astekaria 2015/12/18
arrowItzuli

bizigiro

GARETH EVANS

«Pantailan geure burua islatuta ikusi ezean, nola dakigu existitzen garela?»

Pello A. Zuazo

«Pantailan geure burua islatuta ikusi ezean, nola dakigu existitzen garela?»

Pobol y Cwm galesez egiten den telesaila 30 gidoilarik idazten dute. Horietako bat da Gareth Evans (Aberystwyth, Gales, 1962). Mahai inguru batean parte hartu du Evansek aste honetan, Bilbon.

Galesko gizartearen isla al da Pobol y Cwm telesaila?

Gales mendebaldeko herri arrunt batean kokatzen da, non nekazari giroak eta industrialak bat egiten duten. Pertsonaiak ere tokiko edozein herritar bezalakoak dira, gure lagunak edo auzokideak izan daitezkeenak: nekazaria, mekanikaria, irakaslea... Halere, telesail batez espero daitekeena baino pixka bat gordinagoa da. Bulimia, alkoholismoa, pedofilia, heroina, bortxaketa, gaixotasunak, nerabeen haurdunaldiak... Pertsonaiek hanka sartzen dute behin eta berriz, eta aurretik jakin dezakegu gutxi gorabehera zer gertatuko den. Generoari dagokionez, drama bat da, baina telesail bat denez, istorioa ez da inoiz amaitzen, eta pertsonaiak ez dira aldatzen. Hori guztia konbinatzeak oso arrakastatsu egiten du.

Gales dialekto desberdinak nahasten dituzue?

Telesaila 1974an sortu zen, eta, ordutik, buelta asko eman ditu hizkuntzaren kontuak. Garai hartan, Galesko herritarren %80 galesez bizi ziren; baina, gaur egun, ez da hala. Telesailak bere dialekto propioa sortu zuen, sasi-dialekto bat, telesailean soilik existitzen dena. Helburua: Gales osoan ulergarria eta erakargarria izatea. Telesaila kokatzen den herriko biztanleek sasi-dialekto hori erabiltzen dute, eta herrira datozen kanpotarrek beste dialekto batzuk erabiltzen dituzte. Ingelesa eta galesa nahasten duten pertsonaiak ere badaude. Edota beste dialektoak imitatzen saiatzen direnak. Aktore batzuk oso ondo hitz egiten dute galesez, eta beste batzuek ez hainbeste, baina ez dugu hori ezkutatzen. Aniztasun eta nahasketa handia dago, errealitatean bezala.

Aktore guztiak galesak dira?

Bai. Izan dugun pertsonaia exotikoena Patagoniakoa da. Galestik joandakoek sortutako kolonia txiki bat dago han, eta hizkuntzak bizirik dirau oraindik. Doinu oso berezia daukate hango hiztunek: galesa azentu argentinarrarekin, oso sexi-a.

Beste hizkuntza batzuetara bikoiztu al dute telesaila?

1990eko hamarkada amaiera aldean, BBC2 katean eman zuten, eta Erresuma Batua osoan ikus zitekeen, ingelesezko azpidatziekin. Baina esperimentuak ez zuen ondo funtzionatu. Bestalde, badakit Alemanian bikoiztu egin dutela. Galesen, atalak bi aldiz ematen dira: azpidatzirik gabe lehenik, eta azpidatziekin gero.

Beste hizkuntzekin alderatuta, hizkuntza gutxituek zer zailtasun dituzte fikzioa sortzean?

Merkatuaren tamaina, nola ez. Oso txikia da. Eta, bestalde, drama egitea oso garestia da. Gure telesaila Galesko S4C katean ematen dute, baina BBCk ekoizten du. Beraz, BBCren makineria eta babesa daukagu, eta hori abantaila handia da. Gure telesaila, aurrekontuari dagokionez, oso toki pribilegiatuan dago, hizkuntza gutxituetan egindako beste telesail batzuekin alderatuta. Nola emititzen eta merkaturatzen den ere kontuan hartu behar da: ordutegia, errepikapenak, lehiakideak, kate berean zein produktu eskaintzen diren...

Errugbi partiden ostean, gehien ikusiriko saio da Galesen.

Telesaila jendearen bizimoduaren parte da, 41 urte ditu. Gurasoek eta haurrek batera ikusten dute. Galesko altxor nazionala dela esango nuke. Kanpoan ere jarraitzaile ugari ditu. Izan ere, telesail mota hauek oso hedatuta daude eremu anglosaxoi guztian. Beste hizkuntza batean izateak ez du zertan muga izan.

Goenkale ezagutzen al duzu?

Ikusi dut. Eta entzunda daukat bere garaian EITBko zuzendariak Galesera joan zirela gure telesaila ikustera, ideiak hartzeko asmoz [Pobol y Cwm-etik hartu zuten ideia]. Irlandako telebista batetik ere joan ziren. Telebista kate guztietan beharrezkoa da telesail bat egotea. Telesail hauek guri buruzko istorioak kontatzeko balio dute, eta geure burua islatuta ikusten dugu, hurbilekoak dira. Gurea eta zuena bezalako komunitate txikietan, oso garrantzitsua da ekoizpen propioak sortzea, gure hizkuntzan. Kultura alde biko ispilua da, eta ispilu horretan, ?telebista pantailan kasu honetan?, geure burua ikusi ezean, nola jakin existitzen garen?

BERRIAn argitaratua (2015/12/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA