astekaria 2018/05/25
arrowItzuli

gizartea

JOAQUIM DOLZ

«Hizkuntzak ezin dira errentagarritasunaren arabera neurtu»

Ion Orzaiz

«Hizkuntzak ezin dira errentagarritasunaren arabera neurtu»

Hezkuntza Zientzietan doktorea da Joaquim Dolz Mestre (Morella, Herrialde Katalanak, 1957), eta gaur egun Hizkuntzen Didaktikan eta Irakasleen Prestakuntzan katedradun gisa dihardu Genevako Unibertsitateko Psikologia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Genevako kantoiarentzat eta Andorrako Gobernuarentzat lan egin zuen, aholkulari gisa, herrialde horietako hezkuntza sistema eleaniztunak planifikatzeko prozesuetan. Iruñean izan da berriki, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak antolatutako eleaniztasun jardunaldietan parte hartzeko.

Zer garrantzia daukate hizkuntza propioek hezkuntza sisteman?

Eskolatze prozesuaren ardatz nagusia hizkuntza da. Ahoz nahiz idatziz komunikatzen ikasteaz harago, hizkuntzak irakasteak badu beste helbururik; besteak beste, kultur erreferenteak eraikitzeko baliabideak eskaintzea. Eta zer eskaintzen diete hizkuntzek ikasleei? Bada, sozializazio gaitasuna eta identitate baten eraikuntza, balio nahiz kontzeptuen transmisioa eta mundura zabaltzea. Hizkuntza bakar bat menperatuta, ikasleen garapena askoz ere mugatuagoa da. Ikasleak bi hizkuntzatan eskolatzeak dakartzan onurak ezagunak ditugu aspalditik; orain, Europatik datorkigun formula hiru edo lau hizkuntza uztartzean datza. Erronka interesgarria da, eta merezi du gogoeta egitea.

Nola zehatz daiteke formula hori?

Eskolan hasten direnean, ezinbestekoa da ikasleek duten errepertorio linguistikoa aintzat hartzea: etxean ikasitako hizkuntzak, lehenik eta behin. Ikasleak goiz eskolatzeak familia-hizkuntza horiek sendotzera behartzen gaitu. Eskolak hizkuntza eta kultur ondare propioak sustatu eta garatu behar ditu. Nafarroaren kasuan, gaztelania eta euskara. Gero, jakina, ikasleen zerumuga zabaldu beharko dugu, gutxienez atzerriko hizkuntza bat irakatsiz. Beste jatorri batzuetako ikasleen kasuan, eskolak ahalegin berezia egin beharko luke, haien ama hizkuntza gal ez dezaten. Formula sinplea dirudi, baina hezkuntza komunitatearen ahaleginaren eta konpromisoa behar ditu.

Ingelesez ikasteko programak ezarri dira azken urteetan, baina kritika ugari jaso dituzte. Egoki ikusten dituzu?

«Jantzi nazazu poliki, presaka nabil eta». Hori esan omen zion Fernando VII.a erregeak bere laguntzaileari, arropa abiada bizian baina era traketsean janzten zionean. Sindikatuek arrazoi osoa dute esaten dutenean ingelesez ikasteko programen ezarpena ezin dela presaka eta korrika egin. Hala ere, auzia garrantzitsua da, eta lehenbailehen hasi beharko genuke gizartea mobilizatzen, sistema on bat adoste aldera.

Nolakoa izan beharko luke halako eredu eleaniztun batek?

Gisa horretako programa eleaniztunak sustatzeko tenorean, hiru egiteko garrantzitsu nabarmenduko nituzke: alde batetik, curriculuma eta hizkuntza proiektuak ongi antolatzea, ingelesezko ikasgaiak era progresiboan txertatuz; bestetik, hiru hizkuntza era integratuan irakasteko materialak garatzea (hizkuntza bakoitzean ikasten dena besteetan ere baliatuz); eta, azkenik, irakasleak linguistikoki eta didaktikoki trebatzea.

Iruñeko jardunaldietan, ahozkotasunaren garrantzia ere nabarmendu zenuen...

Bai, ahozko irakaskuntza ezinbestekoa delako, eta gaur egun ahaztua dugulako hein handi batean. Haurrak oso goiz eskolatzen dira, eta, ikasitakoa sendotze aldera, ulermena lantzeko jarduerak eta jokoak garrantzitsuak dira. Irakaskuntza eleaniztun batean, joko horiek hainbat hizkuntzatan egin beharko lirateke, ahozkotasun hori garatzeko. Hitz egitea baliabide bikaina da ikasketa prozesuan, eta, irakasleak ez badu hori garatzen, ikasleak aukera on bat galduko du. Horrek ez du esan nahi irakurketa eta idazketa bigarren mailakoak direnik. Gure erronka da hori guztia hiru hizkuntzatan irakastea, aldi berean. Berrikuntza horiek, baina, ezin dira edonola ezarri: beharrezkoak dira metodologia zorrotz bat eta prozesuaren jarraipen kolektiboa.

Hiru hizkuntza horietatik, bat hegemonikoa da, eta beste bat, aldiz, gutxitua. Nola eragiten du horrek?

Galdera ona. Hizkuntzen arteko elkarrizketa da nik proposatzen dudana. Prozesu integratu bat behar da. Adibidez, hizkuntza batean ipuinak irakurtzen baditugu, ikasten dugun hori baliatu dezakegu beste hizkuntza batean. Hizkuntzen arteko mugak lausotu behar ditugu, eta zubiak eraikitzen lagundu. Horretarako, ingeniaritza didaktikoa behar da: hizkuntza ezberdinen erabilera eta batetik bestera pasatzea erraztuko duten sekuentzia didaktikoak sortzea, alegia.

Gisa horretako eredu batek, baina, polemika piztuko luke. Nafarroan, esate baterako, oso zabalduta dago euskara alferrikakoa dela dioen diskurtsoa...

Pragmatismo horrek lilurakeriak sortzen ditu. Ikuspuntu kognitibo eta sozialetik, jakin badakigu elebitasuna eta eleaniztasuna oso aberasgarriak direla, irakatsitako hizkuntzak edozein direla ere. Hizkuntzak ikastea onuragarria da, besteak beste, buruko malgutasuna, gizartekoitasuna eta besteekiko ezagutza garatzeko. Hortik aurrera, edozein hizkuntzaren erabilgarritasuna erlatiboa da. Ingelesa garrantzitsua da, bai, baina niretzat tamalgarria da ingelesak gora egin duen neurrian beste hizkuntza batzuek pisua galdu izana; frantsesak, esate baterako. Hizkuntzak eta hezkuntza ezin dira errentagarritasunaren arabera neurtu. Hizkuntzak irakastearekin batera, balioak ere transmititzen ditugu; horregatik, gaztelania eta euskara, biak irakasteak lehentasuna izan beharko luke Nafarroan. Atzerriko hizkuntzak euskararen kontra erabili nahi izatea hanka sartze politiko galanta da. Gure esku dago gizarteari hizkuntzekiko miresmena eta ikasteko grina helaraztea. Ezagutza da aurreiritziak eta gatazka antzuak gainditzeko bidea.

Zuk Genevan ematen dituzu eskolak, eta hizkuntzen irakaskuntza integratua aspalditik ezarri zuten Suitzako hezkuntza sisteman. Abantailarik ikusten al diozu hango ereduari?

Tokiko hizkuntzen defentsari dagokionez, Suitza tradizio handiko herrialdea da. 26 kantoi dauzkagu, eta bakoitzean, hezkuntza sistema propioa edukitzeaz gain, lurraldeko hizkuntza historiko guztiak errespetatzen dira; baita oso hiztun gutxi dituzten hizkuntzak ere; erromantxera, kasurako. Bi hizkuntza nazionalak irakasten dira eredu guztietan, halabeharrez: alemana eta frantsesa; baita ingelesa ere, hirugarren hizkuntza gisa. Horiez gainera, immigrazioari lotutako hizkuntzak ere gehitu dituzte. Hori dute erronka nagusi gaur egun. Genevako kantoian, esaterako, ikasleen erdiak alofonoak dira —euren ama hizkuntza ez da frantsesa—, eta ehundik gora dira haien guztien jatorrizko hizkuntzak. Horretarako, hizkuntzen irakaskuntza integratuko egitasmoak garatzen eta ezartzen ari dira, era progresiboan.

BERRIAn argitaratua (2018/05/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA