak eragin txikiagoa du Olaizolarengan, desgaste txikiagoa. Zazpi-zortzi pilotakada jo ditzake. Hor esperientziak ere eragiten du, noski, kalitate teknikoak eta urteetan pilaturiko oinarriak». Hirurak bat datoz urteekin agian freskotasun pixka bat galdu duela; Olaizolak berak ere onartu du «txispa» gutxiago duela, baina hauspoak beste arma bat eman dio: «Ez du partida gogortzeko beldurrik. Tanto bakoitza lantzen du, presarik gabe, aukera onari itxaroten dio, bitartean aurkaria higatuz doalako. Duela bi urte esaten zuten buruz burukorako onenak emanda zegoela, baina ez da egia. Edozeinen aurka lehiatzeko gai da».

Hauspo hori aldagai askoren ondorio da: entrenamendu errutina, zaintza, elikadura... «Eguneroko obligazioak zorrotz daramatza, inork behartu gabe. Entrenamendua, atsedena, orduak, jana...», azaldu du Artolak. «Begira, eredu bat, elikadurarena oso garrantzitsua da. Pilotariek gonbidapen asko jasotzen dituzte kanpoan bazkaldu edo afaltzeko, eta tentazioa dira. Alde handia dago etxean jatearen, zainduz, eta egunero kanpoan jatearen artean, eta Olaizolak hori asko zaindu du beti. Kirolari profesional bizitzan xehetasun txiki asko zaindu behar dira, eta ibilbide luzeak horien ondorio dira».

Mina jasaten jakin

Minaren eta pilotaren arteko lotura estua da. Pilotariak mina jasaten jakin behar du. Jokoaren beraren oinarrian dago pilotak eskuan egiten duen mina. Artolak ere min pixka bat eman dio masajeekin urte hauetan. «Baina ona da masaje gogorrak jasaten. Badaude min handia ematen duten masajeak, eta jasaten ditu. Giharreria gogorra du, gauza bera hogei urtean egitearen ondorio». Gogorra dela, alegia. Simon memorian bila hasi da. «Mina jasateko ahalmen horrek ere badu alde txarra, min pila bat duzun arte ez zarelako gelditzen, eta horrek leheneratzeko prozesua zailtzen du. Olaizolari hamabost bat patologia ezberdin gogoratzen dizkiot: tendinitisa sorbaldan, lepoko arazoak... eta partidarik utzi gabe jasan ditu».

Horren eredu izan da azken urtea, oinazpiko fasziitisarekin gorriak ikusi baititu. «Min handia pasatu du», dio Simonek, «partidetan tantoa bukatzean errenka itzultzen zen. Erresonantzietan ikusten zen fasziako gaitza, eta egun, baliabide asko ditugu, baina hori sendatzeko modua gelditzea da, eta ezin zen». Artolak ere badaki. «Pilotalekuko zorua gogorra da, izerdia, beroa, azal urratuak... Badu bere masajea, baina min txarra da hori». Gaitz horrekin asteko lana ere mugatzen da. «Olaizola, izan ere, enpresaria ere bada, eta enpresak jokatzeko esaten badio, eta agian sasoi betean egon ez arren, jokatu egiten du. Baina teknikoki hain da dohatsua, ondo ez egonda ere maila ematen duela», zehaztu du Mendiak. Eta entrenatu? Hor ere komeriak. «Lan guztia ez da indarra, prebentzio lana ere egiten dugu, propiozepzioa, bosua...». Azalpenaren muina zein da? Bada, binakako txapelketa ia osoan Olaizola ezin izan dela entrenatu oinazpiko arazoarengatik. «Baina sendatu da, eta manomanistarako entrenatu ahal izan da; orain, urteko sasoi puntu onenean dago», goratu du prestatzaileak.

Mendiak pasadizo polita du Olaizolarekin. «2013an, Asegarcerekin hasi nintzenean, multzoan Aimar izango nuela esan zidaten. Saldu zidaten beteranoa zela, ibilbideko azken urteetan zegoela, ez kezkatzeko, hari uzteko berea egiten... gazteengan zentratzeko alegia. Duela bost urte! Eta oraindik Olaizola da onena. Lesiorik ez badu, kontratua bukatu arteko urteak maila handian egingo dituela ziur nago, arlo fisikoari dagokionez behintzat bai». Beste anekdota on bat ere badu. Mendiak, iritsi berritan, material eskaera egin zuen lanerako, eta han agertu zitzaion Olaizola bosu batekin [gimnasia aparailu bat da, erditik mozturiko baloi baten itxurakoa]. Etxean hura erabiltzen zuela-eta, aproposa izan zitekeela lanerako. Ordurako berak erabiltzen zuen. Ezaguna da Olaizolak aspaldi duela talka-uhin makina etxean, eskua zaintzeko. «Autoa baino lehenago erosi zuen».

Olaizolak asko irakatsi diola dio Mendiak. «Teoria eta praktika beti batera ez doazela erakusten dizu, adinarekin eutsi dakiokeela sasoiari». Lan multzoan eredu da, eta hori garrantzitsua da, prestatzailearen ustez. «Berak ariketa bat egiten badu, gazteek ere egingo dute, eredu hartzen dutelako, eta alde horretatik inoiz ez dut esperientzia txarrik izan. Baina badaude ñabardurak, esaterako, erresistentzia ariketak egitean, Olaizolak eutsi egiten dio; gazteekin, berriz, gabezietako bat da, ez dutelako hainbeste eusten. Partidetan ere ikusten da, gazteak goizago betetzen dira».

Bi lesio larri

«Olaizolak, fisikoki, ez du puntu ahul handirik. Minak asko, baina ez puntu ahulik, hori da hogei urtez irautearen arrazoietako bat», laburbildu du Simonek. Ahulunerik ez, baina lesio larriak bai, bi hain zuzen: «Besoko zuntz haustura izan zuen 2003ko buruz buruko finalean, eta belauneko lotailuak hautsi zituen 2010ean». Bietan ondo osatu zen, sei hilabeteko etenaren ondoren. Artolak ondo gogoan du aurrenekoa: «Ez jokatzeko esan nion, hautsi egingo zela, baina... Ondo sendatu zen, baina masajea ematean nik antzematen diot non egin zuen haustura. Handia izan zen. Orain kozkor bat du; giharra beste modu batera osatzen da». Simonek ere ez du ahaztu lesio hura: «Nik ere izan nuen erruaren zati bat. Ekografian osatu zela ikusi, eta jokatzera bidali genuen, indartu gabe. Arriskua zegoen, baina finala zen. Eta, gero, hautsi egin zen: ubeldu handia, itsatsi egin zitzaion...».

Zuntz hausturaren oroitzapen hobea du medikuak. «Zenbat aldiz egingo zuen Gasteizerainoko bidea Olaizolak? Paziente perfektua da. Tira, horretarako pilotariak onak dira, behar adina aldiz mugitzeko prest daude». Artola ere ez zebilen urrun. «Gogoan dut Gasteizera bost edo sei egunez joaten zela, sei eta zortzi orduko lanaldiak. Eta egunen bat libre bazuen, etxean jarduten zen bere kasa, edo niregana etortzen zen. Halakoetarako gutxi bezain ona izan da Olaizola». Lesio hura osatu eta hiru hilabetera binakako txapeldun izan zen.

BERRIAn argitaratua (2018/05/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA