iritzia
Agur soil bat
Elixabete Garmendia Lasa


Gure belaunaldikoon 1968ko Maiatza Burgosko prozesua izan zen, 1970eko abenduan; hor estreinatu ginen kalera irten eta manifestazioak egiten: sei heriotza zigor zeuden jokoan. Handik bost urtera hartuko zuen mendekua Francoren erregimenak, bost fusilamendurekin. Biolentziaren espirala etengabe luzatuz eta kiribilduz zihoan, bi aldeetatik. Gurpil zoroa martxan, gerra zikina antolatu zuen Estatuak; sufrimenduaren sozializazioa teorizatzera iritsi zen ETAren ingurua. Bakoitzak dauka bere itzulerarik gabeko puntua. Nirea ETAk Yoyes, ikaskide ohi eta laguna, hil zuenean dago. Saminari sententziaren izugarrikeria gehitu zitzaion: Euskal Herriari eta bere buruari traizio egitea leporatzen zion ETAk, inoren kontzientzian agintzeko eskumena bereganatuta. Gure eskola soziala izandako hark amildegira ginderamatzan, arrastaka. Herentzia hori ezin zitzaien ondorengo belaunaldiei utzi. Hiru hamarkada joan dira harrezkero, bidegabekeriaren eta atsekabearen zulo beltza are gehiago handituz.
Kanpai-hotsarekin eta xanpain botilak irekiz imajinatzen nuen nik, aspaldi, ETAren amaiera. 2006ko martxoaren 24an, ETAk bere su-etenetako bat iragarri zuenean, errefuxiatu batekin Iparraldean partekatu nuen pote gerora ozpinduak ez dit adorerik utzi halako beste ospakizunik egiteko. Alabaina, esker on sakon eta betea besterik ez daukat, zinez, honetara iristea posible egin duten guztiekiko, hau da, bukaera ziur, ordenatu eta duina erdiestea ahalbidetu duten horienganako.
Gogaitu egiten naute, ordea, barru-barruraino azenarioa beti zentimetro batzuk haratago jartzen duten tranpatiek; protokoloa beren mesedetan diseinatzen ez bada, zaputza harrapatzen duten politikariek; zuhurtasuna xuhurkeria bihurtzen dutenek. Herri honen historian mugarri den gertaerari daukan garrantzia ostu eta lausotu nahi izatea, arduragabekeria politikoa da. Areago, ETA desegin arren, haren fantasma arma gisa darabiltenen amarruak ikusita, aste honetan bertan, Altsasuko gazteen kontrako epaiketan, fiskalak erabili duen argudioak erakutsi duen bezala. Agian, belarria beste sintonia batzuetara jarrita daukate Kanboko ekitaldian parte hartzeari uko egin dioten horiek; esaterako, Alfonso Alonsok EAJkoei zuzendu dien mezu horretara, alegia, ea ETAri «un agur bero bat» egitera joan behar duten hurrengo ostiralean. Behin jaulkiko PPren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako presidenteari euskarazko hiru hitz, eta orduan iseka tonuan izan behar. Txiste horri barre egiten ote zioten lehengoan, Legebiltzarrean, Alonsok berak eta Urkullu lehendakariak?