astekaria 2018/05/11
arrowItzuli

kultura

TXIKI IZATEARI UZTEKO MUGAN

Iñigo Astiz

TXIKI IZATEARI UZTEKO MUGAN

Egin ditu hamaika antzezlan, filmatu ditu hainbat pelikula, grabatu du telebistarako telesail sorta bat, uztartu ditu dantza eta performancea bere ikuskizunetan, aritu da abeslari, eta, halere, formatu laburreko antzezlanik egin gabea zen Miren Gaztañaga aktorea orain oso gutxira arte. Bilboko Pabiloi 6 aretoak antzerki laburrei eskainitako jardunaldietan estreinatu zuen 15 minutu inguruko Agur eta dolore, Iraia Elias eta Amancay Gaztañagarekin elkarlanean, eta pozarren dago esperientzia berriarekin. Gainera, ikuskizun onenaren Alex Angulo saria ere jaso zuen lanak. «Film laburrekin gertatzen den bezala, funtzionatzeko beren formula propioa dute antzezlan laburrek ere. Film laburren kodea ongi kontrolatzen duten film laburrak dira onenak, eta antzerki laburrak ere erronka horren aurrean jartzen zaitu. Formatuak badu bere zailtasuna, eta badu bere hizkuntza propioa ere». Ezezagun zitzaion lurralde bat deskubritu berri duenaren lilurarekin mintzo da aktorea, eta balio dezake Gaztañagaren lilura horrek indarra hartuz doan mugimendu zabalago baten erakusgarri modura. Izan ere, adituek hazten igartzen dute formatu txikiko antzerkia, eta gero eta gehiago dira Euskal Herrian gisa horretako lanei eskaintzen zaizkien jardunaldiak eta espazioak. Zirkuitua topatzea dute zailtasun nagusia oraindik ere.

Badu bertute nabarmen bat formatu laburreko antzerkiak: Mahoma mendira noiz joango zain egon beharrik gabe, Mahomarenganaino eramaten du mendia. Antzerkia izaten da halakoetan publikoarengana joaten dena, eta ez publikoa antzerki bila doana. Ikuslea non, hara joan ohi da formatu laburreko antzerkia.

Jon Aizpuruak badaki zerbait horri buruz, adibidez. Donostia Kulturako Kultur Ekintza zuzendaria da egun, baina Intxaurrondo auzoko Larrotxene kultur etxeko zuzendaria zenean jarri zituzten martxan Poltsiko Antzerkiaren Donostiako Topaketak. 1991. urtean izan zen hori, eta 27 edizio bete ditu jadanik jaialdiak. «Nahi genuen normalean espazio eszenikoetara biltzen ez den jendearengana iritsi», ekarri du gogora topaketen zuzendariak, «eta ikusi genuen formatu txikiko antzerkia tabernetara eramatea izan zitekeela pertsona horiengana iristeko modurik errazena. Lau auzotan hasi ginen, eta zabalduz joan da». Antzerki lanez gain, formatu txikiko musikalak, magia ikuskizunak eta bakarrizketak ere programatzen dituzte, eta, guztira, 32 ikuskizun eskaini zituzten azken edizioan. Alde igartzen du haizea Aizpuruak orain, eta gora doa publikoa.

Zirkuitu propioa faltan

«Modan jarri dira formatu txikiak», aitortu du. Erdarazko antzerkian nabarmen, eta euskarazkoan ere bai, baina apalago. «Duela sei edo zazpi urte zailtasunak izaten genituen formatu txikiko euskarazko ikuskizunak lortzeko, kalitatezkoak izango zirenak, eta erabaki genuen martxan jartzea poltsiko antzerkiaren sorkuntzarako lehiaketa». Geroztik, urtero saritu dute euskarazko pieza labur bat, eta hiru nabarmendu zituzten iaz. Horregatik, positiboa da antolatzaileak lehiaketaz egiten duen balantzea. «Halakoei esker lortu dugu azkenengo hiruzpalau urteetan emanaldien erdiak euskaraz izatea eta erdiak gazteleraz, gutxi gorabehera».

Zirkuitua falta dute, halere. Donostiakoaren moduko jaialdiek bultzatzen dituzte lan laburrak, erakusten dituzte, saritzen dituzte, baina jaialdiak amaitu, eta pieza labur gehienek ez dute ibilbide luzerik izaten. «Batez ere euskarazkoak badira», gehitu du ñabardura Aizpuruak. «Gaztelerazko piezek [Espainiako] estatu osoan egin dezakete bidea, onak baldin badira eta jendeak gustuko baditu eta abar, batez ere Bartzelonan eta Madrilen, baina euskarazkoekin arazo handiagoak daude». Salbuespenak badira, baina hori da irudi orokorra.

Gaztañagak ere igarri du antzezlan laburren goraldia; estreinaldiaz geroztik sumatu du interesa Agur eta dolore lanaren inguruan, eta baikor mintzo da etorkizunaz, baina ezagun ditu ohiko formatuen bazterrean dabiltzan proposamenen zailtasunak ere. Badira urte batzuk, adibidez, ordu erdiko Stereo pieza sortu zuenetik, eta, kontatu duenez, propio asmatu behar izan diote zabalpenerako bidea beti. «Ez dago halako piezentzako zirkuiturik», onartu du. «Oso sare alternatiboan ibili gara, eta eskerrak sare hori existitzen den. Gaztetxeetan eta jaialdietan egon gara, eta, horiez gain, eskaera puntualak ere izan ditugu han eta hemen». Baina horixe da egoera orokorra antzezlan laburren kasuan ere.

Eta, halere, badira elkarrizketatu guztiek aipatu dituzten bi gune: Bilboko Pabiloi 6 espazioa da bata, antzezlan laburrei urtero eskaintzen dizkieten jardunaldiengatik, eta Donostiako La Farandula aretoa da bestea.

Iazko martxoan ireki zituen ateak Egia auzoko espazioak, eta, jatetxe zerbitzuarekin batera, mikro-antzerki emanaldiak eskaintzen ditu geroztik ostegunetik igandera. Hogei metro koadroko hiru areto ditu guneak, eta 15 minutu inguruko piezak eskaintzen dituzte haietako bakoitzean, emanaldi bakoitzeko gehienez ere hogei ikuslerentzat, eta urtebetean, emanaldiz emanaldi, aretoz areto, saioz saio, 33.000 ikusle pasatu dira bertatik. Madrilgo Malasaña auzoko Microteatro Por Dinero aretoan topatu zuten eredua, eta, Miren Nogales La Farandula aretoko kideak kontatu duenez, pozik daude egindako bidearekin: «Kulturara iristeko erreminta berri bat da, eta ongi funtzionatzen du».

Euskal publikoa

Badute publiko egonkor bat, eta saiatzen dira astero martxan izaten dituzten hiru ikuskizunetariko bat gutxienez berria izan dadin. Ikusleek erabakitzen dute aretoan ikusgai dauden lanen artean zein ikusi nahi dituzten, eta bakoitzarentzako sarrerak independenteak dira. 4,5 euro balio du mikro-antzezlan bakoitzaren sarrerak, eta hirurak ere ikus daitezke, hala nahi izanez gero, 13,5 euro ordainduta. Hori da eredua Madrilen ere, eta Donostian ere funtzionatu du saiakera horrek berak.

Nogalesek onartu duenez, gai «konplikatua» da hizkuntzarena, ordea. Izan ere, gaztelerazkoak izaten dira La Farandulan ikusgai diren antzezlan gehienak, eta tarteka soilik eskaintzen dituzte euskarazkoak. Hasieratik saiatu dira euskarari leku egiten, baina Nogalesek badu frustrazio puntu bat orain arte izandako esperientziarekin. Dioenez, zail egiten ari zaie euskal publikoa erakartzea. «Hasieratik saiatu gara euskarazko lan bat edukitzen astero, baina, denborak aurrera egin ahala, urrituz joan da euskarazko lanen publikoa. Konplikatua da gaia guretzat. Euskaldunak gara hemen aritzen garen guztiok, eta nahi dugu euskara ere La Farandulan egotea, baina orain arte ez da egon publikorik. Paseak ez ziren ateratzen euskaraz, eta, azkenean, ez zara ausartzen. Laguntza batzuk izan beharko genituzke, baina ez diot bakarrik ekonomikoak, baizik eta baita publikoa erakartzeko laguntzak ere, eta euskarazko antzezlan txikiak aurrera ateratzeko».

Itziar Ituño antzerkigileak ere goraldian igartzen du formatu txikiko antzerkia. Eta haren kasua da horren froga. Bizitza osoa darama antzerkian, eta, Gaztañagak bezala, hamaika lan egin ditu telebistan eta zineman, baina oraintxe arte bera ere sekula ez da aritu izan formatu txikiko antzezlan bat prestatzen. (Des)kontrolatuta? taularatu du orain, Karmele Larrinaga eta Iratxe Urkiagarekin batera, Pabiloi 6 aretoko jardunaldietan, eta, gainera, publikoaren saria jaso dute. Emakumezkoek dituzten traba eta oztopoen aurkako aldarrikapena da antzezlana, dioenez, eta 18 minutuko iraupena du. Zuzendari lanetan aritu den lehenengo aldia ere izan da hau Ituñorentzat, eta pozik gelditu da emaitzarekin. «Publikoa erakartzen dute, eta erraz ikusten dira halakoak», onartu du. «Mokadutxo baten modukoak dira. Dosi txikitxo bategaz zer edo zer berezia kontatzea da erronka».

Gustua eta ideologia

Mikel Martinez aktoreak ere maite ditu formatu laburrak, bai ikusteko, eta bai eragiteko. «Nahasi egiten dira nire gustu pertsonala eta apur bat ideologia edo asmoa ere, formatu hori antzerkia zabaltzeko eta bultzatzeko bide bat delako».

Formatu handiko antzezlan sorta bat badu martxan Martinezek Tartean konpainiaren barruan, baina badabil Patxo Telleria gidoigileak sortutako 15 minutu inguruko Tabernaria bakarrizketarekin ere. Eta, hain zuzen ere, taberna batera aurrenekoz sartzearekin parekatu du antzerki txikia aktoreak. «Tabernako atea gurutzatzen duzun lehen aldia oso inportantea da. Behin sartuz gero, taberna ezagutzen duzu, eta hortik aurrera bazoaz taberna horretara, jadanik apur bat zurea delako. Antzerkiarekin berdin gertatzen da; ez bazara inoiz egon Arriaga antzokian edo ez bazara inoiz antzerkira joan, ez duzu sentitzen hori zure gauza denik». Eta, hain zuzen ere, aktorearen arabera, antzerkian murgildu ahal izateko lehen ate bat da formatu txikiko antzezlanak publikoari eskaintzen diona.

Euskarazko antzerkiari atea zabaltzeko aukera bat ere bada formatu txikia, gainera. Bilboko Pabiloi 6 aretoan egin diren antzerki laburren jardunaldietan ikusi du hori Martinezek. «Oso ongi antolatuta dago, giroa atsegina izaten da, bakoitzak erabakitzen du zer ikusi nahi duen, eta nahi duenak badu aukera egun bakoitzean lau antzezlan ikusteko, eta horien artean badaude gero eta gauza gehiago euskaraz. Antolatzaileek erabaki ahal zuten euskarazko lan guztiak egun berean jartzea, baina ez dute halakorik egin, eta arratsalde bakoitzean beti dago lan bat euskaraz. Eta nabaritzen duzu euskaraz oso gutxi dakien jendea edo euskararik ez dakien jendea ere sartzen dela euskarazko lan horiek ikustera. Espero zuten baino gehiago ulertuko dute, eta espero zuten baino gehiago gustatuko zaie, baina inportanteena da atea zeharkatu dutela, eta, egon direnez, hori ere beren territorioa dela sentituko dute, eta bueltatuko dira berriro».

Badira zailtasunak, halere. «Formatu normaletik ateratzen diren lanak ez dira erraz saltzen», onartu du Martinezek ere. «Landu egin behar duzun zirkuitu bat da. Sortu egin behar duzu, eta horren bila joan behar duzu. Horretan aritzen bazara, eta daukazuna formatu txikiko zerbait bada, ba, horretan jartzen duzu indarra, eta mugitzen duzu, baina guri gertatzen zaiguna da nahikoa lan izaten dugula formatu handiko gauzekin, eta ez garela txikiak mugitzen hasten». Puntualak izaten dira emanaldiak horregatik. Eta Viva voi! ikuskizuna izan daiteke froga.

Dozena bat saio

Dario Fo eta Franca Rame antzerkigileen testuak ditu oinarri ikuskizunak, eta, guztira, 45 minutuko saioa osatzen dute material horrekin Martinezek eta Irati Agirreazkuengak, eszenografia txiki-txikiarekin eta edozein lekutara eramateko moduan. Oihartzuna izan du hedabideetan, aurrekontu apala du, eta erraz egokitzen da edozein txokotara. Halere, Martinezek zehaztu duenez, ez dira dozenatik gora izan eskaini dituzten emanaldiak. Onartu duenez, izan daiteke asko mugitu ez dutelako, baina bada halako lanek zirkuitu egonkorrik ez dutelako ere.

Martinezek ere sumatu du goraldia, baina ez du uste handia denik. Hamabost urte daramatza antzerki laburren gidoiak saritzen dituen Cafe Bar Bilbao lehiaketa antolatzen, eta sariketaren leihotik begiratuta, bai, sumatzen du egonkortze bat, baina ez, ez du ikaragarrizko leherketarik ikusten. «Parte hartzea oso maila onean mantendu da», laburbildu du. «Euskarazko dozena bat edo hamabost gidoi aurkezten dira azken urteetan, eta kopuru ona da hori».

Handi izatera heldu gabe, akaso, baina txiki izateari utzia dio formatu txikiko antzerkiak.

BERRIAn argitaratua (2018/05/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA