gizartea
Erreakzio patriarkalaren adierazleak
Maite Asensio Lozano


Kasualitatea izan daiteke, baina oso egun gutxian kontraeraso matxista horren adierazle zenbait gertatu dira Euskal Herrian: bi astean lau emakume hil dituzte bortxaz hiru gizonek, eta sanferminetako bortxaketa abusutzat jo du epaiak. Noiz, eta Martxoaren 8an dozenaka mila emakumek adierazitako indar kolektiboaren ostean. Emakumeak zenbat eta gehiago ahaldundu, zenbat eta autonomia eta kemen handiagoa erakutsi, zenbat eta aldarri askatzaileagoak atxiki, orduan eta bortitzagoa eta atzerakoiagoa da erreakzio patriarkala. Talde bortxaketa bat jasan duen emakume gazte batek erasoan gozatu egin zuela esatera ausartzeraino.
Gero eta zabalduago dago: andreen aurkako gerra bat gertatzen ari da. Hala azaldu zuen Rita Segato antropologo argentinarrak iaz, kazeta honetan: «Emakumeen kontrako indarkeria ez dira kasu bakanak edo sexu eraso hutsak. Gerra bat da. Biktimak emakumeak badira ere, auzia harago doa. Feminizidioak boterearen manifestazioak dira, patriarkatua horixe delako: agintea, boterea. Eta botere horrek andreak zauritzen edo hiltzen ditu, baina gizarte osoaren kontrako gerra da».