iritzia
Bakarrik
Onintza Enbeita


Bai, egia da gobernuz kanpoko erakunde askok arazoak konpondu ez beste egin dutela joan diren lekuetan. Egia da errukiak ez duela ezertarako balio. Egia da, zergak ordaintzen baditugu, erakunde publikoek bizitza duina bermatu behar digutela. Bai, egia da geu garela geure ekintzen erantzule. Bai, egia da dirua baino gauza garrantzitsuagoak eman ditzakegula besteen alde: denbora, maitasuna, eskulana. Bai, egia da oporretan nahi duguna egiteko eskubidea daukagula. Bai, egia da geure burua zuritzeko ematen dugula euro bat. Bai, egia da sistema kapitalistak Afrika pobrea behar duela Europa aberatsa izateko. Bai, hori guztia egia da, eta egia gordinagoak ere badaude. Baina ezer ere ez dago gure esku?
Mundua aldatzea ezinezko ariketa da ia; hain zuzen ere, munduaren ordenamendua arma nuklearrekin kontrolatzen dutenek gauzek berdin jarrai dezaten nahi dutelako. Baina gure ingurua alda dezakegu, gure erakunde publiko txikiak baldintza ditzakegu, gauzak egiteko modu berriak asma ditzakegu, gure lau sosetako baten erdia nori eta nola bideratu erabaki dezakegu, gure kaleetan aniztasuna ikusarazi dezakegu... Hainbeste gauza egin ditzakegu, geuk bakarrik, banan-banan... hainbeste gauza egin ditzakegu kolektibitate txiki-handietan eragingo luketenak... eta beti daukagu aitzakia egoki bat ezer ez egiteko.