astekaria 2015/10/09
arrowItzuli

bizigiro

KHALID ALBAIH

«Mehatxatuta egoteak ez du inor heroi bihurtzen»

Ander Gartzia Badiola

«Mehatxatuta egoteak ez du inor heroi bihurtzen»

Udaberri Arabiarrarekin batera loratu ziren Khalid Albaih (Sudan, 1980) marrazkigilearen obrak. Kairotik Beirut hiriraino, hainbat hormatan ikus daitezke irudiok. Sudango preso politiko baten semea da, eta, hain zuzen ere, errepresiotik ihesi joan behar izan zuten Qatarrera bizitzera.

Aitak bizitakoak eragina izan al du zure ilustrazioetan? Eduki politiko handia dute.

Ez. Nik etxerik ez izatearen arrazoi nagusia, hain zuzen ere, politika da. Nik galderak egiten ditut. Zergatik ari da hau gertatzen? Ez dut esaten zer dagoen zuzen. Jendeak hausnartzea nahi dut.

Udaberri Arabiarrean egin ziren famatu zure marrazkiak.

Egunkariei eskaintzen nizkien, baina ezin omen zuten argitaratu halako irudirik. Orduan erabaki nuen nire lanak sare sozialetan erakustea [Khartoon!]. Jende gazte asko aurkitu nuen bertan. Izan ere, gazte arabiarrek bultzatu dituzte iraultza horiek. Europara bidean hil baino gehiago, euren herrialdeak eraiki nahi dituzte. Berritu. Diktadore hauek ia 40 urte egon dira agintean, Gaddafi bezala. Gure presidente Omar al-Basir, 25. Mubarak, 30... Europaren babesarekin, gainera.

Zure irudi bat haizea bezala zabaldu zen. Esku bat ikusten da, erdiko atzamarra goian duela. Tunisiako bandera du marraztuta. Itxita dauden hatzek Egipto, Algeria, Libia eta Sudango koloreak dituzte. «Besteek jarraituko dute», dio

Banekien iraultza ez zela Tunisian bakarrik gertatuko. Gero eta protesta gehiago ikusten ziren albistegietan. Bost lurraldeetan hil da jendea, aldaketa gosez. Bitan ez zen gauzatu aldaketarik [Aljeria eta Sudan], baina jendeak protestaka jarraitzen du.

Kritika asko jaso al dituzu?

Une oro. Eta hori nahi dut. Ez daukagu prentsa librerik; beraz, zerbait argitaratzen dudanean, jendeak eztabaidatzea nahi dut. Liberalak, sozialistak ala komunistak izan. Mundu errealean, ez da hitz egiten; batak bestea hiltzen du. Interneten, aldiz, jendeak ikasi egiten du.

Eta mehatxurik?

Asko.

Bereziki eztabaida piztu duen irudirik gogoratzen al duzu?

Ez du zertan eztabaidarik sortu. Edozer marrazteagatik hil zaitzakete. Edozer. Mundu arabiarrean ideologia ezberdinak daude, eta jendeak barru-barrutik sentitzen ditu. Ez da bakarrik gobernuek edo terroristek mehatxatzen zaituztela; edonork mehatxatzen zaitu. Jende fundamentalista asko dago, baina, hain zuzen, ez daukatelako askatasunik hitz egiteko. Hori da ikasi duten bide bakarra.

Charlie Hebdo al zara?

Ez. Nik ez ditut marrazkiak egiten jendeari zer irudituko zaion pentsatu gabe. Nik nahi dudana da zuek gure berri izatea gure bitartez, ez albistegien bitartez. Ezjakintasun handia dago mundu arabiarrarekiko eta islamarekiko. Errespetatzen dugun pertsona bakarra Mahoma profeta da. Ez daukagu ez kirol heroirik, ez politikari heroirik. Ehun urteren ostean, britainiarren, italiarren eta frantsesen okupazioen ostean, ez zaigu heroirik geratzen. Geratzen zaigun gauza bakarraz jabetu nahi izan dute. Eta zergatik? Ulertzen dut marrazkiek sortzen duten talkak balio handia duela, baina Charlie Hebdo-k 1.600 milioi pertsona iraindu ditu. Arazoa profeta marraztean sortzen da. Heroia izan nahi badut, marraztu dezaket profeta, baina mehatxatuta egoteak ez du inor heroi bihurtzen. Terrorismoaren biktima gehienak iraindutako 1.600 milioi pertsona horien artean daude. Jende hori kalean hiltzen ari da. Facebooken zerbait idaztearren kartzelara joan daitezke. Horiek dira benetako heroiak.

Non dago prentsa askatasunaren muga?

«Sua!» oihukatu al dezakezu antzoki batean? Zer lortu nahi duzu?

Sad joke izena jarri diozu erakusketari (txantxa tristea). Umorea izan al daiteke tristea?

Umorea tristuratik dator.

Laguntzen al du umoreak?

Buruarekin egiten bada, bai. Musikak eta arteak ere bai, baina umorea pertsonengandik oso gertu dago. Sei urteko haurra ala irakaslea izan. Hori da haren indarra.

BERRIAn argitaratua (2015/10/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA