astekaria 2015/12/14
arrowItzuli

gizartea

«Udazkenean jaioko da»

Berria

«Udazkenean jaioko da»

Urtebete baino gutxiagoan egin zen dena: proiektua sozializatu, babesa eta baliabideak bilatu, kazetariak eta egunkariaren diseinu eta irizpideak prestatu... Emaitza EUSKALDUNON EGUNKARIA izan zen.

Ilusioa eta grina gainezka. Ezin bestela egunkari bat hutsetik abiarazi hain epe laburrean. Ezin bestela erritmo ero haren nekeari eutsi, ilusioa eta grina gainezka izan ezean. Egunkari gosea asetzeko garaia zen. 1989ko azarotik 1990eko urtarrilera, hiru hilabete eskasetan, abiada bizia hartu zuen euskarazko egunkariaren aldeko mugimenduak. Tarte hartan egin zituzten Euskal Kulturaren Batzarreak deitutako bilera, Durangoko Azokakoa eta Egunkaria Sortzen talde eragilea eratu zuena, proiektua bultzaraziz.

Lan esparruak finkatu zituzten azkenekoan: harremanak lantzea, norbanakoekin zein erakundeekin; kazetari proiektua garatzea; eta dirua biltzeko kanpaina egitea. Apirilaren 7an onartu zuten euskal egunkarirako proiektua, eta talde horretan aritu ziren Imanol Murua Uria eta Garbine Ubeda kazetariak. Argia-n zebiltzan biak. Kanpainarako, Argia-ko lanetatik liberatu zituzten: prentsa bulegoan aritu zen Murua, eta diseinuan Ubeda. Hark diseinatu zituen zero alea eta mantxeta: «Hori izan zen Argia-ren ekarpena».

Diseinuari adarretatik heldu aurretik, zenbait erabaki hartu behar ziren: «Zein atal edo sail izan beharko lituzkeen, zein ordenatan, beste egunkariek dituztenak izan behar zituen edo beste batzuk...». Estatuak saila izan zen nobedadeetako bat, Muruak gogoratu duenez: «Espainia eta Frantziako albisteak sartzen genituen hor. Hasieran, nahiko iraultzailea izan zen biak sartzea, Espainia bakarrik sartu beharrean. Allande Sokarrosek eta Joxemi Saizarrek egiten zuten».

Erreferentzia falta sentitu zuen Ubedak, eta ez zen bakarra: egunkariak bazeuden Euskal Herrian, baina ez zituzten erreferentziatzat: «Guk egin nahi genuen egunkari horrek ezaugarri oso partikularrak izango zituen: beraz, ez zuen zerikusirik besteekin».

1990eko uztailaren 15a mugarri izan zen euskara hutsezko egunkariaren atzera kontuan. Ubedak ez dauzka ahazteko orduan ateratako izerdiak. «Mila proba egin genituen ordurako, baina ez genuen behin ere lan egin erlojuaren kontra, edo ez behar bezala, behintzat».

Egungo betaurrekoekin begiratuta, «oso polita» izan zela dio, nahiz orduan ez zuen halakorik sentitu. «Zapore txarra utzi zidan; pentsatu nuen ez ginela gai izango. Diseinuen aldetik, atzeratu egin ginen dezente». Dena eman zuen lantaldeak, baita zero zenbakia kaleratzea lortu ere. Jaiotza iragartzera ere ausartu ziren: «Udazkenean jaioko da». Hori izan zen uztailaren 15ean egin zuten promesa. Promesa eta, aldi berean, erronka.

TREBATU, TREBATU, TREBATU

Kanpaina abiatu aurretik hasi zen kazetarien prestaketa. Murua Argia-ko Bilboko lantaldean zebilen, eta ondo gogoan ditu 1989 amaieran Bilbotik Donostiara egindako bidaiak. Gauez. «Argia-ko erredakzioan gaupasak egiten genituen, alegiazko egunkari bateko testuak idazten». Koldo Izagirrek zuzentzen zizkien testuak: «Gorriz azpimarratu, eta banan-banan pasatzen ginen: egurra ematen zigun, esanez zer zen onartezina egunkari batean». Kanpaina amaituta, deialdi irekia egin zuten, Argia-z kanpoko kazetarientzat: «Nahiko autodidakta izan zen: batzuk koordinatzen, besteak taldeak egiten, sailak muntatzen... Testuak irakurri eta komentatzen genituen».

Ikastaroaren ostean, lantaldea definitzeko garaia iritsi zen. «Ez ginen asko, baina bai behar baino gehiago», gogoratu du Muruak. Argia-n ere egin zuten bilera: batzuk bertan geratuko ziren, eta beste batzuek egunkarian lan egingo zuten. Ubeda Argia-n gelditu zen, eta Murua egunerokora joan zen.

Lantaldea definituta, 1990eko irailean, azken urratsa baino ez zen falta. Korrikalariak lasterketetarako nola, hala trebatu ziren kazetariak abendura bitartean, Muruaren arabera: «Zer zenbakiak egiten genituen etengabe, abendura prestatuta iristeko». Baldintzatuta zetorren egunkari berria. «Ez zuen bere inprentarik izango, ezta zabalkunde propiorik ere momentuz, eta baldintza txarrekin jokatu behar izan genuen», gogoratu du Ubedak.

BERRIAn argitaratua (2015/12/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA