gizartea
Estudioko irudi orbandunak
Arantxa Iraola

Hasi zenetik bost urte igaro diren arren, isil antzean joan da orain arte auzibidea. Azken asteotan etorri da aldaketa: hainbat modeloren akusazioa bere gain hartua duen abokatuak-Mario Diez, argazkilaria da bera ere- bideo batzuk zabaldu ditu sare sozialetan, salaketa larriak egin ditu, eta bolo-bolo dabil orain. Izan ere, esan du epailea -kasutik baztertuta dago- auzibidea eragozten ibili dela eta horren motiboa dela Donostian pederastian diharduen sare bat dagoela, pertsona ezagun eta «boteretsuek» eratutakoa. Ustez hor dihardutenen izenak zabaltzen hasi dira, eta uholde bat sortu du horrek.
BERRIAk elkarrizketatu dituen lekukoen arabera, auzibideak bost urte badaramatza ere, argazkilariari buruzko ahopean egindako esamesak lehendik ere bazebiltzan airean. First Models agentziako buruak esana du hamabost bat urte badirela argazkilariarekin harremana eten zutela. Hari egozten dizkioten delituen inguruko inolako zantzurik ez zutela izan adierazi du. Agentzian ibilitako modeloak ere badira ezeren susmorik ez zutenak. Beste hainbat modelok diotenez, ordea, haren jarrera desegokiari buruzko kontuak entzunak ziren. BERRIA solastatu ahal izan da, halaber, Kote Cabezudoren modelo ziharduten neska adingabeei eginiko irudi «desegokiak»- haien adinarentzat, erotikoegiak- ikusi zituzten pertsonekin. Salaketarako urratsa egin duen emakumezko batekin ere mintzatu da.