astekaria 2018/05/25
arrowItzuli

mundua

Duintasuna onartzeko borrokan

Oskar Epelde

Duintasuna onartzeko borrokan

Kwamboka 30 urte inguruko intersexuala da. Txikitan, gurasoek kirurgia egin zioten, neska izaten jarrai zezan. Hamabost urtez, Nairobiko auzo pobre batean bizi izan da, eta pertsona oso errespetatua da bizilagunen artean. Ezaguna da, besteak beste, haurren artean kirola bultzatzeagatik. Auzoko nesken futbol talde bat entrenatzen du orain. «Neskek talentu handia dute, eta atera egin behar da», esan du. Horrez gain, intersexualei laguntzeko Kenyan sortutako erakunde batentzat lan egiten du. Toki askotan ibili dira auzoetako eragile nagusiekin hitz egiten intersexualek dituzten arazoen inguruan. Esan du kasuak aurkeztuko direla lan horren ondorioz, eta uste du zer edo zer egin ahal izango dutela gaur egun intersexualek sufritzen duten patu gordina leuntzeko. Ez dute lan erraza izango, Kenya baita LGTBI kolektiboaren kontrako legediak dituzten Afrikako 38 estatuetako bat. Borroka judizial betean daude Erresuma Batuaren lege kolonialek oinordekotzan utzi zuten kriminalizazioa bukatzeko, eta garaipen txiki baina garrantzitsuak ere lortu dituzte bidean.

Joan den martxoaren 22an, auzitegi batek ebatzi zuen legez kanpokoa dela gizonezkoei uzki azterketak egitera behartzea homosexualak ote diren jakiteko. LGTBI jendearen eskubideen aldeko erakundeek aurrerapausotzat hartu dute tratu umiliagarri hori bukatzea, baina erronkarik handiena Auzitegi Gorenak kriminalizazioa kentzea da. Otsailean eta martxoan, auzitegiak bi saio egin zituen aldekoen eta kontrakoen argudioak entzuteko, eta epaia emateko du oraindik. Uhuru Kenyatta presidenteak, ordea, argi utzi du ez duela babesten eskubideen aldeko ekinbidea. «Ez da Kenyako herriari orain axola zaion gai bat. Etorkizun batean, hainbat urte barru, seguruenik nik presidentetza utzi eta denbora puska batera, nork daki», esan zion AEBetako CNN kateari elkarrizketa batean, joan den apirilaren 20an. Estatuaren jarrera hori da oraingoz, Rafiki filmarekin gertatu denak erakutsi bezala. Kenyako film horrek bi lesbianaren arteko harremana kontatzen du, eta ikusgai egon da gaur amaituko den Cannesko zinema jaialdian. Ez, ordea, Kenyan, debekatu egin baitute.

Giro horretan, Kwambokak eta bera bezalako ekintzaileek ez dute amore ematen. Rongaitik deitu diote haur intersexual baten gurasoek. Nairobitik iparraldera dago hiri hori. Haurra, Kim izenekoa, eskola katoliko batean bizi da doan, aitak ezin baitu ezer gehiago ordaindu. Adbentisten eskolatik atera egin behar izan zuten, jasaten zuen jazarpenagatik. Aitak milioi bat txelin kenyar (8.400 euro) gastatu ditu haurrari probak egiten eta zer egin dezakeen aztertzen. Auzoan dirudun fama zuen, AEBetako turistak Masai Marara eta edonora eramaten zituelako bere furgonetarekin, baina orain etxea alokatzeko ere ez dauka dirurik. Dena galdu du, eta bankuak furgoneta eta kamioi bat enbargatu dizkio. Lanik ere ez du. Emaztea ospitale batean dago, depresioarekin, eta aitaren arreba gaztea etxean bizi da —ikasketa-mailegu bati esker mantentzen da—. Aitak LGBTIen kontrako iritzia du, baina uste du intersexualen arazoa berezia dela. «Gure semea horrela jaio zen. Zakil txiki-txiki batekin eta bi zulotxorekin, eta bietatik ateratzen zen gernua. Barrabilak sabelean sartuta zeuzkala esan ziguten ospitalean. Bere tokira eramateko egin beharreko operazioaren azterketa mediko guztiak egin ondoren, ohartu ziren barrabilez gainera obarioa ere bazuela». Medikuek esan diete ebakuntza behar duela , «nahastutako hormonen» eraginez «minbiziaren arrisku handia» duelakoan. Kimek 7 urte ditu, eta aitak esan du hil egin litekeela 18 urte izaterako, medikuek diotenez. Bostonera (AEB) joan behar luke ebakuntza egiteko. Gurasoak etsituta daude, zer egin erabaki ezin.

Bizimodu gogorra

Kwambokak ematen dien testigantzak berebiziko garrantzia du zulo batean dauden familia horientzat. Haur intersexualak dituzten familiei eskola laguntza ematen die —kanpoko diru-laguntzen bidez—, familia gehienak ekonomikoki larri iristen baitzaizkie. Horrez gain, balio handiko aholkularitza ematen die, arazoari beste era batera begiratzen ikas dezaten. Kimen aitarentzat, adibidez, intersexuala izatea «baliogabetasunik okerrena» da, baina Kwambokak erakusten dio ez dela gaitasun gabezia bat. Orain arte, familiek inoren laguntzarik gabe egiten diote aurre haur intersexualek dakartzaten erronkei. Dirutza gastatzen dute ospitalean, eta estatuak ez die inolako laguntzarik ematen. Kimen aita hainbat telebistara eraman zuten, bere istorioa esplotatzeko, eta eman zioten laguntza bakarra pixoihal batzuk izan ziren haurrak gernuarekin zuen arazoa ezkutatzeko, arazo handiak izaten baitzituen eskoletako komunetan.

Kimen aita kristaua da, eta semearen egoera «Jainkoak emandako arazo ezin latzagoa» dela uste du. Etxetik ateratzean, Kwambokak esan du familia horrek alferrik bota zuela ondare guztia bere semearekin. «Egin behar zuten gauza bakarra beheko zuloa ixtea zen, eta gero utzi den bezalakoa izaten, nahiz eta ezingo duen umerik eduki». Intersexualen eskubideen aldeko erakundeek familiek pairatzen duten bakardade hori bukatzeko egin dute Come out kanpaina (armairutik atera). Alde batetik, estatuari eskatu diote bere gain har dezala gai hori, eta, bestetik, arazoa sufritzen duten familiei lagundu nahi diete.

Kwambokak bezala, J. Tirop-Salat queer-ak ere LGBTIen eskubideen defentsari emana dio bizia. Lana gazteekin egiten du, «lesbianekin, bisexualekin edota generoarekin konforme ez dauden gazteekin». Gauza «sinpleak» esaten dizkie, «armairutik nola atera edo ez atera, adibidez». Familiarekin badaude, oraindik ez ateratzeko aholkatzen die, denek behar baitute eskolako heziketa bukatzeko aukera. «Ateratzen badira, etxetik botatzen dituzte; eskolatik at geratzen dira, eta drogak hartzen hasten dira. Kultura hori bukatu beharra dago». Gehienek edan eta erre egiten dute, eta bizimodu arriskutsua eduki ohi dute. «Edana ez bazaude, ezin dituzu jasan botatzen dizkizuten biraoak».

Goizeko ordu bietan edo hiruretan jasotzen ditu bere kasu guztiak. «Etxetik bota duten norbait, bortxaketa zuzentzaile bat jasateko arriskuan osabaren etxean itxita dagoen norbait, edo bere buruaz beste egin nahi duen beste norbait. Ez dakizu non dagoen, eta bilatu egin behar duzu. Oso lan zaila da, baina bizipenek aurrera jarraitzera bultzatzen zaituzte», dio Tirop-Salatek. Lan hori egiteko, uko egin behar izan dio gauza askori: familia, hezkuntza edo normaltzat hartuko litzatekeen bizimodu baterako azken aukera. Dioenez, bizi izan duenak aldaketaren alde zerbait egiten saiatzera bultzatzen du, baina askotan azpimarratu du zein bizitza zaila den. Kontatu du 2016an bere buruaz beste egitea erabaki zuela. «Jasaten dugun diskriminazioaren ondorioz, askotan muturreraino eramaten dugu bizitza». Alkoholarekin eta beste drogekin izan ohi dituzten arazoez gain, arrisku handiko beste jarduera batzuetan ere ibili ohi dira. Adibidez, etxetik eta eskolatik kanporatzen dituztenean, gay askok sexu lana egiten dute bizitza ordaintzeko, eta Poliziaren eskuetan bukatzen dute askotan.

Otsaileko auzi saioa

Auzitegi Gorenak otsailean egin zuen kriminalizazioa bukatzeko eskaera aztertzeko lehenbiziko auzi saioa. Aretoan, Paul Muite LGBTIen eskubideen aldeko ekintzaileen abokatuak Tirop-Salatek aipatutako «bortxaketa zuzentzaileen» krudelkeria azaldu zuen. Lesbiana batek pairatu zuen kasu bat azaldu zuen, zehazki; gizon talde batek bortxatu zuen, eta Poliziara jo zuen salaketa jartzera. Muitek kontatu zuenez, poliziek berriro bortxatu zuten emakumea.

Muite abokatu konstituzionalista ezaguna da Kenyan. Demokraziaren aldeko borrokan ibili zen 1990eko hamarkadan, eta espetxeratu egin zuten. 2010eko konstituzioaren egileetako bat izan zen, eta, hain zuzen, LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko erakundeek konstituzio horretan oinarritzen dute kriminalizazioa bukatzeko argudio juridikoa, konstituzioak ezartzen baitu estatuak ezin duela «diskriminaziorik egin, ez zuzenean ez zeharka, gutxiengoen eta baztertuta dauden taldeen kontra». Horregatik, azaltzen dute artikulu hori kontraesanean dagoela zigor kodearekin.

Auzibidean, LGTBI kolektiboaren eskubideen defendatzaileek aurrez aurre dituzte Estatuaren abokatua, Elizaren abokatua eta senatariena. Legeak bere horretan mantentzearen aldeko argudioen artean aipatu zituzten erlijioa, herritar gehienen nahia eta «Kenyako kulturaren defentsa». Estatuaren abokatuak ere esan zien erreferendum bat eska dezatela. «Gehiengoaren sinesmen erlijiosoak ezin dira erabili gutxiengo baten eskubideak ukatzeko», erantzun zien Muitek.

BERRIAn argitaratua (2018/05/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA