astekaria 2015/12/18
arrowItzuli

bizigiro

Euskara, igo dadila agertokira

Ander Gartzia Badiola - Nagore Etxeberria

Euskara, igo dadila agertokira

Plaza kutuna da musikarientzat Bilboko Kafe Antzokia. Esker onekoa da, hurbila eta beroa. Agertokitik gertu altxatzen den goiko pisutik, gainera, entzuleak ikuspegi paregabe batez goza dezake. Datorren asteartean beteko ditu hogei urte, eta denbora horretan John Hiatt, Maceo Parker eta Antonio Breschiren mailako izarren doinuek astindu dituzte eraikinaren zimenduak. Argazkietan izoztutako artisten irudiek atontzen dute agertokia. Tartean, Fito eta Doctor Deseo. Musika antzokiaren bihotzean da, antzerkigintza, bertsolaritza, zinema edo dantza dauden bezala. Halere, bozgorailuetako bolumena jaisten denetan, sekula amatatzen ez den doinu bat entzuten da. Euskara.

Kafe Antzokiak hiriaren bihotzean kokatu ditu euskara eta euskal kultura, jendearentzat topagune izango den amarauna osatuz. Gabriel Aresti euskaltegia hasi zen hari hori josten —eta jarraitzen du harilkatzen—, erdaldunen ahoetan euskarari leku bat eginez. Erronka nagusi bat zuten: euskaldun berriak gizarteratu eta lau pareten artean ikasitakoa praktikan jarri. Euskararen doinuan jo txistua, alegia. Ordutan neurtu dute helburua Axular Etxaburu eta Mikel Urbeltz antzokiko kultur arloko arduradunek: hogeita lau orduz, euskaraz bizitzea. «Beharrezkoa zen kultura bizitzeko espazio bat. Bai sozializatzeko, bai harremanak egiteko eta baita euskararen bideak zabaltzeko ere». Hala, proiektuak martxan jartzeko, euskaltegiko hainbat irakaslek bultzatuta, Zenbat Gara elkartea sortu zuten.

1995ean zabaldu zituen ateak Kafe Antzokiak. Albian (Abando), hiriaren zentroan. «Hementxe sortu zen Antzokia, psikologikoki ere ideia garbi gera zedin. Bilbon euskara zentroan izan behar zuela; ez albo batean edo urrutiko auzoren batean». Ezin zen beste modu batez izan. «Antzoki baten beharra zegoen. Kultura euskaldunen eskura jartzeko eta euskaldunak berak ere topagune bat izateko». Ateak zabaldu zituen aurreneko egunean agertokia txiki geratu zen. Bertatik igaro ziren Txomin Artola, Natxo de Felipe eta Antxon Latxa, Anje Duhalde, Zazpi Eskale, Maskarada, Kepa Junkera, Sarasua anaiak, Juan Antonio Urbeltzen Argia dantza taldea... Bistan zen euskal kultura izango zela ardatz.

Harrotasuna

Amarauna haziz joan zen, eta arlo ezberdinetako proiektuak abiarazi zituzten. 1994an, esaterako, Algara konpartsa sortu zuten, Zenbat Gara elkartearen arima Aste Nagusira eta gainontzeko jai esparruetara zabaltzeko asmoarekin. Hari jarraitu zioten Erroa argitaletxeak, Kurkuluxetan ume-guneak, Atoan komunikazio bulegoak eta Bilbo Hiria irratiak. Bilboko metropoli osorako euskara hutsez emititzen duen irrati ez komertziala da Bilbo Hiria, 1997an sortua.

Eraikin grisaren arkupetik ateratzen da kalera antzokiaren sarrerako kartelaren argitasuna. Gaur egun, eraikinaren barruan daude aretoa, euskaltegia, irratia eta argitaletxea. Egunez, bata bestearen ondoan jarritako mahaiek betetzen dute beheko solairua. Kafe Antzokiko sukaldean egunero 200 bat lagunentzako bazkariak prestatzen dira. Halere, gaur egun, Bilboko aisialdiaren eta festa giroaren ikur ere bihurtu da Antzokia. Bilboko gaua euskal musikaz busti du. Arrakastak eredu bilakatu du Kafe Antzokia, eta mota ezberdinetako kultur proiektuen garapenerako erreferente da, Euskal Herrian nahiz atzerrian. Etxaburuk eta Urbeltzek uste dute Antzokiak tokitxo bat egin duela herritarretan bihotzetan: «Kafe Antzokia erreferentzia da, eta oso ondo dago onartua Bilbon eta Euskal Herrian, oro har. Ez bakarrik euskal hiztunen artean, baizik bilbotar ororen artean. Harro sentitzeko zerbait da. Beraiek bilbotar bezala harro sentitzen direla uste dugu Kafe Antzokiaz».

Benito Lertxundiren afixa batek iragartzen du kalean Antzokiaren hogeigarren urteurrena. Kontzertua, asteartea: 20:00 (sarrerak agortuta). Keinu zuzen bat euskal kantagintzari, antzokian Bilboko gauaren azken orduetan argiak piztu eta bozgorailuetatik Zenbat gera? entzuten den aldiro bezala. Etxaburuk agertoki gainean ikusitako musikariak ekarri ditu gogora: Anje Duhalde, Ruper Ordorika —zuzenekoak bertan grabatu dituzte—, Mikel Urdangarin, Manu Chao eta Fermin Muguruza elkarrekin... «Ez dut inor ahaztu nahi».

Hogei urteren ondoren, hasierako helburuei eusten dietela nabarmendu du Urbeltzek. «Gizartean hogei urtean egon diren aldaketak kontuan hartuz formetan moldatu gara, baina oinarriak sendo mantenduz». Hogeigarren urteurrenerako 300 ekitalditik gora izan dituzte programatuta urtean zehar. Eta etorkizunari begira? «Batetik, Kafe Antzokiak bere dinamikan jarraituko du, autokritiko izanik eta ideia berrien garapenean jarraituz. Baina Kafe Antzokia sortu duten oinarrizko ideia horietatik haratago joatea ere gustatuko litzaiguke, espazio fisikoa gaindituz, ideia berriak proposatuz, kulturgileen sareak lotuz, eta euskal gizarteari etorriko diren kultur molde berriak eskura jarriz».

BERRIAn argitaratua (2015/12/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA