mundua
JENN DIAZ
«Okerra da pragmatismoa autonomismoaren sinonimo izatea »
Igor Susaeta
JxC Junts Per Catalunyak eta ERC Esquerra Republicanak errepublika egin nahi dute, baina Espainiako Estatuak etorkizunean har ditzakeen erabakiei desobeditu gabe. Nola bat egin dezakete bi ideia horiek?
Eztabaidaezina da politikariak hemen daudela legeak sortzeko beren herritarrak hobeto bizi daitezen. Eta instituzioak egiten ari diren legeek ez badiete erantzuten irrika bati edo kalearen zati bat eskatzen ari den proiektu politiko bati, uste dut barrutik planteatu beharreko kontua dela. Beraz, nahiz eta, antza, orain denok apur bat asaldatuta bezala egon desobedientziak esan nahi duenarekin, gizadiaren garapena desobedientziarik gabe ez zen ezer izango. Orain, zoritxarrez, autonomia batean gaude, eta hori ahalik eta errepublikanoena izatea lortu behar dugu. Azken legegintzaldian saiakera hori egin zen.
Baina ez dirudi desobeditzeko asmorik dagoenik...
Orain, ahulduta gaudela, burugogor jartzea kontseilari ez-eraginkorrak aukeratzearekin, oker bat iruditzen zait. Geure buruari oztopoak jartzea eta fikziozko desobedientzia batera jokatzea... Azken finean, hauteskunde autonomiko batzuetara aurkeztu ginen. Nik uste dut orain dagokiguna dela geneukan indar guzti hori berreskuratzea, hurrengo erasorako prest egoteko. Hasi beharko genuke indargabetuta dauden lege sozial batzuk errekuperatzen. Autonomia errepublikanoenetik abiatuta, hori da parlamentuak egin dezakeen lehen desobedientzia ekintza.
ERCk, beraz, epe luzera joko duen borrokatzat hartu du.
Bai. U-1aren ondoren, beste fase batean sartu ginen. Egun haren eta abenduaren 21aren ondoren, hiru indar independentistek irakurketa bat egin behar zuten, jakiteko zein den proiektua, zein den bide orria. Baina iruditzen zait epe motzarekin obsesionatuta ez dugula epe luzera begiratu; interpretatzeko, adibidez, zer esan nahi duen %47 bakarrik edukitzeak. Zer egin dezakegu? Desobedientzia? Ahalik eta errepublikanoenak bihurtu? Oldartu? Bihar bertan errepublika bat egitea ikusita dago ezetz. Instituzioak berreskuratu behar ditugu, eta ondoren, jakin zein den gure bigarren U-1a, estatua ahalik eta gehiago ahultzeko; hori eginez gero errepublikano gehiago egiten ditugulako.
Gehiengo soziala zabaldu.
Bai, geurera ekarri, nolabait esatearren, milioi bat Albano-Dante Fachin horiek [Podemeko idazkari nagusi ohia]. Ez dugu independentista berri bat sortu, baina bai errepublikano berri bat. Independentista ez diren askori errepublika aurrera egiteko bide bat dela erakustea izan behar dugu helburu. Hori politika sozialak eginez lortuko da, eta gobernu berriko kontseilaritza sozialenak Esquerraren esku egongo dira. Independentismoa identitarioa, ekonomikoa edo kulturala zen lehen, baina orain, eta urriaren 3an argi ikusi zen, independentismo berriak nahi duena da estatu errepresibo eta diktatorial hau gainditu. Parlamentuaren bidez erakutsiz eskumenak ez edukitzea arazo bat dela, baliteke gertatzen ari dena azaltzen jarraitu ahal izatea Katalunian, Espainian eta Europan. Betiere, bide ez-biolentoak segituz; eta desobedientzia izan daiteke bideetako bat.
Baina Espainiak argi utzi du: desobedientzia ekintza orok zigorrak eragingo ditu.
Zigor horiei aurre egiteko, horregatik da inportantea nola Parlamentuko Mahaian hala kontseilaritzetan aurretik inputatuta ez dagoen jendea egotea. Dena den, izan gaitezen argiak: errepublika bat lortzeko desobedientzia ondo iruditzen zait; gu geu ahuldu eta errepublikarik ez edukitzeko desobedientzia zentzugabekeria iruditzen zait. Nik uler dezaket jende askorentzako Puigdemont izatea errepublikaren ikurra, baina Puigdemontek berak ireki dio bidea Torrari. Behar beste argiak izan behar dugu geure kartak jokatzeko. Ez dugula 155a gaindituko? Beti esaten dut: Estrasburgoko karpeta geroz eta beteagoa dago. Bestetik, okerra da pragmatismoa autonomismoaren sinonimo izatea.
Aurreko legegintzaldian, PDeCATen eta ERCren asmoa izan zen independentzia hemezortzi hilabetetan lortzea.
Uste dut hori izan dela egindako hutsegiteetako bat. Data batzuk jarrita, guk geuk geure buruari tranpa egiten diogu. Bakarkako lasterketa bat balitz, ulertuko nuke guk geuk data batzuk jartzea, geure esku legokeelako. Baina, gustatu ez arren, iraupen lasterketa bat da, bi aktore ditu, dena ez dago geure esku. Nik uler dezaket jende batek ezer jakin nahi ez izatea estatu espainiarraz, baina hau negoziazio batean bukatuko da, nahiz eta Espainiak ez nahi.
Ea nork irauten duen gehiago da kontua?
Noiz edo noiz kanpoko agenteren batek lagundu beharko du xake partida hau eteten. Konfiantza dut nazioartekotzean.
Hauteskundeetatik hona traidoreak moduan geratu izanaren irudipena duzue ERCn?
Bai. Arazo bat dago: herritarroi inork ez digu kontatu zer gertatu zen urrian. Horregatik, herritarren emozioen kudeaketak ERCri eragin dio, lidergo independentistatik ez delako ondo kudeatu. Ahuldu egin gaitu, pragmatismoa zaila baita kudeatzen presa duzunean. Esquerrak higadura handia jasan du. Blokeoak kalte egiten zigula esango nuke. %80 bat kalean edukita, blokeo horri eusten zaio, baina %47arekin ez. Azaroan egindako greba orokorrean ikusi ahal izan zen. Desobedientzia partzialak kalte egiten digu.
Katalanek Espainiako Estatua gutxietsi duten neurri berean gutxiesten ari dira Espainiatik Katalunia?
Espainiak gutxietsi ditu katalanen ahala eta Kataluniako lider politikoek, herriaren aginduari jarraitzeagatik, haien aulkiak galtzeko erakutsitako adorea. Eta Kataluniak gutxietsi du Espainiaren indar fisiko eta judiziala. Espainian gobernatzen dutenen maila hain apala denez, uste genuen mespretxatu besterik ez gintuztela egingo. Bai, pentsatzen genuen politikariak inhabilitatu zitzaketela, ez, ordea, errepresioa hain basatia izango zenik.