astekaria 2018/05/25
arrowItzuli

kirola

JOKIN ALTUNA

«Olaizolak duela hiru urte esan zidan buruz buru asko jokatu ahalko nuela»

Imanol Magro Eizmendi

«Olaizolak duela hiru urte esan zidan buruz buru asko jokatu ahalko nuela»

Amezketako (Gipuzkoa) pilotalekua berritu egin dute, eta bertan xafla bat ikus daiteke Joxean Tolosaren irudiarekin, buruz buruko txapeldun izan zenekoa. «Ea aurten zurea ere jartzen dugun», esan dio Amezketako udaleko idazkariak Jokin Altunari (Amezketa, Gipuzkoa, 1996). Bertan egin du solasaldia pilotariak. Idazkariaren hitzak herrian bizi den baikortasun giroaren lagina dira.

Hasteko, beti galdera bera. Dena oso bizkor doa zure ibilbidean. Final hau uste baino goizago ez al zaizu iritsi?

Bai, niretzat bai. Banuen itxaropena noizbait buruz buruko final bat jokatzekoa, eta baita txapel bat irabaztekoa ere. Baina ez nuen uste aurten finalera iritsiko nintzenik. Zaila ikusten nuen, eta zozketan egokitu zitzaizkidan aurkariekin, are zailagoa.

Lau eta erdiko bi final jokatu dituzu, baina igandekoa buruz burukoa da. Zerbait ezberdina sumatzen al duzu?

Iaz lau eta erdiko finalera iritsi nintzenez, aurtengo txapelketa aurkeztu zenean jende guztiak esaten zidan finalean sartu behar nuela. Sentipena nuen iritsi beharra nuela, eta txapelketa zailagoa izan zen agian. Buruz burukoan lasaiago aritu naiz, galtzeko ezer gabe, gozatuz, eta astez aste dena irten zait partidetan.

Zer esaten dizute herrian? Pilota jakintsu asko dago Amezketan.

Tira, Urrutikoetxearen aurka jokatu aurretik, gauzak diren bezala esango ditut, nik sentipena nuen gutxik zutela nik aurrera egitearen itxaropena. Bazeuden bi edo hiru, nire aldeko itsuenak, «Irabaziko duk!» eta esaten zidatenak, eta nik esaten nien neronek ere zail ikusten nuela. Behin partida jokatzen hasita, baina, parez-pare geundela sentitzen nuen, nik ere min egin niezaiokeela.

Lau eta erdiko finalaren aurretik herria pankartaz josi zuten. Hasi al dira oraingoan?

Ez dakit ezer. Ni ez naiz konturatzen. Sarreren kontua gainetik kendu dut, 200 eman zizkidaten, eta pankartena... Ez dakit jarriko dituzten, ni ez naiz konturatzen zerbait prestatzen ari diren ala ez.

400 sarrera eman balizkizute salduko al zenituen?

Bai! Ezagutzen dut sarrerarik gabe gelditu den jendea. Nahastu, eta nituenak baino 60 sarrera gehiago nituela uste nuen, eta Zumaia, Orio eta herriko batzuk sarrerarik gabe gelditu dira, eta pena handia eman dit. Aurten, arazoa izan da guk sarrera horiek eskatu aurretik finalerako sarrerak salgai zeudela. Saiatu naiz gehiago lortzen, baina Aspeko sarreren arduradunak esan zidan ezinezkoa zela.

Lau eta erdiko txapelaren ospakizuna handia izan zen Amezketan. Buruz burukoa irabazten baduzu su emango diote herriari.

Ederra izan zen gau hura, asko gozatu nuen. Final honetan afaria sagardotegian ezin zela egin esan zidaten lagunek, eta pilotalekuan antolatu dute. Ziur asko, jende asko bilduko gara.

Amezketako tabernek bete ditzatela hozkailuak.

Seguru. Baten bat edateko gogo gutxirekin etorriko da Bilbotik, baina ziur jendetza izango garela.

Amezketan baduzue buruz buruko txapeldun bat, Joxean Tolosa. Hitz egin al duzu harekin finalaz?

Noizean behin agertzen da, entrenatzen ari garela edo. Ama ikustera joaten denean izaten da, eta handik pasatzen den guztietan gelditzen da, eta kasu egiten digu. Finalerdiaren aurretik ikusi nuen azkenekoz.

Finalera iristea ezustekoa izan al da zuretzat?

Behin Retegiri irabazita, esan nuen partida hura oso garrantzitsua zela niretzat, eta nire aukeratan sinesten hasi nintzen. Partida guztietara joan naiz irabaz nezakeela pentsatzen, baina zaila ikusten nuen finalean sartzea, ez dut gezurrik esango.

Askotan esan al dizute mehar edo txikiegia zarela buruz buru jokatzeko?

Bai, aditu izan dut. Aditu izan ditut halakoak. Bost axola, baina aurkakoa ere esan izan didate. Nik pentsatu izan dut zaila izango zela buruz buru jokatzea; aldiz, behin barruan, profesionaletan, beste pilotariak izan dira esan didatenak buruz buru asko jokatzeko ahala banuela.

Buruz buru joka zenezakeela esan zizun lehena nor izan zen?

Ez dakit. Gogoan dut debutatu berritan, duela hiru bat urte izango zen, Aimar Olaizolarekin solasaldi bat izan nuela aldagelan. Zenbat pisatzen nuen-eta galdetu zidan. Pisua esan, eta berak esan zidan. «Binaka eta lau eta erdian ederki ibiliko haiz, eta pisu pixka bat hartzen baduk, buruz buru ere asko jokatuko duk». Nik «Bai zera! Aimar egon hadi isilik», esan nion. Hasieran, ez nuen sinesten. Baina, gero, Abel Barriolak ere esan zidan, Aitor Zubietak ere fede handia zuen nigan, askotan esaten zidan. Berak apusturen bat egina dauka nik noizbait buruz buruko finala jokatuko nuela.

Beti entzun duzu hori: arina, argala, jotzailea ez zarela...

1,80 metro luze naiz, baina, bai, argala naiz, eta beti izango naiz argala. 18 urterekin debutatu nuen, gazte oso, eta mundu guztiak behar du denbora gorputza garatzeko. Bi osaba erremontista izan nituen, eta esaten zidaten lanean jarraitu behar nuela, bilakaera fisiko hori iritsiko zela.

Ageriko da gorpuzkera zaildu duzula eta kiloak hartu dituzula.

Inoiz ez dugu prestaketa sakondu kiloak kolpetik hartzeko. Prestatzaile fisikoak esaten du kolpetik oso txarra dela kilo asko hartzea. Harekin hasi nintzenean, ezin nituen jasan orain egiten ditudan entrenamendu batzuk, ez nintzen denboretan sartzen, eta, orain, gogorragoak aguantatzen ditut. Prestatzaileak esaten du pilota mugimendu askoko kirol bizia dela, eta pisu asko izatea ere ez dela komeni. Lanaren eta adinaren poderioz hartu ditut kiloak.

Zertan nabaritzen duzu hobekuntza fisikoa?

Ezker airez lautik sartzean esaterako; lehen, ondo moldatzen nintzen, baina, orain, ez dut entregatzen. Sakeak errestatzean... bi aldiz atzera jotzen badidate ere bai. Lehen, ez nuen galtzen, baina beti aurrean uzten nuen. Orain ere ikusten dut pilota gehiago irteten zaidala eskutik, tanto gogorrei buelta ematen diedala. Hori prestaketaren ondorio da, baina adinean gora egitearena ere bai.

Ahal fisikoa da jauzi kualitatiboaren arrazoia?

Bai, baina jokaldi batzuk perfekzionatzearena ere bai, sakea-eta.

Buruz buru jokatzeko estilo propioa duzu orain.

Bai, oso oldarkor, sakea ahalik eta hobekiena baliatzen, eta tantoa azkar bukatzen. Baina, tira, gogoratzen naiz Urrutikoetxearen aurka 9-12 galtzen ari nintzenean, final-laurdenetan, aldagelara sartu nintzela, eta Saralegik eta Etxanizek esaten zidaten goizago saiatu behar nintzela tantoa bukatzen. Tanto batzuk egon ziren ni ere atzera jotzen ibili nintzela, eta nik esaten nien ondo sentitzen nintzela, atzera joz nik ere mina egiten niola, ez nuela mugan jokatu behar. Lana eginez irabazi nion, ez zen sake-errematean irabazitako partida bat.

Sakearekin min handia egiten ari zara, eta ez da bereziki bortitza.

Garrantzitsua da ezkerpareta ukitzea. Asko entrenatu dut sakea txapelketa honetarako.

Afizionatuetan, buruz buru zer moduz moldatzen zinen?

Gaztetan, Joxean Tolosa txapelketa irabazi nuen, baina oso gutxi jokatu nuen. Partidak jokatuz ikasten da buruz buru. Horren eredu da Elezkano aurten. Berak buruz buru entzutean burua jaisten zuen, eta aurten partidaz partida hobeto jokatu du eta ikusi da zein salto eman duen. Berak ere bere estilo propioa aurkitu du.

Gozatzen al duzu buruz buru jokatzen?

Gozatu bai, baina ez da erraza izaten. Ikusten duzu gozatu ez sufritu egin beharko duzula aurkaria gogorra delako.

BERRIAn argitaratua (2018/05/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA