astekaria 2018/05/25
arrowItzuli

politika

«Herri gogoetarako» plaza

Jon O. Urain

«Herri gogoetarako» plaza

«Kezka bati erantzutea». Hori izan zen Eusko Ikaskuntzaren sorrerako egitekoa, aurten duela ehun urte: «galera» sentipen bati erantzun bat ematea. «Autogobernutik garapen sozioekonomikora, ekarpen bat egin zuen orduan Eusko Ikaskuntzak. Ekarpen hori berriro egitera dator», Mario Zubiaga Eusko Ikaskuntzako Mendeurreneko Kongresuaren Batzorde Zientifikoko bozeramaileak atzo azaldu zuenez. Ekarpen hori aleka egiten ari da erakundea, Euskal Herriaren etorkizunari buruzko gogoeta saioak han-hemenka antolatuta; herritarren mahaiak osatuta, azken bi urte eta erdian, eta foroak prestatuta, maiatz-ekainetan. Hiru foro eginak dituzte jada, eta bihar izango da laugarrena, Donostian, gobernantza demokratikoaren inguruan -beste hiru egingo dituzte datozen egunetan, Iruñean eta Bilbon-. Hausnarketa prozesua azaroan amaituko da, 18. kongresuarekin.

Mendeurrena ospatzeko ekitaldien programa aurkeztu zuen atzo goizean Eusko Ikaskuntzak, Donostiako Miramar jauregian. Han hartu zuten parte Iñaki Dorronsoro erakundeko presidenteak, Xabier Alkorta Kongresuaren Batzorde Antolatzaileko presidenteak, Beatriz Akizu Batzorde Zientifikoko bozeramaileak eta Zubiagak berak. Han izan ziren kongresuaren esparruan garatzen ari diren ikerketa proiektuetako ordezkariak ere.

Izan ere, kongresua izango da mendeurreneko ospakizun ekitaldietan nagusia eta azkena. Geroa Elkar-Ekin lelopean egingo dute, urrian eta azaroan, Baionan, Gasteizen, Iruñean, Bilbon eta Donostian. Itxierako saioa, ordea, Oñatin (Gipuzkoa) egingo dute, azaroaren 23an. Azken urteetan bost lan lerro jorratzen ari da Eusko Ikaskuntza, eta, Oñatiko bilkuran, proiektu bakoitzak sortu dituen galderei erantzungo diete, planteamendu horiek gauzatzeko proposamen zehatzak eginez.

Kongresuaren kartela ere aurkeztu zuten ekitaldian. Hainbat koloretako sokak lotzen dituen korapilo baten simulazio batekin ilustratuta dago, eta, Alkortak adierazi zuenez, «erakundearen zein kongresu honen ezaugarri bereizgarri den batzeko eta elkartzeko espiritua islatzen du».

Kongresuaren xedea izango da «Euskal Herriak aurrean dituen kezkei eta erronkei erantzungo dieten agertoki eta aukerak aurkeztea, eta eztabaida gaietan sakontzen jarraitzeko lan agenda bat zehazteko konpromiso sozial-instituzionala lortzea». Funtsean, «XXI. mendeko euskal gizartearen kezka eta ardurei erantzuteko balio izango duen konpromisoa eta lan agenda lotzea, ahalik eta eragile sozial, politiko eta instituzional gehienen babesarekin». Dorronsororen hitzetan, «XXI. mendeko gizarteak nahi dituen jokalekuak sortzea» da asmoa, Eusko Ikaskuntzak urteotan landutako bost alorren inguruan: euskara, etorkizuneko gizartea, sozioekonomia, kultura eta gobernantza demokratikoa. Alkortaren arabera, «Eusko Ikaskuntzaren azken urte hauetako esperientziak eta jakintza batu eta metatzeko prozesuaren emaitza izango da» urri-azarokoa.

Geroan kokatzeko galderak

Aurrera begiratu, eta zenbait galderari erantzun nahi izan dio Eusko Ikaskuntzak urteotan, Zubiagak azaldu zuenez: «Nora goaz euskal lurraldeak? Non kokatu behar dugu munduan XXI. etorkizunean? Nola sakondu elkarlanean, bizikidetzan, kohesioan?». Galdera horiek erantzuteko eremu egokiena Eusko Ikaskuntza dela uste du: «Herri hausnarketa bat proposatu nahi du. Elkarlan eremu hori eskaintzera dator».

