astekaria 2015/12/18
arrowItzuli

gizartea

MANUEL LEZERTUA

«Ziur naiz egun baino etsai gehiago izango ditudala kargua utzitakoan»

Jon Rejado

«Ziur naiz egun baino etsai gehiago izango ditudala kargua utzitakoan»

Manuel Lezertua (Bilbo, 1957) maiatzean izendatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko ararteko, baina bi hilabete baino ez ditu eman lanean. Izendatu eta gutxira, biriketako minbizia atzeman zioten. Urriaren 19an itzuli zen postura, eta, denbora gutxian, ohiko lanean murgildu da: txostenen aurkezpena, aurrekontuak, elkarrizketak... Hori guztia, gehi bizimodu berrira egokitzea.

Izan ere, duela hogeita hamar urte Estrasburgora joan zen. Ordutik, Europako Giza Eskubideen Auzitegian, Europako Kontseiluan eta beste hainbat erakundetan aritu da legelari. Europako instituzioetako ibilbidearen ostean, ararteko izateko itzuli da, EAJk proposatuta eta PSE-EEk eta PPk babestuta. Euskal Herrirako egokitzean euskaran aldaketa handia ikusi duela aitortu du Lezertuak: «Asko aldatu da hizkuntza 30 urtean». Hain zuzen, euskaraz egin du elkarrizketa.

Lehenik eta behin, zer moduz itzulera? Biriketako minbiziaren ebakuntzaren ostean, zer moduz zaude indarrez?

Hegazkinak lurreratzen diren moduan ari naiz [besoak zabaldu eta kulunkatzen ditu]. Lau hilabete eman dut mugitu gabe, batez ere ospitalean. Horren ostean, behingoz hasi naiz lanean, gogo handiarekin. Medikuak senda-agiria eman zidan urriaren 20an-edo, baina aurretik ere hona gerturatzen hasia nintzen, muturra sartzera.

Eta lanaldia? Gogorra egiten ari al zaizu?

Buru-belarri sartu naiz, hamabi edo hamalau orduko lanaldiak eginez. Medikuek esan zidaten lasai aritzeko hasieran; egun batean lanera joan, eta, agian, pare bat ordu ematea... Eta, lehen egunean, hamalau ordu! Nortasunarekin lotuta dago hori.

Lanera itzuli eta gutxira, aurrekontuak aurkeztu dituzu. Hain zuzen, PPk aurrekontuaren gutxitzearekin lotu zuen bere babesa. Non ikus daitezke murrizketa edo aldaketa horiek?

Ideia batzuk ditut, gai horri heltzeko. Bide onetik noan jakiteko, eztabaidatzen ari naiz zenbait idazkarirekin, arartekoaren ondokoarekin, zuzendariekin...

Nondik doaz ideia horiek?

Arartekoaren barruko egitura sinpleagoa izatea nahiko nuke. Iñigok [Lamarcak] oso gauza onak egin zituen: erakundea ezagutarazi zuen, gauza asko asmatu zituen... Dena den, gauza batzuetan, agian, hanka sartu zuen apur bat. Egia izan gabe, baten batek pentsa zezakeen hemen denak jeneralak zirela. Zuzendari asko izendatu zituen, eta Eusko Legebiltzarrean urduri jarri ziren.

Nolako egitura duzu buruan?

Arartekoaren inguruan lau pertsona egongo dira, eguneroko eztabaidetan lagundu eta erabakiak hartzeko. Arloak egongo dira gero, eta, azkenik, administrazioko langileak. Gaur egun, 28 arlo daude, eta pentsatu behar dugu nola antolatuko ditugun. Adibide gisa, eta argi gera dadila adibide bat baino ez dela, osasun alorra dugu, baita buruko gaixotasunena ere. Agian, biak batera daitezke... Zer edo zer egin beharko dugu; bestela, datorren urtean ez gara egongo hain ongi.

Murrizketak egin beharrean, Iñigo Lamarcak aldarrikatu zuen Arartekoak langile gehiago behar zituela lan egokia egiteko?

Iñigok hamar urte eman zuen, eta urte askoan ez zuen izan aurrekontu arazorik. Dena den, azken urtea oso txarra izan zen, eta ia atzera bota zioten proiektua. Txarto pasatu zuen Lamarcak, baina azken txanpan zegoen, luzapenean. Eta hor sartu naiz ni; lehen aurrekontuak aurkeztu ditut, eta onartu dizkidate, bestela ez nukeelako izango zer egin. Edonola ere, grazia egiten dit legebiltzar taldeek Arartekoarekin duten jarrerak.

Zerk egiten dizu grazia?

Paradoxikoa da jendearen eta legebiltzarkideen jarrera; eskaera bat egiten dute, baina erabakitzeko unean ez da hori islatzen. Espetxe barruan gertatzen diren buruko gaitzei buruzko txostena aurkeztu genuen, duela gutxi. Hor dauden hutsuneak jakinarazi genizkien. Denek txalotu zuten lana; egindako ikerketa eskertu zuten. Are gehiago, beste alor batzuk ere ikertzeko eskatu ziguten: espetxe barruko hizkuntzen mapa... Ados, ideia zoragarria da. Baina ikerketek dirua balio dute; nondik aterako du Arartekoak diru hori, Eusko Legebiltzarrak ematen ez badigu?

Arartekoa susmopean jarri zuten Lamarcaren azken txanpan. PPk EAEko herritarren defendatzailea kentzea ere proposatu zuen. Hori guztia gerora eskatutako murrizketen iragarpena izan ote zen?

Jendaurrean esan dena baino ararteko hobea izan zen Lamarca: GKE-ekin izandako harremana, ausardia... Batzuetan, ahopean haren pertsonaren kontra egindako kritikak ere entzun ditut: aholkuak gustuko ez izateagatik, hobekuntzak eskatzeagatik... Arartekoaren lanpostuan ezin duzu bukatu hasi zaren moduan. Oraintxe, heldu berria naiz, gaixorik egon naiz, eta kanpotik nator; ez dut zorrik hemengo inorekin. Ziur nago bulego honetatik alde egiten dudanean etsai gehiago izango ditudala, orain ditudanak baino. Bestela, nire lana ondo egin ez dudan seinale.

Ararteko izendatu zaituzten garaia ez da samurra; krisia hasi eta zazpi urtera itun soziala bera kinka larrian dagoela esan izan da. Euskal Herrira heltzean halakorik sumatu al duzu?

Euskal Herria ez da berezia alde horretatik; Europan, oso antzeko arazoak daude. Frantzian edota Alemanian, problema hori kalean ikusi dut. Gizarte ituna salbatu nahi badugu elkarrekin bakean bizitzeko, zer edo zer eman behar dugu. Gizarte zati handi bat ezin da babesgabe utzi. Euskal Herrian, elkartasun hori egon da. Ez da perfektua izango, baina, egon, badago.

Gizarte laguntzekin lotutako kexek izan dute zabalkunde handiena azken urteetan. Hala al dira gaur egun ere?

Lanez gainezka gaude. Milaka pertsona datoz guregana. Arartekoa ez zegoen prestatuta horri aurre egiteko; are gehiago, administrazioa bera ere ez zegoen prest. Lanbidek izan dituen arazoak ikusi baino ez dira egin behar. Gizarte gisa, saiatu gara koltxoi bat antolatzen, babesgabe zeudenei laguntzeko. Finantza krisia eta krisi ekonomikoa beste modu batean bizi izan da Euskal Herrian.

Beste modu batean bizi izan bada ere, gizarte laguntzak eta iruzurra lotzen duten diskurtsoa heldu da.

Bai, baina ez dago alderdi faxista edo xenofoborik. Egongo dira esaldiak edota jarrerak, baina xenofoboak baino demagogoak izan direla uste dut. Ez dut uste hauteskunde hauetan garrantzi handirik izango duenik gai horrek. Frantzian, berriz, Fronte Nazionalarekin gertatutakoa baino ez da ikusi behar; eta alderdi hori faxista da.

Lanbide aipatu duzu dagoeneko. Pentsatzekoa da Lamarcak mahaiaren erdian utziko zizula txosten hori, azkenaldian buruhauste gehien eman duen alorretako bat delako...

Hala da. Eskerrik asko, Iñigo [barre egin du].

Zein egoeratan dago gaur egun?

Diru sarrera bermatzeko errenta dela-eta bidalitako gutunen auziaren txarrena pasatu da, baina txostenen erdiak inguru geratzen dira bideratzeko.

Azken urteetan, familia eta lana bateratzeko laguntzek ere zeresana eman dute. Urtea amaitu aurretik amaitu izan dira, eta baimena eskatua zuten pertsona batzuk laguntza gabe geratu dira. Denbora gutxi daramazu lanean, baina dagoeneko gaiari buruz hitz egin duzu.

Euskal Herrian, ez dago umerik. Gure gizartea zahartzen ari da. Zenbait arrazoi daude atzean, baina horien artean dago familia eta lana bateratzeko behar beste laguntzarik eza. Ez dago laguntza zuzenik, ezta ordutegi egokirik ere, familia eta lana bateratzeko. Horri buruzko lan baten berri eman nuen Eusko Legebiltzarrean, eta legebiltzar talde guztiak ados egon ziren. Agian, egunen batean zerbait egin beharko lukete horren harira.

Beste maila batean, azken urtetan Arartekoak hainbatetan hitz egin du Irun eta Hondarribiko alardeez. Aurten, gaixotasunagatik, ezin izan zinen ez batean ez bestean egon, eta 30 urtean kanpoan egonda agian egondako tirabirak...

Tirabirak egon dira, bai. Gehiegi, beharbada. Jarrera tinkoa dugu gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Instituzioak ezin du onartu herri jaietan emakumeek parte ez hartzea; beste mende bateko zerbait da. Arazo hori gehiegi luzatu da, eta pausoak eman behar dira konpontzeko. Irungo alkatea ezagutzen dut, eta pentsatzen dut pertsona inteligentea dela, eta politikari fina. Irunen egoera ez da konpondu, baina baretu da. Santano alkateak beharbada ahaleginak egin ditu alde horretatik, eta elkarrizketen bitartez pauso gehiago eman daitezke. Hondarribiko egoera ez dut ezagutzen; alkatearekin biltzeko tartea bilatu behar dugu. Ikusiko da zer gertatzen den. Agian, Irunen aurrera eginez gero, Hondarribian ere konpontzeko bideak sor daitezke, zeinek daki.

Duela 30 urte Euskal Herria utzi zenuenetik, ekonomia ez ezik, egoera politikoa ere aldatu da.

Txosten hori mahai gainean dut; handia da, eta luze hitz egiteko modukoa da. Hasieratik hasi naiz gai horretan sartzen. Egungo egoerak ez du zerikusirik duela 30 urte zegoenarekin; iritzi oso kontrajarriak daude, baina hitz egiten da. Agian, lañoa naiz, baina lau urtean inor hil ez izana oso garrantzitsua dela uste dut; gero beste pauso batzuk eman beharko dira.

Gaixorik dauden euskal presoen zein sakabanaketaren gaia hainbatetan heldu da Arartekora; ez da zure eskumena, baina testuinguru politikoak lagundu al dezake gaia argitzen?

Ezin zaio bigarren zigor bat jarri jadanik zigortuta dagoenari. Zergatik handitu zigorra urrun eramanda? Konstituzioaren aurka doa, eta giza eskubideen epaimahaiak esan izan du espetxean daudenek, askatasuna galdu arren, haien funtsezko eskubideak mantentzen dituztela. Dena dela, giroa ez da bereziki baikorra oraintxe bertan, erantzuna ezezkoa baita kasu gehienetan.

Presoen osasunari buruzko txosten bat azaldu berri duzu Eusko Legebiltzarrean.

Espetxeak ez dira leku egokienak gaixotasunak sendatzeko; beste giro bat behar dute. Ez dira neurriak hartzen, bereziki buru osasunaren alorrean. Badaude onartezinak diren kasuak.

Eguneroko kexez eta txosten bereziez gain, zure eskarmentua baliatu duzu jadanik beste egitasmo batzuk abiarazteko. Besteak beste, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 67. urteurrena baliatu duzu Bilbon hitzaldi bat antolatzeko.

Bizitza profesional osoa Giza Eskubideen inguruan eman dut, eta irakasle izan nintzen urte askoan. Bertan ezagutu nuen jende pila bat, Fabian Salvioli kasurako. NBEren Giza Eskubideen Batzordeko lehendakaria izendatu zuten Salvioli, eta Bilbora gonbidatu dut. Amnesty Internationaleko presidentea izan zen Argentinan, oso garai txarrean.

Azkenik, klima aldaketari buruzko Parisko goi bileraren inguruko kezka agertu duzu.

Gaiari heltzeko azken aukera da. Badago abagunea zer edo zer egiteko. Geroz eta presio handiagoa dator behetik. Ez dakit zer erabakiko duten, bana erabakiko den hori neurtzeko baliabiderik ez badute jartzen... Hamaika aldiz bildu dira, baina ezer lortu gabe.

BERRIAn argitaratua (2015/12/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA