astekaria 2018/05/11
arrowItzuli

gizartea

Ekitaldien estrategia, finalera

Asier Arrate Iruskieta

Ekitaldien estrategia, finalera

Bilbo ekitaldi handien mapan kokatzeko urtea izango da aurtengoa. Hala iragarri zuten erakunde publikoek, eta hiriaren turismo plan estrategikoaren oinarri bihurtu dituzte ekitaldiok. Asteburu honetan probatuko da formulak arrakasta izango duen. Europako errugbi kluben arteko txapelketetako finalek 100.000 pertsona erakarriko dituzte, eta antolatzaileek 30 milioi euro ingururen irabaziak espero dituzte. Erakundeek baliabide guztiak jarri dituzte antolatzaileen eskura. Zenbait hedabide anglosaxoik, ordea, zalantzan jarri dute hiriaren gaitasuna finalak hartzeko.

Bilbok asteburuan zehar jasoko duen errugbizaleen uholdeari aurre egiteko, udalak plan zabala prestatu du, Bizkaiko Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Helburua, Bilbora gerturatuko diren 100.000 zaleek inpaktu txikiena sortzea. Asteburu batean, Bilbok bere biztanleriaren ia heren bat beste bisitari jasoko du. Jendetza hori guztia hirian zehar sakabanatzeko, udalak bi Fan Zone eta errugbiarekin lotutako hainbat espazio prestatu ditu. Ostalaritzako eta merkataritzako negozioen ordutegia luzatzeko baimena eman du, eta garraio publikoa eta segurtasuna indartu ditu.

Bereziki garrantzitsua izango da garraioaren kudeaketa. Izan ere, Erresuma Batutik eta Irlandatik 30.000 zale iritsiko dira, eta beste horrenbeste, Frantziatik. Horrez gain, Bilbon ostatu falta dela eta, hainbat zalek Bizkaiko beste herri batzuetan, Gasteizen eta Donostian egingo dute lo. Hainbeste lagunen etorrerak sor dezakeen zirkulazioari aurre egiteko, Bilboko aireportuaren itxiera ordua luzatuko dute, ibilgailu pribatuen erabilera debekatuko dute erdiguneko zenbait eremutan, metroa etengabe martxan ibiliko da, eta autobus eta trenen zerbitzu bereziak indartuko dituzte. Erakunde publikoek adierazi dute neurri horien bidez finalak «errugbiaren festa handi bat» izatea bermatu nahi dutela.

Prezio handiak bisitarientzat

Bilbora etorriko diren zaleek ordaindu beharko dituzten prezio altuek, ordea, festa ilundu dezakete. Ostatu faltak eta Bilboko aireportuak dituen lotura mugatuek finala ikustera doazenen aurrekontuak puztea ekarri du. Bilboko finalak jokatuko dituzten taldeak Gales, Frantzia, Ingalaterra eta Irlandakoak dira. «Bilbora bidaiatzeak diru zorro handia eskatuko du». Izenburu hori ipini zion Irish Times egunkariak finalen atarian Bilbora bidaiatzeko gida gisa prestatutako erreportajeari. Irlandako Leinster taldea da larunbateko finala jokatuko duenetako bat, eta milaka zale irlandar espero dira. Erreportajeak, besteak beste, hegaldi eta hotel eskaintza aztertzen du, eta, testuan adierazi dutenez, ostatu eta zuzeneko hegaldi faltak prezioek gora egitea ekarri du.

Ohikoa denez, eskaintzari erantzunez, azken asteotan gora egin dute prezioek. Hala ere, egunkariak biltzen duenez, finalak nortzuk jokatuko zituzten jakin zenetik, «ostatu eskaintza eskasia» egon zen. Finalaren atarian, hiriko toki ia guztiak beteta daude. Libre geratzen direnen artean, ostaturik merkeenean 40 euro inguru ordaindu behar da gau batengatik sei pertsonako gela batean; hoteletan, aldiz, 200 eurotik gora. Prezio handiei eta eskaintza faltari aurre egiteko, kanpaleku bat antolatu dute Bilboko Fangoko kiroldegian. Kanpineko antolatzaileek adierazi dute, oraingoz, 200 bat pertsonak eman dutela izena, eta eskariak jasotzen segitzen dutela.

Hegaldien prezioa ere ez da merkea. Dublindik, esaterako, hegaldirik merkeenak 300 euro inguru balio du; eta, zuzeneko hegaldia bada, 580. Egunkari bereko beste artikulu batean adierazi duten bezala, Bilbon finalak jokatzea «zirraragarria» izango da, baina, errugbia «ohiko zirkuituetatik» ateratzearen kostua kritikatu jarri dute. Orain arte, finalak Cardiff, Edinburgo, Londres, Paris eta antzeko hirietan egin dira. Guztiak errugbi lehiaketa handiak antolatzera ohitutako hiriak, ostatu eskaintza zabala dutenak, eta zirkulazio handiko aireportuak dituztenak.

Hirien karga gaitasuna

Ana Goitia Deustuko Unibertsitateko Turismo Fakultateko irakasleak uste du kritikak «zilegi» direla, baina adierazi du Bilbok baduela gaitasuna errugbi finalak antolatzeko. Azaldu duenez, aurretiaz errugbi finalak jokatu diren hirien ezaugarrien parekoak ditu: «Hiri handia da, aisialdi eta kultura eskaintza zabala du, eta ekitaldi handiak antolatu ahal izateko baliabideak ditu: hots, nazioarteko aireportua eta bisitari kopuru handiak mugitzeko garraio sare sendoa».

Gaitasun horretaz jabetzeko, Bilbo «zer den eta noraino iristen den» ulertzea «gakoa» dela dio: «Hiria metropoli baten zentro gisa ikusten du udalak, hau da, Bilbo erdigunetik 45 minutura dagoen guztia da bisitarientzat». Gogoratu duenez, distantzia hori ez da handia beste hiri batzuekin alderatuz gero. Batez ere, Goitiaren hitzetan, garraio publiko sarea «kalitatezkoa» delako. Hiriak ostatua eskaintzeko duen gaitasuna hiri ikuspegi horretatik ulertuta, esan du eskaintza «zabala eta neurrizkoa» dela.

Hiriaren gaitasuna zenbakietara mugatzea ere kritikatu du: «Ohiko karga ahalmenak soilik toki zehatz batean zenbat pertsona kabitzen diren aztertzen du». Nabarmendu duenez, eredu hori baliagarria da edukiera mugatuko tokietan, baina, ez hiri baten kasuan. «Bisitari kopurua mugatu beharrean, horien inpaktua gutxitu behar da».

Hori dela eta, irakasleak karga ahalmenaren kudeaketa deituriko eredua defendatu du: «Aztertu behar dira 100.000 pertsonaren bisitari eusteko beharrezkoak diren giza baliabideak, materialak eta ekonomikoak». Lau arlotan sailkatu du azterketa hori: Espazioaren kudeaketa, garraioarena, segurtasunarena eta informazioarena. Lau arlo horiek aztertuta, Goitiak ebatzi du Bilbo gai dela finaletarako espero den jende kopuru hori guztia jasotzeko.

EH Bilduk, berriz, dudak agertu ditu halako ekitaldiekin. Izaskun Guarrotxena zinegotziak uste du Bilbok badituela zerbitzuak eskaerari aurre egiteko, baina kezkatuta agertu da horrek beste toki batzuetan zerbitzuak murriztea ekar dezakeelakoan. Ostatu falta dela eta, Guarrotxenak ez du uste eskaintza faltaren ondorioz hotel gehiago eraikiko direnik: «Denok dakigu eskaera hauek puntualak direla». Hala ere, eskasiak legez kanpoko pisu turistikoak agertzea ekartzeak ardura sortu dio. Azaldu duenez, Uribarrin, Zazpikaleetan eta Bilbo Zaharrean dagoeneko igo dira alokairuen prezioak.

Finalek utziko dutena

Asteburuan bertan gertatuko denaz gain, finalen ostean datorrenaz ere aritu da Guarrotxena. Galdetu du erakundeek errepikatutako «inpaktu ekonomikoak» nola eragingo dien bilbotarrei, eta irabaziak Bilbori eta bilbotarren beharrizanei erantzuteko bideratuko diren: «Ekitaldi handiak positiboak izan daitezke Bilborentzat, baina, ongi neurtu behar da zein inpaktu izango duten».

Goitiaren berbetan, ekitaldi handien «eredu onak eta txarrak» daude. Azaldu duenez, adibide argienak Olinpiar Jokoak antolatu dituzten hiriak dira: batzuek asmatu dute, eta beste batzuek ez. Uneaz harago ere arrakasta izateko, irakasleak«ezinbestekotzat» jo du antolatzaileek herritarren beharrizanetan ere arreta jartzea, ez soilik bisitariengan: «Proiektua osatzerakoan aztertu behar da ekitaldi bat antolatzeak balioko ote duen hiriak aurrera egin dezan».

BERRIAn argitaratua (2018/05/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA