astekaria 2018/05/25
arrowItzuli

ekonomia

Etorkizuna ekoizteko makinak

Xabier Martin

Etorkizuna ekoizteko makinak

Industriaren sektore askotarikoen orainari eta geroari oinarria emateko makinak dira. Azkarrak, eraginkorrak, gaitasun handikoak. Ekoizpena 4.0 arora daraman automa- tizazioa eskaintzen dute, fabrikazio aurreratua, digitala; eta Euskal Herrian eginak dira asko eta asko. Makina-erremintaren sektorean lider dira euskal enpresa asko, eta astelehenean hasiko den BIEMH biurtekoak argi islatuko du kondizio hori.

DanobatGroup, Fagor Automation, Fagor Arrasate, EtxeTar Group, Ibarmia, Koniker, Zayer... Euskal industriaren abangoardia ordezkatzen duten izen askok bere erakusmahaia izango dute BECen, azken aurrerakuntzak plazaratzeko, bezeroak konbentzitzeko, beste era batera fabrika daitekeela erakusteko bertatik bertara, finean. 4.0 industriaren zuzeneko erakustaldiak egingo dituzte, azken aurrerakuntzak zertarako gai diren helarazteko.

BECen 21 herrialdetako 1.700 enpresak izango dute lekua, 3.000 produktuk eta mundu mailako 300 berritasunek. Makina-erremintaren Biurtekoaren 30. edizioak 40.000 bisitari baino gehiago hartuko ditu; langa hori orain bi urtekoak jarri zuen, eta aurten gainditzea espero dute AFM klusterreko antolatzaileek. BECen izango diren hiru euskal enpresa liderrekin izan da BERRIA, sektorearen oraina eta geroa aztertzeko, eta bakoitzaren eskaintzari buruz gehiago jakiteko.

GURUTZPE (ETXETAR GROUP)

«200 tonako piezak mekanizatzeko tornuak dira»



Itziarren dago Gurutzpe (Deba, Gipuzkoa); han diseinatu eta ekoizten dituzte munduko tornu horizontalik onenetakoak. EtxeTar Groupeko adarrak makina handiak egiten ditu, gaitasun handikoak. «GL16 modeloa eramango dugu BECera. Erakusleku handiagoa izango dugu aurten, makina bera han sartzea ere ez baita txantxa», dio Imanol Trueba Marketin zuzendariak. Lego baten antzekoa da hamabi metro luze den makina hori. «Artezteko, taladratzeko, fresa lanak egiteko... erabateko makina da». Gurutzpe eskaera anitz jasotzen ari da azken bi urteotan. «Asko nabari da merkatuan dinamismo handiagoa dagoela».

Hamar makinako sorta saldu baten unitatea da Biurtekoan erakutsiko dutena, erabat pertsonalizatua. «Sektore askotarako egiten ditugu makinak, oil&gas, ontziolak, aeroespazioa... Pieza zailak egin ditzakete makina hauek, baina baita ez hain zailak ere. Pieza osoak buelta eman dezake makinaren barruan -karenatuak daude-; pieza biraka ibiltzen du makinak behar duen forma eta ezaugarri guztiak ematen». Autogintza da, beharbada, makina-erreminta gehien bultzatu duena azken bi urteotan, eta esparru hori Elgoibarren egiten du EtxeTar taldeak.

Truebak makinen pertsonalizazioa aipatu du. Produktua bezeroaren arabera egokitzen dela dio, eta gaur egun haren neurrira egindako makina zehatz bat egiten dutela, merkatuan bakarra kasik. Bezeroaren nahietara egokitzeko gaitasun horrek lehiakortasuna ematen diela dio Gurutzpeko marketin zuzendariak. «Eskaera asko jaso ditugu azken hilabeteetan. Gure salmenten %95 atzerrian egiten ditugu, eta hori izugarrizko abantaila da». GL16 modeloaz gain, GHD bi bankadako makina erraldoia ere erakutsiko du Gutuzpek, betaurreko interaktiboen bidez, besteak beste. Hogei metro luze eta 200 tonakoak diren piezak mekanizatzeko gai da munstro hori; lau metroko diametroko piezak torneatzen ditu. Energiaren alorrean zerbitzua ematen die turbina erraldoiak ekoizten dituzten konpainiei.

FAGOR AUTOMATION

«Ez gara Alemania; beste zerbait eskaini behar dugu»



Numero kontrolerako makinen sistemak diseinatzen eta ekoizten ditu Fagor Automation kooperatibak; makina-erremintako makina eraginkor horien arima, alegia. «Edozein soluzio» emateko gai direla dio Jose Mari Larrañagak, Iberiar penintsularako salmentaburuak. «Bezeroa bere munduan bizi da, eta gu gara mundu horretara moldatzen garenak». Euskal makina-erremintaren balioa azpimarratu nahi du Larrañagak. «Ez gara Alemania, eta beste zerbait eskaini beharra daukagu; ba, ari gara egiten jadanik». Asian, Amerikan eta Europan saltzen du Fagor Automationek: «Leku guztietan egon behar da». Salmenten %90 atzerrian egiten ditu Arrasateko enpresak.

2009an, erdira jaitsi zen sektoreko jarduera, Espainiaren merkatua hautsi ondoren. Oraindik ez da «barne merkatua» berreskuratu erabat, baina gutxi falta dela dio Larrañagak. «Ez dago egoera orokor perfektu bat: Trump ez denean, beste zerbait gertatzen da». Horregatik da oinarrizkoa merkatu desberdinetan egotea, eta sektore desberdinetan. Dena den, enpresak ari dira gero eta argiagoa den arazo bat nozitzen: marjinen txikitzea. «Gero eta garestiagoak dira kostuak, gero eta produktu pertsonalizatuagoak egiten ditugulako, hobeak, prestazio berriekin. Xafla, tornu, fresa lanak, laser esparrua... Fagor Automation gai da puntako produktuak diseinatzeko esparru ia guztietan, makina-erremintaren barruan».

Belaunaldi berri bateko makinetan lanean ari dira jadanik, etorkizuneko makinetan, eta 4.0 industrian bete-betean sartu da kooperatiba. «Kontsumoa, eraginkortasuna, informazio guztia jasotzeko sistemak... gauza asko dira. Datuak, gero, sareko lainoan jar daitezke, eta, etxean zaudela, makinak zertan ari diren ikusi etxetik, sakelako telefonoaren bidez», esplikatu du Jose Mari Larrañagak. Fagor Automation fabrikazio aditiborako prest dago, gainera; «laser bidezko deposizioak lantzen ditugu». Makina hibridoak sortzeko funtsa diseinatzen dute, eta BECen erakusleku bat jarriko dute gaitasun hori guztia erakusteko.

DANOBATGROUP

«Balio erantsi handiko makinak dira, kontsolidatuak»



DanobatGroupek digitalizazioan egindako urratsak helarazi nahi ditu Biurtekoan. Bezeroei «soluzio kontsolidatuak» dituztela erakutsi nahi die Elgoibarko taldeak, Igor Lekube Xafla esparruko zuzendari komertzialak azaldu duenez. «Kasu errealetan, gure makinen errendimendua erakutsiko dugu».

Elgoibarko kooperatibak, nagusiki, hiru makina daramatza BECera, «balio erantsi handikoak hirurak». Lehena errektifikazio makina da, Overbeck esaten diotena; enpresak Alemanian duen adarrean egindakoa da, eta prestigio handikoa merkatuan. Bigarren kasua laserrarekin lotua dago; «oso puntako teknologia darama, eta primizia moduan erakutsiko dugu», dio Lekubek. Eta hirugarrena, Soraluze adarraren produktua da, sistema adimenduna piezen mekanizatua kontrolatzeko. Tornu bakarrean, errektifikaizoak, fresa lanak eta beste egiten ditu. «Dena digitalizatua dago, eta kasu errealetan probatua».

Azken urteak «ez dira errazak izan» euskal makina-erremintarentzat, kopuruek beste zerbait iradoki dezaketen arren. «Asko mugitu dira merkatuak eta guk haiekin batera mugitu behar izan dugu». Makina estandarretatik «produktu erabat pertsonalizatuetara» mugitu da DanobatGroup, giltza eskura ereduarekin. Orain urte batzuk hasi zen aldaketa hori; «eta horrek salbatu gaitu». Ziurgabetasuna da gauza ziur bakarra. «Trump misterio bat da: zein merkatu astinduko duen ez dago jakiterik, eta dibertsifikazioa oinarrizkoa da. Energia, ekipamendu ondasunak, autogintza... esparru guztietan egon behar da». Lekubek kontatu du Irango azken albisteek ere eragin diotela Elgoibarko enpresari.

"Hoberena eskaini behar dugu, eta marjinei eustea artea da ia"

BERRIAn argitaratua (2018/05/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA