astekaria 2018/05/25
arrowItzuli

gizartea

ESATETIK EGITERA: ARIKETA SOZIAL BAT

Garikoitz Goikoetxea

ESATETIK EGITERA: ARIKETA SOZIAL BAT

Euskaraz egitea. Ahal den guztia euskaraz egitea. Erronka hori jarriko du Euskaraldiak urte erdi barru, azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Ahal den guztietan euskarari eutsi beharko diote ahobiziek: lehen hitza euskaraz egin, eta, elkar ulertuz gero, segitu. Horretan utzi beharko diete belarriprestek, euskaraz egiteko oztopo izan gabe. Bi rolek hartuko dute euskararen aldeko konpromisoa, beraz. Ez hitzezkoa: ekintzak aldatu nahi dituzte, hizkuntza jokabideak. «Erabilera bera izango da erdigunea: ez da euskararen alde gaudela esateko ekimen hutsa», ohartarazi du Pello Jauregi irakasleak; aitzindaria da halako aktibazio egitasmoak bultzatzen. 11 eguneko ariketa soziala izango da Euskaraldia, arrastoa utzi nahi duena. Ez da festa izango: eguneroko ohiturak aldatzeko saioa da.

Antzeko proiektuak egin dituzte hainbat herritan. Euskahaldun leloa izan zuen 2015eko Korrikak, eta, amaitu eta bi hilabetera, esperimentu bat egin zuen Lutxo Egia idazleak Bilbon: euskaraz jardutea, gaztelania «ahaztuta». Txinparta hori gar egin zen: Donostiako Egia auzoan erabaki zuten euskaraz bizitzea astebeteko txandetan. 200 lagun bildu ziren. Atzetik etorri dira mordoxka bat. Helburu bereko egitasmo batekin zebilen Jauregi Soziolinguistika Klusterrean: Aldahitz proiektuan, lan arloko hizkuntza ohituretan eragiten. Bat egin zuten bi bideek Lasarte-Orian: ahobizi eta belarriprest rolak sortu zituzten —eusle eta uzle, Aldahitz proiektuan—. 1.900 lagun elkartzea lortu zuten.

Eta Euskaraldia heldu da: Euskal Herri osora hedatuko dute aktibazio egitasmoa. Euskal Herri osoko instituzioak eta euskalgintzako eragileak batu dira; Euskaltzaleen Topagunea eta Eusko Jaurlaritza dira bultzatzaile nagusiak.

Egindakoari etekina atera

Euskaldunen erabileran jarri dute begia: badagoela aukera euskaraz gehiago egiteko. Gutxi egiten ote dute? Eredu estatistiko bat landu zuten Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k eta Xabier Isasik, erabilera zenbatekoa izan daitekeen kalkulatzeko. «Historikoki ikusi izan dugu neurtutako erabilera tasak espero zitezkeenak baino handiagoak izan direla». Olatz Altuna mintzo da, Soziolinguistika Klusterreko teknikaria eta kaleko erabileraren neurketaren arduraduna. Eredu estatistikoak doikuntza batzuk beharko lituzkeela ohartarazi du: «Jakinda gehienentzat euskara bigarren hizkuntza dela, suposatu behar al dugu euskaraz dakiten guztiek hala egingo dutela beren artean? Edo nola integratu euskaldun hartzaileen profila?».

Aldaketa handiak izan baitira urteotan. Euskararen ezagutzan eta ulermenean pauso nabarmena ageri da; 1986ko eta 2016ko datuak alderatu besterik ez dago. Bilbon, adibidez, badakitenak eta ulertzen dutenak batuta, biztanleen %49 dira; 1986an, %29. Hutsunea dago ezagutzan eta gaitasunean —«lehen mailako premia» da, Altunaren ustez—, baina atea zabaltzen ari da. «Toki askotan bada nahiko masa kritiko erabilerari bultzada ematen saiatzeko».

Ulermenean egindako aurrerapausoa dago Euskaraldiaren oinarrian. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskaraz badakitenak edo ulertzen dutenak euskal herritarren %45 dira —16 urtetik gorakoak sartzen dira inkestan—, eta datozen urteetan handituz joango da portzentaje hori, belaunaldi gazteen eragina dela medio. Horri etekina ateratzea da asmoa.

Euskaldun gehiago dago, bai, baina beste baldintza batzuetan: gehienentzat bigarren hizkuntza da euskara, etxetik kanpo ikasia, eta aiseago egiten dute erdaraz; eta inguruan euskaldun gutxi dituzte. Erabiltzeko trabak, hortaz.

Eremu horietara ere iritsiko da Euskaraldia. Aktibazio egitasmo batzuk eginak dituzte jada; adibidez, Baiona-Angelu-Miarritzen egin zuten iaz —euskaldunak %8 dira; elebidun hartzaileak, %6—. Dinamika bat hautsi nahi izan zuten, Eneko Gorri euskara teknikariaren esanetan: «BAM lurraldean hiztunok ez dakigu non eta norekin euskaraz aritu, eta ingurune ultradiglosikoaren pisuak automatismoz frantsesera lerratzera garamatza». Hori aldatzeko, «zailtasunetan» zentratu ordez, «molde positiboan» heldu zioten: lehen hitza euskaraz eginda lor zitekeenaz konturatu ziren.

Eremu euskaldunagoetan ere egingo dute Euskaraldia, euskara hizkuntza nagusia den herrietan. «Euskaraldia guretzat baliagarria izan daiteke hizkuntza ohituren inguruan areago hausnartzeko», azaldu du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko koordinatzaileak, Miren Segurolak. «Oro har euskaraz hitz egiten den udalerri euskaldunetan badira erdaraz aritzen diren hainbat eremu». Proposamen osagarri bat egin du Uemak, Hamaika aldiz gehiago! izenekoa. Gogoeta bultzatu nahi du, herri euskaldunetan euskara zenbat erabiltzen den hedabideetan, kulturan, aisialdian, lantokietan eta halakoetan, eta zer dagoen aldatu beharra.

Rolak ondo ulertu

Euskaraldiak berak, hala ere, oinarria hizkuntza ohituretan jarriko du: erabileran, eguneroko jardunean. «Euskararen erabilera efektiboa bilatzen du, ez sinbolikoa», ohartarazi du Jauregik. Hori izango da ahobizi eta belarriprest rolen funtzioa: egunerokoan euskara txertatzea. Hori lortzeko, uste du rolak ulertzea dela lehentasuna, eta ez jendetzak parte hartzea. «Hasieran, arreta kalitatean jarri behar da: belarriprest eta ahobizi figuren esanahia ongi ulertzea, konpromisoak ongi betetzea». Ahobiziek euskarari eutsi behar diote ulertzen dioten guztietan, eta belarriprestek bide eman behar dute euskaraz egiten uzteko. «Kontratu sozial moduko bat da; figura bakoitzak mezu zehatz bat bidaltzen die herritarrei». Biak dira garrantzitsuak. Ohar argia egin du Jauregik: «Herritar batek, euskaldun izan arren, prest ez badago edo bere burua indarrez ikusten ez badu hizkuntza ohiturak era aktiboan astintzeko, ez du ahobizi txapa behar; belarriprest txapa jartzea litzateke egokiena».

Aldaketa pertsonala eskatzen du, beraz, Euskaraldiak, baina ez bakarrik egitea. Altuna: «Hizkuntza ohiturek bi dimentsio dituzte: banakoarena eta taldearena. Hizkuntza fenomeno soziala da. Ohiturak aldatzeaz ari garenean, biak hartu behar dira kontuan: banakoa, norberaren profil linguistikoa eta borondatea, eta taldea, erabaki kolektiboa». Taldeaz aritu da Gorri ere: «Horizontalki eta auzolanean lan egin dugu, esperientzia partekatzea oinarri».

Taldeko ekintza izango da, eta talde horretan ez dira sartuko erdal elebakarrak. Euskal herritarren %55 dira. Jauregik berretsi du erabilera benetakoa lortu nahi duela Euskaraldiak, ez aldekotasuna. Horregatik erdal elebakarrak kanpoan uztea. «Euskararen erabilera hazten den neurrian are nabarmenagoa izango da euskaraz ulertzeko beharra eta gogoa. Hori erabilera terminoetan planteatu behar da, eta ez motibazio sinbolikoaren terminoetan».

Hala ere, herri batzuetan rol bat sortu dute euskara ulertu ere egiten ez dutenentzat: irribizi, bihotzgoxo... Erdaldunen jarrera positiboa erakutsi nahi dute horrela. Jauregik dio konpromisoak jarri behar direla mahai gainean: «Halako figurek adierazten badute konpromiso praktiko bat belarriprest izateko, urratsak egiteko, orduan erabilera logikan arituko ginateke, eta ez nuke kalterik ikusiko. Baina soilik euskararen aldeko gogoa edo adierazpen afektibo huts bat adieraziko balute, orduan ez liokete mesede handirik egingo dinamikari». Konpromisoak hartzea, beraz. «Eta helduen euskalduntzeaz arduratzen diren eragileek ahalegin berezia egin beharko lukete formula berriak gizarteratzeko».

Hiztun pasiboek, euskara ulertzen dutenek, bai, parte har dezakete Euskaraldian. Izatez, ahobiziek euskarari eutsi beharko diote hiztun pasiboekin: nahiz haiek erdaraz erantzun, euskaraz segitu. Elkarrizketa elebidunak dira horiek. Aldaketa da. «Heziketa behar da. Nekez eusten diote solaskideek beren hizkuntza hautuari, eta gehienetan hizkuntza hegemonikoa nagusitzen da», azaldu du Altunak. Bide beretik, Gorrik, BAMeko esperientzia gogoan: «Zailena ahobizien eta belarripresten arteko solasak izan dira. Belarriprestek esan dute ez zutela beren tokia atzeman; ahobiziek, oso zaila zitzaiela hitz jarioa emekitzea edo hiztegia egokitzea».

Helduen erantzukizuna

Erdal elebakarrak ez dira sartuko, eta umeak ere ez: 16 urtetik gora eduki beharko dira. «Haurren bizkarrean utzi dugu euskararen etorkizunaren zama. Modu latzean esanda: helduok egiten ez duguna nahi dugu haurrek etorkizunean egitea». Hori ezinezkoa dela azaldu du Jauregik: helduak direla «haurren sozializazioaren motor nagusia». Zer ikusi, hura ikasi. «Helduen munduak euskara baztertzen badu, nerabeek eta gazteek ere hala egingo dute nagusiki. Iritsi da garaia helduok hizkuntzaren biziberritzean geure erantzukizun soziala har dezagun eta eredu bilaka gaitezen».

Nobedadea da helduak hartzea jomugan, soilik helduak. «Orain arte, hizkuntzaren egoerak hobera egiteko, ia haurrak besterik ez da kontuan hartu», dio Altunak. Gaztetxoengan eragin handia du helduen munduak. «Euskarak presentzia urria du. Garrantzitsua litzateke gazteentzat erakargarri diren helduen espazioetan euskarak presentzia handia izatea. Eskolan irabazitako hiztunak ezin ditugu bidean galdu».

Urte erdi erronkarako. 11 egunez izango da Euskaraldia martxan. Orain arteko neurketa sakonena Lasarte-Orian egin dute; emaitzen arabera, ahobizien erabilera hogei puntu igo zen, eta apenas jaitsi zen amaitu ondoren. Ez da dena arrosa kolorekoa, nolanahi ere. «Gurean frustrazio asko agertu zen ebaluazioan: ez zen aski luzea izan, ez zen aski zabaldua izan, ez zen aski aitzindua izan... Baina frustrazio sanoak dira. Euskaraldia luzeagoa, zabalduagoa eta aitzinduagoa izango da», kontatu du Gorrik. Ohar bat ere egin du: «Kasu egin behar da hiztunak babesik gabe ez uztea».

Itxaropen handia sortu du Euskaraldiak, baina ez du arazo guztien soluzioa ekarriko. Altuna: «Ahalegin guztia ez da utzi behar herritarren bizkar. Politika publikoek euskararen erabilerari bete-betean heldu behar diote, lehentasuna emanez». Bide beretik, Gorri: «Hizkuntzen bizikidetza edo euskararen biziberritzea instituzioen erantzukizuna da. Instituzioen lana da euskararen erabilera errazteko testuingurua sortzea». Herritarrek ere badute zer egina. «Gauza asko egin ditzakegu geure kabuz, nehorren baimena itxoin gabe. Hiztunek badugu ingurunea aldatzeko gaitasuna».

BERRIAn argitaratua (2018/05/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA