astekaria 2015/12/14
arrowItzuli

gizartea

Sormenak behar zuen aterpea

Ihintza Elustondo

Sormenak behar zuen aterpea

GALDERAK

1. Zer ekarpen egin dio EUSKALDUNON EGUNKARIAk euskal kulturari?

2. Nolakoa izan da EUSKALDUNONEGUNKARIAk zure arloan egindako ekarpena? [Antzerkian, literaturan, musikan, zineman, bertsolaritzan edo artean].

ANDER LIPUS

AKTOREA

1. Euskal imajinarioan bizi garenok beharrezkoak ditugu halako espazio libreak, eskizofreniarik gabekoak. Ni markinarra naiz, eta sentitu nuen euskarazko isla txiki hori bat-batean Euskal Herrira zabaltzen ari zela.

2. Nik antzerkia euskaraz soilik egiten dut, eta EUSKALDUNON EGUNKARIAk ere hautu hori hartu zuen. Euskarazko antzerkia ez zuen bigarren mailan uzten. Euskaldunok ez baditugu egiten hautu horiek, nork egingo ditu?

MIREIA GABILONDO

AKTOREA

1. Sortu zenean hain beharrezkoa zen euskarazko egunkari bat, nik uste dut orain ja ohitu egin garela. Eta oso gauza ona iruditzen zait. Atzera begiratuta, pentsatzen jartzen naiz: «Nola bizi ginen?». Bada, gaizki.

2. Oraindik BERRIA begiratzen dut zer elkarrizketa dauden, zer liburu atera diren, zer disko egin duten jakiteko. Kultura zabaltzeko oso modu ona da egunkaria oraindik ere. Niretzat, eta jende askorentzat, erreferentzia bat da.

ITXARO BORDA

IDAZLEA

1. Ikusgarritasuna ekarri zion, gai eta kultura alorrak oro agertzen zitzaizkigun sail berean, izan Iparraldeko ala Hegoaldeko. Uste dut, halaber, hizkuntza berri bat sortu zela hor kulturaz hitz egiteko orduan.

2. Literatura, poesia ez bazen, betidanik haurride pobrea izan da Euskal Herrian. EGUNKARIAri esker, euskarazko literaturarekiko harremana samurragoa egin zen, idazleak irakurleei hurbilago jarriz.

KIRMEN URIBE

IDAZLEA

1. Euskara eguneroko bihurtu zuen. Idazle batentzat euskaraz irakurtzea eta bere hizkuntzan trebatuz joatea oso garrantzitsua da. Euskara jasoa erabiltzen zuen, eta gero maila hori igaro egiten da idazlearen eskura.

2. Gure belaunaldia EGUNKARIA-rekin hazi eta hasi da. Harkaitz Cano, ni eta beste egile batzuk hor hasi ginen idazten. Zutabeak idatziz ikasi nuen idazten, literatura egiten. Gainera, irakurleenganako zubi hori egiten duzu.

ANARI ALBERDI

MUSIKARIA

1. Euskal kultura den konstrukto abstraktu hori konkretatzen lagundu du. Eraiki egin du, edo eraikuntzarako aldamioak ezarri ditu. Eta elementurik garrantzitsuenak, Sarrik dioen moduan, euskara eta territorioa izan dira.

2. Ez dago esan beharrik euskaraz abesten edo idazten duenari euskaraz entzuna edo irakurria izateak zer ematen dion, eta, Pernandoren egia bat dirudien arren, hau ez dugu beti (izan) euskaraz sortzen dugunok.

MIKEL URDANGARIN

MUSIKARIA

1. Hutsune bat bete zuen. Euskarak normalizazioa behar du gure herriak behar duen bezala, eta euskarazko egunkariak sekulako aldaketa ekarri zigun gure bizitzetara. Normalizaziorako bide horretan pauso handia izan zen.

2. Euskaldun musikariontzat arnas poltsa bat izan zen. Sentsibilitate berezi bat nabaritu zen kultura jorratzeko, bai kazetarien aldetik, eta bai EGUNKARIAren animoan. Argi dago kultura apustu bat izan zela.

AMETS ARZALLUS

BERTSOLARIA

1. Euskal kultura zer ote den definitzean ez gara gure artean ados jartzen askotan, baina EGUNKARIA euskarazkoa denetik, euskal kultura euskarazkoa dela defenditzen duenak eguneroko berme bat baduela iruditzen zait.

2. Bertsoa, bere bat-batekotasunaren kondizioagatik, ez da oso eramangarria prentsara. Baina EGUNKARIAk zabaldu dezake bertsoarentzat espazio kritiko bat, eta hor ikusten dut bertsolaritzari egin dion ekarpena.

ASIER ALTUNA

ZINEMAGILEA

1. Euskarazko egunkaria ezinbesteko erreminta da euskararentzat eta bultzada izugarria euskal kulturarentzat. Nire eguneroko plazer txiki handienetako bat da egunkaria euskaraz irakurriz gosaltzea.

2. Euskaraz eginiko zinemaren berpiztearen testigu izan da, eta gure lanak ezagutarazten asko lagundu digu. Euskal sortzaileen elkargune ere bada, nola edo hala. Zaila egiten zait EGUNKARIA sortu aurreko garaia imajinatzea.

MAIALEN LUJANBIO

BERTSOLARIA

1. Lur bat eman zion, orube bat; erdarazko medioek, medio elebidunek eta euskarazko medio publikoak ordura arte eskaintzen zituztenen aldean, bestelako oinarri batzuen gainean kultur ikuspegi bat eraikitzeko.

2. Bertsolaritzari egin zion jarraipena gorabeheratsua izan zela esango nuke, baina EGUNKARIAk testuingurua eman zion. Bertsoak berez ibiltzen duen lurra eta arnasten duen atmosfera paperean ere aurkitu genuen.

KOLDO ALMANDOZ

ZINEMAGILEA

1. Euskarazko kulturaren zati handi batek ez zeukan lekurik ordura arte komunikabideetan. Eta EGUNKARIAk kasu egin zion, ez bakarrik goi mailako kulturari, baita beste proposamen txikiagoei eta herrikoiagoei ere.

2. Euskal zinemagintzak ez dauka hainbesteko ekoizpenik, eta, ia-ia edozer gauza eginda ere, isla lortzera ohitu gara. Denbora pasatu ahala, hor egokitzapen batzuk egin dira, eta gaur egun daukagun mailara iritsi gara.

ASIER MENDIZABAL

ARTISTA

1. Beti izan dut irudipen bat: testuinguru kultural bat jarraitu baino gehiago, EGUNKARIAk testuinguru bat sortu egin zuela. Euskal irakurleria bateratu batentzako erreferentzia bilakatu beharrak halabeharrez sortu zuen hori.

2. Hizkuntzaren urgentzien inguruan sortutako proiektua izaki, kultur eredua ere hizkuntzak determinatzen du. Horrek zaildu zuen, hasieran, ikusizko espresioak proiektu kultural horren parte gisa ulertzea.

MAITE GURRUTXAGA

ILUSTRATZAILEA

1. Artearen eta kulturaren gaineko albisteak eta hausnarketak euskaraz egiteak artearen eta kulturaren munduko terminologiara gerturatu gaitu, eta bi munduak uztartzen lagundu du. Sortzaileontzat plaza bat ere bada.

2. EGUNKARIA Antton Olariagarekin eta haren pertsonaia Zakilixutekin lotzen dut. Lan paregabea egin du ilustrazioaren eta komikiaren mundua jendeari hurbiltzeko, eta lanbide hau gehixeago ezagutarazi da hari esker.

BERRIAn argitaratua (2015/12/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA