bizigiro
Alfabetoa politikoa denean
Lander Muñagorri Garmendia
Baina bada arau hori hausten duenik ere, lege denek izan ohi dutelako salbuespena. Hizkuntza askotan egin dute alfabeto aldaketa, baina azken adibidea Kazakhstandik iritsi da: kazakheraz idazteko, alfabeto zirilikoa erabiltzen dute 1940. urtetik, baina latinoa gailenduko da 2025etik aurrera. Hala aurreratu zuen Nursultan Nazarbayev Kazakhstango presidenteak joan den urtean. Turkiar jatorriko beste hizkuntzak bezala, beraz, alfabeto latindarra erabiltzen hasiko dira datorren hamarkadan. «Munduan gehien erabiltzen den alfabetoa da; areago, latindarra zientziaren eta teknologiaren alfabetoa da». Hori izan zen presidenteak aldaketa arrazoitzeko eman zuen argudioa. Baina Mujikak ez du uste arrazoi nagusia izango denik, «puntu hori hor dagoen arren».
Erabaki praktiko horren atzean politikak ere zerikusia baitauka; areago, arrazoi nagusia politikoa izan da alfabetoa aldatu izan duten estatuetan. Hala azaldu du Joakin Gorrotxategi EHUko Letren fakultateko irakasleak: «Garai batean, alfabetoa ez zen aukeratu ere egiten, eta zegoena erabiltzen zen, baina egun alfabeto bat edo beste erabili aukeratzen bada, atzean arrazoi politikoak daude»; izan ere, sistema edo eragin kultural bati atxikimendua adieraztea da alfabeto bat edo beste erabiltzea.
Begiratu besterik ez dago, bestela, 1940. urtean SESBek hartutako neurria: urte hartatik aurrera, alfabeto zirilikoa erabiltzen hasi behar izan zuten bere barruko errepublika sobietar guztietan. Alfabeto bera erabilita, herrialde horiek sistema baten barruan izango ziren. Neurri hori Josiv Stalin orduko agintariak hartu zuen, erabakiak zailtasunak ekarri zitzakeen arren.
Izan ere, errepublika sobietarretako hizkuntzetan hainbat alfabeto erabiltzen ziren erabaki hori hartu baino lehen. Kazakhera, turkmenera edo uzbekera, esaterako, alfabeto arabiarrean idazten ziren ordura arte. Hirurak ere turkiar jatorriko hizkuntzak izanda, erro horri lotutako alfabetoa erabiltzen zuten. Idazkera aldarazi zioten, horrek zailtasunak ekarri bazituen ere.
Mujikak azaldu duenez, ordura arte sekula ez zen zirilikoa erabili hizkuntza horiek idazteko, eta hizkuntzalariei eskaera egin zieten alfabeto berrira egokitzeko lekuan lekuko fonemak. Kazakheran, horrek buruhausteak eragin zituen: «Errusierak zirilikoko 33 hizki behar ditu idatzi ahal izateko, eta horiekin guztiekin iritsi ziren Kazakhstanera, baina ikusi zuten gehiago behar zituztela». Bederatzi letra gehiago sortu zituzten, eta kazakheraz idazteko zirilikoko 42 hizki behar dira. Euskaraz 27 erabiltzen dira.
Erabaki politiko bat zegoen aldaketa horren atzean, eta, alfabeto berria hizkuntza bakoitzera aplikatzeko garaian zailtasun batzuk egon daitezkeen arren, arauak sortutakoan ez da bestelako zailtasunik sortzen. Hala uste du, behintzat, Mujikak: «Pauta bat ezartzen denean, hori hasten da aplikatzen; aldaketarako zailtasun nagusia praktikoa da, plan bat egin behar baita alfabeto berria erabiltzen hasteko». Hau da, hezkuntzan txertatu behar da, administrazioan, hedabideetan eta beste alor denetan.
2000ko hamarkadan beste saiakera bat egin zuen Kazakhstan alfabeto zirilikotik latindarrera aldatzeko, baina horrek 300 milioi dolarreko (253 milioi euro) gastua eskatzen zuen, eta alboratu egin zuten erabakia, aldi baterako. Iaz berriz heldu zioten gai horri, eta gobernuak aurreikusten du aldaketa egingarria izango dela zortzi urtean. Horrek erakusten du erabakia politikoa dela, «alfabetoa aldatzeak kostuak dituelako», Gorrotxategiren arabera. Eta ez dira txikiak, gainera.
Alfabetoak, tresna politiko
Jatorri turkiarra duten beste hizkuntzek aspaldi egin zuten datozen urteetan kazakherak egingo duen aldaketa. «Eta, hala ere, aldaketa hori egin duten herrialdeetan hamabost urte igaro ostean ere ez da erabat gauzatu alfabeto aldaketa». Baina erabakia batez ere politikoa izan zenez, horrek zeukan pisurik handiena. SESB erori eta berehala egin zuten alfabeto latindarrerako aldaketa Turkmenistanen, Uzbekistanen, Azerbaijanen eta Moldavian; Errusiar tradizioarekin apurtzeko asmoz, azken batean. «Kazakhstanek harreman ona dauka Errusiarekin, baina aldaketa hori euren nortasuna adierazteko modu bat ere bada». Hala uste du Mujikak, baina Kazakhstanen hainbat eragile asaldatu egin dira erabaki horrekin. Yuri Solozobov Errusiako Estrategia Nazionaleko institutuko adituaren ustez, aldaketa «turkiar jatorriko hizkuntzen esparrura gerturatzeko saio bat» da, eta horrek «turkiar proiektuarekin bat egitea» ekar dezake.
Hain justu, Turkiak berak ere erabaki hori hartu zuen estatua sortu eta urte gutxitara. Mustafa Kemal Ataturk presidenteak ordura arte erabiltzen zen alfabeto arabiarra erabiltzeari utzi eta latindarra erabiltzen hasteko erabakia hartu zuen. Laikotasunarekin eta modernitatearekin lotzen zuen alfabeto latindarra. Azken finean, «iraganeko kontuak hankaz gora utzi nahi zituen horrekin», Gorrotxategiren arabera. Horregatik, SESB erori ostean, jatorri turkiarra zuten hizkuntzek alfabeto latindarrera jo zuten, eta horregatik egingo du kazakherak ere bide hori.
Baina, historian, ugariak izan dira antzeko erabakiak. Korearrek, esaterako, euren alfabeto propioa daukate, hangul izenekoa. 1443. urtetik erabiltzen dute, baina, japoniarrek 1910ean inbaditu zituztenean, bertan behera utzi zuten haren erabilera. Ez zen irakatsi ere egin 35 urtez, baina, independentzia berreskuratu zutenean, euren nortasunaren ezaugarri gisa berreskuratu zuten. Mongolian ere, beste horrenbeste. Bertikalean idazten den alfabeto bakarrenetarikoa da haiena, uigur izenekoa, baina, SESBen barruan sartu zirenean, zirilikora jo behar izan zuten, beste errepublika sobietarrek egin zuten moduan. Azken urteetan, bertako erakundeak jatorrizko alfabeto hori berreskuratzeko lanean ari dira, eta 2025. urterako gailentzea aurreikusten dute. Bi adibideek erakusten dute alfabetoa politikoa izan daitekeela, eta identitatearen parte izatera irits daitekeela.
Mujikak, hala ere, gogora ekarri ditu Kroazia eta Serbiaren kasuak. Serbiera eta kroaziera hizkuntza bera direla dio, «baina ez dute halakorik onartzen, nahiz eta arazorik ez duten elkar ulertzeko». Baina serbiarrak jatorriz ortodoxoak dira, eta kroaziarrak katolikoak, eta erabiltzen duten alfabetoa bakoitzak bere eragin kulturalekoak dira. Hau da, latindarra kroaziarrek, eta zirilikoa serbiarrek. «Belgraden, kaleen izenak latindarrez ere badauzkate, Europan daudelako, eta turismoak eta merkataritzak indarra duelako». Faktore horiek ere eragina daukate.
Latindarra edo zirilikoa?
Gaur egun, latindarra da munduan gehien zabalduta dagoen alfabeto sistema, eta hori gailendu da hizkuntza gehienetan. «Azken urteetan horra lerratu dira gehienak», Gorrotxategiren arabera. Batzuek, ordea, zibilizazioen arteko talka bat ikusten dute horren atzean. Maxim Medovarov geopolitika analista errusiarrak garbi ikusten du erabaki horien atzean Errusiaren eragina gutxitzea dutela helburu, eta kritikatu egin ditu zirilikoa erabiltzeari uzteko neurri horiek sareko zenbait idatzitan. Eragin talka hori garbi ikus daiteke Ukrainaren kasuan: Atzerri ministroak zirilikoa erabiltzeari utzi, eta latindarra erabiltzen hasteko proposamena aipatu du; non, eta mendebaldearen eta Errusiaren arteko eraginek guda bat lehertu duten herrialdean. Alfabeto hautura zabaldu daiteke, beraz, herrialde horretako gatazka giroa.