Duela ehun urteko egoerarekin paralelismoa egin zuen Zubiagak, baina baita nabarmendu ere «abagunea ezberdina» dela: «Zein da alde nagusia XIX. mendearekin? Hausnarketa honekin hasi zirenean, aditu gutxi batzuk izan ziren. Orain, egoera demokratikoan gaude, demokratizazio prozesuak aurrera egin du Euskal Herrian eta munduan. Hausnarketa egiteko modua aldatu beharko genuke». Halaber, elementu bat «giltzarritzat» jo zuen: «Erakundetuta daude euskal lurralde guztiak. Euskal lurralde guztiak dira eremua, eta lehen aldiz erakundetuta egotea gakoa da; asko errazten du gure lana». Elementu positibotzat ere azpimarratu zuen «60 urteko ziklo historiko gogor baten amaiera». Horrek «erraztu egiten du hausnarketa kolektiboa», Zubiagaren iritziz.

Erantsi zuen kongresua ez dela «amaiera», hasiera baizik: «Herri hausnarketarako eskaintza hori ez da amaitzen 2018an; asmoa da arloz arlo jarraitzea eragile, erakunde eta herritarrekin, galderoi erantzuten: zein da gure lekua munduan?».

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako foru aldundiek sortu zuten Eusko Ikaskuntza. Aurtengoa hemezortzigarren kongresua izango du. 1918 eta 1936 artean, sei egin zituzten. Hurrengo hamarkadetan, frankismoaren pean erakundea debekatuta, Ipar Euskal Herrian bi egin zituzten, eta, Hegoaldean berriro legezko izanda, beste bederatzi egin dituzte 40 urtean. Dorronsororen arabera, kongresuon asmoa izan da «ikerkuntza eta kultura sustatzea eta Euskal Herriaren erronken prospekzioa egitea, aurrerabidea xede». Hori horrela, erantsi zuen Eusko Ikaskuntzak «mandatu fundazionalari jarraitutasuna emateko konpromiso irmoa» duela eta, alde horretatik, «Euskal Herriko gizarteak eta lurralde guztiek planteatutako etorkizuneko erronkei aurre egiteko erantzun bateratzaileak eta berritzaileak eskaintzen» jarraituko duela erakundeak.

Mendeurreneko besteak

Kongresuaz harago, ordea, prestatu dituzte beste ekitaldi batzuk. Besteak beste, 1978 ondoren erakundea zuzendu eta berriro abiatu zuten lehendakari eta bazkideak omenduko dituzte, mendeurrenaz gain, 40 urte direlako Hego Euskal Herrian erakundeak debekatuta egoteari utzi zionetik. Ekainaren 2an izango da hori, Bazkideen Batzar Nagusian. Ekitaldi horretan, Eusko Ikaskuntzako Ohorezko Bazkide izendatuko dute Oñatiko Udala. Ekain erdialderako, berriz, Eusko Ikaskuntzak eskertza ekitaldi bat antolatu du haren «bidelagun» direnentzat, Miramar jauregian.

Hain justu, deialdi horretan aurkeztuko dute Eusko Ikaskuntza, %100 ikus-entzunezko lana. Film hori ekoitzi du erakundeak, hura «ezagutarazi eta bere proiektuarekiko atxikitzeko grina pizteko» asmoz. Gainera, Euskaldunon Mendea (1918-2018): Eusko Ikaskuntzaren 100 urte liburua argitaratzekoa da, aldi horretan euskal gizarteak izandako garapena eta etorkizuneko erronkak jasotzeko. Irail erdialdera aurkeztuko dute. Horiez gain, Hamaika amaren seme-alaba antzezlana prestatu dute, eta Oñatin egingo dute estreinaldia, azaroaren 23an eta 24an.

Liburu Berdea "abiapuntu"

Egitaraua

BERRIAn argitaratua (2018/05/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA