astekaria 2018/05/25
arrowItzuli

iritzia

Gerraren aurkako emakumeon nazioarteko eguna

Irantzu Mendia Azkue

Gerraren aurkako emakumeon nazioarteko eguna

Maiatzaren 24 honetan ospatzen den Gerraren Aurkako Emakumeon Nazioarteko Egunean ezinbestekoa egiten da feminismo antimilitaristaren ekarpenak euskarri izanik gaiari buruzko hausnarketa bat egitea. Are gehiago maiatzaren 26an ospatuko den Espainiako Indar Armatuen eguna dela hasiak garenean komunikabide estatalen bidez horien aldeko publizitatea jasotzen.

Militarizazioak eta horrek bere hedapenarako beharrezkoa duen militarismoak zuzen-zuzenean eragiten dute emakumeen kontrako indarkeria handitzean eta genero-rol tradizional eta hierarkizatuenak sendotzean. Doktrinamendu militarrerako eta guda bera posible egiteko, armadek muturreraino eraman behar dute maskulinitate mota bat funtsean bortitza, bertikala, erasokorra, autoritarioa eta misoginoa dena, eta aldi berean muturreraino eraman behar dute emakumeen eta feminitatearen irudikapen sozialik arkaikoena: behar gaituzte biktimak, ahulak, pasiboak, babestu beharrekoak, betiereko adingabeak eta helburu militarren araberako objektu instrumentalizatuak.

Armada sakonki patriarkala den instituzio soziala dela aspaldi salatu du feminismo antimilitaristak. 1995ean Beijingen ospatu zen Emakumeei buruzko Munduko Laugarren Konferentziak espresuki aipatu zuen militarizazioaren eta emakumeen eskubideen urraketaren arteko erlazioa, eta gastu militarraren eta armen ekoizpen eta merkataritzaren ondorio kaltegarriak emakumeentzat. Nazioarteko kontsentsu horretarako konpromisoak sakondu beharrean, Estatuek kontrako norabideak jarri dituzte haien politikak eta aurrekontuak.

Batez ere 2001 urtetik aurrera eta Estatu Batuek bultzatutako «Terrorismoaren aurkako Gerra Globalaren» aitzakian, badira hamarkadak elite ekonomikoen politika neoliberalen kontra jartzen den pertsona, kolektibo edota herri oro etsai bihurtzen dela elite horien zerbitzuan lan egiten duten Estatuen begietara. Testuingu honetan, emakumeen eskubide aldarrikapenak sendotzeko eta haien kontrako indarkeria desagerrarazteko baliabideak jartzea lehentasuna izatetik oso urrun geratu da.

Militarizazioaren gorakadak dakar, besteak beste, indar armatuetako kideen kopuruaren igoera, Estatuen gastu militarraren igoera, segurtasun enpresa pribatuen hedapena aurrekontu publikoei esker eta segurtasun zibilaren militarizazioa (azken hori Europan gero eta sarriago ikusten ari garelarik). Joera hori bereziki kezkagarria da kontuan hartzen badugu Estatuena dela emakumeen giza eskubideen urraketengatiko erantzukizunik handiena nazioarte mailan, bai gatazka armatuetan, bai errepresio eta okupazio testuinguretan (Txiapas, Mendebaldeko Sahara eta Palestina kasu).

Militarizazioarekin batera ezin dugu ahaztu militarismoak dakarkiguna. Nazioarteko Harremanen diziplinatik Cynthia Enloe ikertzaile feministak hala definitu zuen militarizazioa: zerbait Armadaren erakunde gisa edo irizpide militarren kontrolpean, edo haren mende, edo hark ematen dion balioaren araberakoa izatera igarotzen deneko prozesua. Gainera, ohartarazten zuen hainbat mailatan gertatzen den prozesua dela, herri-kultura eta egunerokoa blaitzen dituelako.

Honek berreskurarazi egin behar digu Antonio Gramsciren hegemoniaren ulermena. Gramsci saiatu zen dominazio kapitalistaren mekanismoak ezaugarritzen, eta haren ondorioetariko bat honako hau izan zen: dominazio hori ez dela soilik gertatzen eliteek duten ekonomiaren kontrolarekin, ezta daukaten Estatuaren kontrola dela eta (bere errepresiorako ahalmen guztiarekin), baizik eta baita elite horiek gainontzeko jendartean lortzen duten lidergo kulturalagatik ere.

Azterketa feministek erakusten digute kapitalismoak bere sostengurako behar duen logika militaristak, inposizio eta menderatzearekin identifikatzen den, eta indarkeriarekiko, armekiko eta gizontasun misogino mota batekiko kultua gailentzen den testuinguru kulturalak konkistatzen dituela eta haietan aurkitzen duela adierazpidea. Euskal Herrian ere izan dezakegu prozesu honen funtzionamendua identifikatzeko erronka. Hau egiteko geure buruari galdetu ahal diogu adibidez: militarizazioaz gain militarismoak gure herri-kultura eta egunerokoa blaitzen al ditu? Eta hala bada, nola? Militarismoak zein testuinguru kultural dauzka konkistatuta gurean? Adierazten al da eta nola gure artean biolentziari kultua? Eta armekiko kultua? Nolakoa da nagusitzen den gizontasun eredua euskal jendartean?

Galdera mota horiek feminismo antimilitaristak nazioartean mahai gaineratu izan ditu indarkeria, guda eta segurtasunaren kontzeptuen birdefinizioak bilatu ahala. Birdefinizio bat alegia, oinarrituta legokeena emakumeek egiten dituzten errealitatearen azterketetan eta haien bizipenetan.

Historia ofizialaren transmisiorako esparruetan leku handirik ez badu ere, gerraren kontrako aktibismo feministak ibilbide luzea du. Guda Hotzan bereziki mugimendu antimilitarista eta antinuklearra asko indartu zen, eta horren baitan emakumeek protagonismo berezia lortu zuten. Haien ekintzen artean azpimarragarria da Greenham Common Kanpamentua. Izen bera duen Ingalaterrako udalerrian Estatu Batuek zuten base militarrean emakumeen kanpamentua eraiki zuten garaiko guda politikak salatzeko, eta ia 20 urtez bertan iraun ere. Ekimen garrantzitsu horri keinua egin zion pasa den 2017ko abenduaren 16an Euskal Herriko mugimendu feministak Gerra Bilboko portuan hasten da lemapean antolatu zuen martxan. Aurretiko emakume askoren borroken oinordekoak garela onartuta, atzera begira aitortza merezia izan zen, eta aurrera begira bultzaka jarrai dezagun gudaren halabeharrezkotasuna zalantzan jartzen, gerra, kapitalismoa eta patriarkatuaren arteko loturak identifikatzen, gatazkei konponketa negoziatuak bilatzen eta militarizazioaren eta militarismoaren ondorioak salatzen.

BERRIAn argitaratua (2018/05/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA