astekaria 2018/05/11
arrowItzuli

gizartea

Eraldatzaile antropologian

Jon Rejado

Eraldatzaile antropologian

Haren obrak modu eraginkorrean lagundu du Euskal Herriko genero ikuspegiaren garapen kulturalean». Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa sariaren epaimahaiak Teresa del Valleren (Donostia, 1937) ibilbidea aitortu du aurten. Gogora ekarri du Euskal Herrian antropologia feminista sustatzen izan duen garrantzia. Halaber, haren ikerlanen dibulgazio lana goratu du, baita nazioartean izandako eragina ere.

Del Valleren bizitzan hamaika adibide daude non lan hori guztia irudikatzen baita. Adierazgarria da, besteak beste, Mujer vasca. Imagen y realidad azterlana (Euskal Herriko emakumea. Irudia eta errealitatea). Euskal Herriko antropologia feministaren abiapuntutzat hartu izan da; berak zuzendu zuen, Filosofia Fakultatean —Zorroagan zegoen, Donostian— eskolak ematen hasi eta berehala, Ameriketako Estatu Batuetatik heldu berri. Del Vallek esplikatu izan du lan horrekin desegin egin zutela Euskal Herriko emakumeei aitortzen zitzaien boterearen mitoa: «Kostaldeko, landa eremuko eta hirietako emakumeei hitza emanez».

1985an argitaratutako ikerlan hori ale bakarra da ibilbide oparo batean. Kuantitatiboki ez ezik kualitatiboki ere izan duen eragina goratu du epaimahaiak. Antropologia Soziala diziplina gisa ezartzeko eta finkatzeko lana aitortu diote, baita antropologia feministaren arloan eta metodologian sakondu izana ere. Besteak beste, 1984an eman zuen gai horrekin lotutako lehen doktorego ikastaroa: Sexu Bereizketa eta Hierarkizazioa. Lan horren guztiaren ondorioz, Emakunde Saria eman zioten 2010. urtean.

Del Valle Donostian jaio zen. «Gerraren gorabeheren ondorioz», ordea, Bilbon hazi zen. Vera Cruzeko ikastetxean hasi, eta Berrizko institutu misiolarira joan zen gero. Horrek mundurako ateak ireki zizkion. Ikastetxea kudeatzen zuten mesedetako misiolarietan sartu zen 21 urte zituela, eta Amerikako Estatu Batuetara bidaiatu zuen, han ikastera. Arte eta Historia ikasketak egin zituen Saint Louiseko Unibertsitatean, eta eskolak ematen hasi zen Guam irlako unibertsitate publikoan. Mikronesiako historian sakontzen hasi, eta horrek beste bide batzuk ibiltzen hasteko era zabaldu zion. Doktore tesia egin zuen Hawaiin. Orduan izan zuen lehen harremana feminismoarekin. «Nazioarteko emakume talde bat sortu genuen; gure kulturaren inguruan hitz egiten genuen, baita emakume gisa izandako sozializazioaz ere».

Orduan, mesedetako misiolariak utzi, eta Euskal Herrira itzuli zen, Franco hil eta gutxira. Aitzindaritza lana hasi zuen orduan. Besteak beste, Antropologia Sozialeko lehen irakaslea izan zen Filosofia Fakultatean, 1979an. Ordutik, esan bezala, antropologia feminista arlo gisa garatu du. Parte hartu zuen EHUko Emakumearen Ikasketen Mintegiaren sorreran ere, nazioarteko hainbat forotan lan egiten zuen bitartean: Gizarte Antropologiako Europako Elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta baita Ozeanistentzako Europako Elkartearena ere.

BERRIAn argitaratua (2018/05/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA