astekaria 2018/05/25
arrowItzuli

politika

«Presoen arazoak ez dira espetxetik irtetean amaitzen»

Jon O. Urain

«Presoen arazoak ez dira espetxetik irtetean amaitzen»

Zazpigarren batzarra egin zuen hilaren 12an Harrera elkarte asistentzialak, Gasteizen. Iazko balantzea egin, eta aurrera begirakoak zehaztu zituzten bertan elkartutakoek. 2012ko ekainean sortu zenetik, preso edota erbestean egon direnen lan integrazioan laguntzen aritu da elkartea sei urteotan, eta horren adierazle dira, esaterako, iazko datuak: 22 preso ohiri topatu zieten lanposturen bat; finkoa bederatziri, behin-behinekoa 11ri eta praktika kontratua biri. Zeregin horretan jarraitu ahal izateko eta hura indartzeko, elkartea bera sendotzea da orain Harreraren erronka.

Hala diote Jon Ugarte (Zestoa, Gipuzkoa, 1958) eta Josu Amantes (Bilbo, 1960) elkarteko kideek. Balorazio ona egiten dute batzarraz, baina, aurrera begira, gai bat dute premiarik behinena: zein egoeratan iristen diren preso eta iheslari ohi asko erretiro garaira. «Konturatu gara datozen urteetan jende bat egongo dela espetxetik irtendakoa edo erbestetik itzulitakoa kotizaziorik izango ez duena jubilazio duin bat kobratzeko, eta beste askok jubilazio txikiena izango dute», Amantesen esanetan. Horregatik, ikerketa bat egiteko asmoa dute, «jakiteko jendea nola dagoen kokatuta jubilazioaren aurrean. Gure helburua da jakitea ea beharrak zeintzuk diren eta nola lagundu ahal izango ditugun».

Izan ere, pentsioaren %100 jasotzeko baldintza da 35 urte kotizatuak izatea, baina «apenas inor» iristen den kopuru horretara preso eta erbesteratu ohien artean, Ugarteren arabera, «espetxeko urteetan ez baita kotizatzen edo munduan zehar ibili diren kide asko ez baitira aritu beren izenean». 2000. urtetik 2017 bukaerara, 1.600 preso atera dira espetxetik, eta gehienak ez dira %100era iritsiko: «Asko ez dira iritsiko hamabost urtera ere; hori da gutxieneko pentsioa jasotzeko baldintza». Hortaz, helburu nagusia da, etorkizunean, espetxealdia kotizatua izatea. Bada aurrekari bat, Ugartek azaltzen duenez: 1977ko Amnistia Legearen arabera, frankismoko espetxealdia kotizatzen zen: «Hori bideratuko balitz, egoera ez litzateke hain larria hainbat eta hainbat lagunentzat».

Erretiroari buruzko ikerketarekin ez dira hasi, baina jakin badakite lan handia izango dela. Hura amaituta, administrazioengana eta Foro Sozialarengana joko dute, «adierazteko arazo hau ere mahai gainean dagoela».

Pentsioa baino lehen ere badute kezkarik preso ohietako askok, hala ere. Ugarteren hitzetan, libre geratzen ari direnetako asko 55 urtetik gorakoak dira, eta «zailtasun handiak» dituzte lan munduan integratzeko. «Orain curriculuma eta esperientzia eskatzen dira, eta 20-25 urtez espetxean egon denak ez du horrelakorik. Beraz, eskaintzen zaiena lan prekarioak dira». Esperientziarik ezean lanik ez, eta lanik ezean eskarmenturik ez, Amantesek gogora dakarrenez.

Soslai askotarikoak dira elkartera jotzen duten preso edo iheslari ohiak; adinak, euskal gizartetik aparte igarotako denborak eta norberak duen inguruneak zuzenean eragiten du horietako bakoitzaren egoeran eta beharretan. Amantesek dio «kasuistika aniztuna» dela: «Irtetean, batzuek familia dute, lana topatu diete, eta ez dute arazorik». Hala ere, arreta pertsonalizatua eskaintzen diete. Ugarterena da azalpena: «Prozedura, berez, izaten da irten edo itzuli berri batengana gu geu hurbiltzea. Badaude hainbat gestio administratibo lehen egunetan egin beharrekoak, beraz, lehen egunetan patxada hartzeko denbora utzi eta gero, gu goaz horiengana, bere beharren tamaina ezagutzeko, sei hilabete barruko egoera nola ikusten duen jakiteko...». Horren arabera hasten dira lan eskema bat egiten, «aurrerago egoerak ezustean ez harrapatzeko».

Hortaz, laguntza behar dutenen soslaia bezala, aniztuna da elkarteak ematen dien laguntza mota ere. Nortasun agiria berritzea, mediku txartela nola ateratzen den azaltzea, gidabaimena lortzen laguntzea... Funtsean, Harrerak berak sare moduko bat sortu du inguruan, gizarteratu berri direnei laguntzeko. Osasungintza publikoan jasotzen ez diren zerbitzuetan, esaterako: dentistak, psikologoak... prest daudenak haiekin lan egiteko hitzartutako prezio baten truke. «Saiatzen gara gizarteari ulertarazten presoen arazoak ez direla amaitzen espetxetik irtetean, baizik eta beste fase batean sartzen direla, eta hor zaila izaten dela birkokatzea», dio Amantesek.

Elkartasun deia

Horretarako, beharrezko ikusten dute elkartea bera indartzea. Gaur egun, 2.800 bazkide inguru ditu, baina desoreka dago herrialdeen artean; Gipuzkoan eta Bizkaian daude batez ere, baina dezente gutxiago Araban eta Nafarroan. Egungo sarearekin «egoera larriei» erantzuten saiatzen dira, baina nahiko lukete «egoera horren larriak ez direnei baina larritasun puntu bat duenei ere erantzutea», Ugarteren esanetan. Azken urteetan, bazkide kopuruari eusten ari zaio elkartea, baina Amantesek uste du «ezinbestekoa» dela «egoera normalizatu batean dauden preso, iheslari eta deportatu ohien inplikazioa ekartasun ariketa horretan». Elkartearen goiburua gogorarazi nahi die bizimodu librera egokitu direnei: «Tximeletak ez du ahazten behinola harra izan zela. Eskatuko nieke elkartasuna euren kideekiko. Haiek ere bizi izan dute egoera hori». Laguntza ez diete soilik ekarpen ekonomikoaren bidez eskatzen; baita lan munduan ere eraginez, Harrerari inguruko lan aukeren berri emanaz.

Administrazioei eta gizarte osoari ere dei egiten die Ugartek, ordea: «Nahiko genuke gizarteak interpretatzea hau komenigarria dela; ez bakarrik pertsona horiei laguntzeko, baizik eta koiunturak eskatzen duelako bizikidetzaren eta normalitatearen esparruan. Denon erantzukizuna da». «Ateak non jo»izan arren, Amantesek uste du preso eta erbesteratu ohien egokitzapen hori ez litzatekeela soilik elkartearen esku geratu behar: «Gatazkaren konponbide integral baten baitan, instituzioek ere lagundu beharko lukete».

BERRIAn argitaratua (2018/05/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA