astekaria 2018/05/25
arrowItzuli

kultura

ARTISTAREN KATEBEGIAK

Itziar Ugarte Irizar

ARTISTAREN KATEBEGIAK

Mugekin jokatzeko lurraldea bada artearena, ondo daki zertan dabilen Joana Vasconcelosek (Paris, 1971). «Kultura arte mugimenduen segida bat da. Eta hori da artistaren lana: mugak harago eramatea, harago, harago...». Eta harago bakoitzeko hatzak zabaltzen ditu airean artistak, dioenaz ziur. Tajoren ur ertzean du estudioa, non portuko garabiak eta zamaketariak agertzen diren leihoetan. Behinola zerealen almazen bat izan zena Vasconcelosen artelan koloretsu eta ausartak ontzen diren pabiloia da, bere 3.000 metro koadro eta 60 langileekin. Arkitektoak, ingeniariak, soldatzaileak, joskinak, arotzak, kudeatzaileak. Fabrika baten pare. Edo ez: «Fabrika bat gauza berberaren bueltan dabil beti, eta hemen etengabe gabiltza egokitzen proiektu berrietara. Gertuago gaude Velazquez eta Rubens bezalakoen tailerretatik», egin du ñabardura artistak. Aurrenekoz ikusi ahalko dira Euskal Herrian haren lanak aste gutxi batzuk barru, Bilboko Guggenheim museoan, eta harako buru-belarri ari da taldea lanean, maiatzeko argiak blaitzen duen estudioan.

Denera, 35 obra eramango ditu Vasconcelosek Bilbora; bere ibilbidean ikono bihurtu diren zenbait —Marylin (2011), Lilicoptere (2012) eta Burka (2002), kasurako— eta Guggenheimerako beren-beregi sortu dituen beste hamalau. Batzuk prest dituzte jada; besteak, erdibidean. Hala dago Solitaire obra, museoaren kanpoaldean joango dena; oraingoz herena dago egina, estudiora sartu eta parez pare. Ezkontza eraztun klasiko baten itxura du; baina, artistaren estiloari eutsita, egunerokotasuneko elementuekin birpentsatu du artelanaren zentzua: zirkulua autoen hagunekin egiten ari da, eta whiski edalontziekin eraztunaren harria litzatekeena. «Eguzkiarekin diamante baten pare egingo du distira», artistaren hitzetan, eta gizon-emakumeen «amets arketipikoenei» ironiaz egingo die keinu.

Makina hots gehien dagoen espazioan, erakusketari izena emango dion piezarekin ari dira langileak: Zure ispilua naiz. Ispiluekin eta marko barrokoekin egindako maskara bat da, veneziar tankerakoa. Moldurak elkartzen dabiltza langileak, eskaileretan gora igota, soldatzeko betaurrekoak jantzita. Arbelean dute piezaren bozetoa, iparrean. Vasconcelos: «Maskara jartzeak zure parte bat gordetzea esan nahi du. Ispiluekin egitea alderantzizkoa da: ezin zara maskararen atzean ezkutatu, zaren horren memoria berreskuratzen duzu. Gordetzen zaren horretan islatuko zara». Eraztuna bezala, tamaina oso handikoa izango da pieza berri hori ere; zazpi metrokoa. Baina, tamaina-ren ordez, eskala hitza erabiltzen du artistak. «Ez da gauza handiak maite ditudalako. Eskalarena prozesuko arazo bat da. Autoen hagunak dimentsio jakin bat dute; ezin dut neurri hori aldatu. Lotura kontzeptualak egiten ditut, gero fisikoki objektuekin itzultzen ditudanak. Ez zait inporta dimentsioa, kontzeptua baizik». Eta, horrekin batera, arkitekturara egokitutako piezak izatea. «Eskultura dekorazio modura lotzen da arkitekturarekin. Baina nik bien arteko elkarrizketa zuzen bat bilatzen dut».

47. koadernoan

Koadernoak dira sortze katearen lehen begiak. Marrazkiz betetzen ditu artistak, piezak leku hartuko duen tokitik bertatik. «Eskolatik ditut, denak berdinak. Koaderno hauetan dago nire bizitza». Joana 47 daramana erakutsi du, berrogeitazazpigarrena. «Oso txarrak» direla errepikatu du, baina aski du zirriborro horiekin arkitektoei buruan duena azaltzeko. «Eurek eskalan sartzen dute gero, errealitatean». Bide horretan, orriak eta maketak dira segidan datozen katebegiak. Proposamen trukeen probak ageri dira bulegoetako mahai eta hormetan, obra bakoitza izan zitekeenaren eta azkenean izango denaren arteko hamaika orri.

Giro atsegina nabari da langileen aurpegietan, eta ez da huskeria hori artistarentzat. Hurbilekoa da denekin; izenez deitzen die, eskua sorbaldan jarri. Talde izaera estudioaren zutabe bat da harentzat. Langileen «osasunari» eskainitako eremu bat erantsi diote, hala, estudioari, terapia, yoga, fight-club eta pilates egiteko, besteak beste. Bazkaldu ere elkarrekin egiten dute, eta ordutegi malgua dute. «Barrura begirako kate bat da, baina kanpoan ere islatzen dena. Langileak zoriontsu badaude, lana zoriontsuagoa da, eta gero hala irtengo dira bisitariak erakusketatik».

Vasconcelosen estetika biziko elementuak biltzen ditu Valkirias serieak. Munduan sakabanatuak ditu batzuk, eta berri bat egiten ari da Bilborako. «Norvegiako jainkosak dira, hegan doazenak guduzelai gainetik soldaduei bizia itzultzeko».

Hain erraz ikusten ez den beste kate bat ere gogoan hartu du artistak: «Artista guztiak gaude kate historiko-kultural batetik zintzilik». Niki de Saint Phalle, Louis Bourgeois eta Helena Vieira da Silvaren izenak aipatu ditu. Dena da segida baten segida, eta, halere, badu aparteko izaera bat Vasconcelosen arteak. «Ez naiz figura normal bat arte sistemaren barruan: emakumea, Portugalgoa eta halako estudio baten jabea. Baina gustatzen zait». Estudioak erakusten du haren gaurko lanaren dimentsioa. Berak ere disimulu gabe aitortzen du halako espazio bat mantentzeko hamaika proiektutan batera egon behar duela. Jabetu da, oharkabean, askotan jarri diotela «lehen emakumearen» etiketa, eta badu kezka horrekiko: «Emakumeek komisariatutako lehenengo Bienalean izan nintzen, Venezian; Versaillesen lehen emakume artista izan naiz; orain, lehen emakume portugaldarra Guggenheimen. Hori da nire bizitza. Emakume artista pila bat ezagutzen ditut munduan, baina gero zergatik ez daude museoetan?». Isilunea egin da gelan, hitzari berriz heldu arte: «Beraz, hori ere bada nire lana: emakume artistaren dimentsioa gizonek erabat kontrolatzen dituzten tokietara eramatea. Eskultura indartsuak, mekanika, industria, gogortasuna, brontzea, pisua... Nik alderantziz egiten dut: arin, telan, koloretsu». Zerbait gertatzen, mugak mugitzen ari denaren gorputzaldia du orain: «Gurutzatze puntu horretan gaude; iragan bat etorkizun hobe batera bidean doa».

BERRIAn argitaratua (2018/05/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA