astekaria 2015/12/18
arrowItzuli

iritzia

Ahotsari leku

Andoni Egaña

Ahotsari leku Andoni Egaña

Probatu duenak badaki zeinen nekeza den otorduoste batean, norbait isiltasun eske hasi pare bat txalo jota, halako batean den-denak isildu eta ahotsa ateratzea. Esan egin behar da zerbait; egokitu egin behar da norbere esan nahia unera eta jendarte hartara; begiak zugan iltzaturik sentitzen dituzu; beti brageta zabalik ote daramazun susmoa izaten duzu eta biluzik sentitzen zara mikro-oina den ziri mehe horrek babesten ez bazaitu.

Aste honetan ikusi dut estreinakoz Inaxi Etxabe zutitu eta bazkalondoren batean bertsotan hasteko unean. Duela hirurogei urteko argazkia da, hor nonbait. Inpresioa eragin dit. Zuri-beltzeko argazkia da, jakina, eta mahai-jira garai haietakoa: botilakera, manteleria, gizasemeen alkondara eta gorbatak, emakumeen orrazkera eta soinekoak… Eta jarri naiz pentsatzen zeinen zaila behar zuen garai haietan, zutitu, jijiji jajajak isilarazi eta ahots bakarraren jabe izateak, zer eta, gainera, emakume izanik. Itzalari hitza aisa onartzen zaio; itzalekoarena beti entzuten da mesfidantza handiagoz eta arreta urriagoz.

Askotan onartu du Inaxik ez duela bere burua bat-bateko bertsolari jotzen, bertsozale eta bertsojartzaile baino. Ez zuen plazan aurrera egin, eta bere jarduera bertso-jartzaile izan —sari garrantzitsuren bat eskuratua hain zuzen— eta bazkalondoetan bertsoren batzuk botatzera mugatu zen. Aztertzekoa litzateke nork-nori jarri zion muga. Jendartearen usteak Inaxiri, Inaxik bere buruari, bi faktoreen arteko nahasketa bat izan zen… Hogeitaka urte gerora, Kristina Mardaras eta Arantzazu Loidi bertatik bertara ikusi genituen, koloreetan, eta gu orduan askorik jabetzen ez baginen ere, haien bide urratzea ere ez zen samurra izango, Inaxirena baino errazagoa izango zen baina. Eta gerora, Estitxu Arozena eta Maialen Lujanbio ikusi genituen, koloreetan ez, txapela gorri banarekin, Hondarribian, jada aspaldi, bi neska koxkor. Eta haiek ere izango zituzten hartxintxarrak pausoko eta barne kriki-kraka ugariak gizonezkoen mundutxo hartan euren burua kokatzeko, baina Inaxiren sasoiak urrun zeuden eta Kristina eta Arantzazuk urratuak zituzten biderik sasitsuenak…

Basarrirekin izan zuen ika-mikarengatik egin da ezagun, besteak beste, Inaxi. Basarrik bertso batzuk idatzi zituen Anaitasuna aldizkarian euskararen galeraren erantzule, neurri batean, emakume klase baten jarrera joz. Aldizkari berean erantzun zion Inaxik beste bertso-sorta batekin. Ausardia behar zuen orduan Basarriren hitza kolokan jartzeko! Beste garai batzuk ziren eta, Jainkoa ez ezik, Jainkoaren hurrengoak ere izaten ziren. Gainera, itzal handia zuen Inaxirentzat Basarrik, miresten zuen, baina min hartu zuen unean erantzutea beste biderik ez zitzaion geratu. Gerora, arrazoiaren zatirik handiena Inaxirena zela baina Basarrik ere bazuela bere arrazoi punttua onartu beharko genuke. Izan zela sasoi bat emakume batzuek, askatasun arlo ñimiñoak irabazi ahala, tarteka erdarara jo zutena. Hirietan edo herri handi samarretan elkarrekin bildu eta kafea hartzen hasi zirelarik, ateratzen zirela gai batzuk, inoiz inorekin hitz egin gabeak, ez familian, ez lantegian, ez… eta mintzagaien berritasun horrek ekarri zuela beste hizkuntza batean hasteko joera. Baina nire kontuak baino ez dira horiek, sen hutsez boteak. Poz handia emango dit niri, non eta Illunben, edadeko emakume bat txapela ipintzen ikusteak. Neskame joan zenean lan zama asko urritu zitzaiola onartzen duen andrearen umearo eta gaztaroa larre motxekoa izan zela esan beharrik ez dago. Herritarra dut eta auzokoa. Erorrera gaizto bat izan eta ezindurik zebilenean ezagutu nuen gehixeago. Makulurik gabe noizko jar zitekeen izaten genuen hizketagai. Denbora gutxiren buruan, ezindutik ahaldundura jo ahal izateko zoria izan du. Merezi zuen.

BERRIAn argitaratua (2015/12/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA