mundua
IRAULTZA BIDEAN GALDU ZEN
Ander Perez Zala

Hilabete baino gutxiagoko epean, ohiz kanpoko krisi politiko eta sozial baten aurrean ikusi zuen bere burua Frantziako Gobernuak, eta, aste gutxiko epean, Europa Mendebaldeko estaturik indartsuena desegitearen arriskuan egon zen, XX. mendeko gizon eta politikari enblematikoetako bat buru zuela. Hori guztia, ikasleen eta langileen borrokaren ondorioz. 50 urte igaro dira jada.
1968ko maiatza «hazkundearen krisia» izan zen, Pascal Ory historialariaren iritziz. «Bikaintasunean zegoen gizarte baten krisia izan zen, 30 aintzagarriak deituriko epearen erdi-erdian -1945 eta 1975 artean-. Indize ekonomikoak onak ziren, eta langabezia gutxi zegoen, baina goraldi horrek ez zituen betetzen gazteriaren eskariak».
Mugimenduaz eztabaida handia dago aurreko urteetan izandako gertakariak abisu bat izan ote ziren, 1968an gertatu zenari begira. Batzuek baietz diote; Oryrentzat, ordea, ezin zen halakorik aurreikusi. «Inork ez zuen aurreikusi mugimendu hura, ez ezkerrean ez eskuinean». Ezustean harrapatu zituen garai hartako eragile nagusi guztiak, onerako edo txarrerako, nahiz eta urteak ziren langileak eta ikasleak greban eta protestan zirela. Mugimenduaren handitasuna izan zen harridurarako arrazoi nagusia: Nola defini daiteke 68ko Maiatza? «Hilabeteko epean, une utopiko baten aurrean ikusi genuen geure burua, aurrekaririk gabeko une baten aurrean, eta mitoak sortzeko eta elikatzeko balio izan du».
Hiru protagonista eta hiru zati izan zituen 68ko Maiatzak: ikasleak lehenik, langileak gero, eta negoziazio politikoak azkenik. Eta bakoitzak bere loraldia izan zuen, ordena zehatz batean.
'BABY BOOM'-AREN SEME-ALABAK
68ko Maiatzeko lehen zatia: Nanterreko Unibertsitateko aktibista talde baten mugimendua masa mugimendu bilakatu zen, Frantziako Gobernuaren harrigarri. 1968ko martxoan, 300 bat ikaslek protesta egin zuten beren lagun baten atxiloketaren aurka, eta 142k unibertsitateko Che Guevara eraikina okupatu zuten; gaua igaro zuten han. Hurrengo egunean, Martxoaren 22ko Mugimendua sortzea erabaki zuten, mugimenduari jarraipena emateko. «Hiru familiak hartu zuten hitza ikasleen artean: anarkistek, trotskistek eta maoistek, nazioarteko joerari jarraikiz». Estrategiak eta ideiak desberdinak izan arren, indarra zutela erakutsi zuten: unibertsitatearen hormetan afixak agertzen hasi ziren, ikasleen izpiritua laburbiltzen zutenak. Tartean, honako mezu hau: «Irakasleok! Zaharrak zarete, baita zuen kultura ere».
68ko Maiatzaren unibertsitate fasea nazioarteko mugimendu baten frantziar adarra zen, herrialde industrializatuetan indarra hartzen ari zena. Baby boom-aren seme-alabak ziren, eta kontsumismora bideratuta zegoen gizartearen aurka agertu ziren, itxurazaletzat eta konformistatzat zutena.
1871ko Parisko Komuna, 1917ko Errusiako Iraultza, Fronte Popularraren Gobernua -1936 eta 1938 artekoa-, hainbat ziren gazteen erreferentziak. Testuinguru berezia zen urte haietakoa: elkartasun kontzientzia areagotzen ari zen, baita munduarekiko kontzientzia ere. Nazioarteko informazioaren berri gero eta gehiago ematen zuten hedabideek, gero eta toki gehiagotara heltzen baitziren kazetariak, eta horrek ahalbidetu zuen mugimenduaren izpiritua internazionalista izatea. «1940ko hamarkadaz geroztik, Frantziako demografia berritu egin zen, batik bat amatasunaren aldeko politikek eta neurriek bultzatuta, eta, ikasketen demokratizazioaren ondorioz, geroz eta gazte gehiago joan ziren eskolara, eta, gero, unibertsitatera. Horren ondorioz, gazteria kategoria sozial bat bilakatu zen, jendetsua eta autonomoa zena. Eta kontzientzia politikoa are gehiago handitu zuen horietako asko soldatapekoak izateak».
Goia jo zuen ikasleen mugimenduak maiatzaren 10eko gauean, barrikaden gauean, Parisko Auzo Latinoan: 30.000 ikasle inguru izan ziren han, estatuaren eta sistemaren kontra protestan. Alain Krivine, Frantziako trotskisten burua, sutsu mintzatu zitzaion ikasleriari: «Gutxi falta da konfrontaziorako. Izan zaitezte iraultzaileak! Izan zaitezte onenak!». Poliziak gogor desegin zuen gau hartako protesta, baina askorentzat «gau magikoa» izan zen. Egunak ziren ikasle mugimendua gainontzeko probintzietara zabaldu zela. Baina indar ahulegia zen iraultza politikoa sustatzeko eta bultzatzeko.
LANGILERIA, EZINBESTEKO
1968ko Maiatzeko bigarren zatia: mugarria izan zen hileko 13. eguna, aurreko egunetako indarkeria salatzeko manifestazioari indar berri bat gehitu baitzitzaion. Langileriak greba orokorra egin zuen egun hartan, eta ikasleekin batera manifestatu ziren soldatapekoak, sindikatuen eta ezkerreko alderdien deiari erantzunez. 800.000 izan ziren kaleetan barna: Georges Seguy sindikalisten burua, Daniel Cohn-Bendit ikasleen burua eta François Mitterand politikaria elkartu ziren protesta berean, besteak beste.
Iraultza politikoa gauzatzeko indar handiagoa behar zuen 1968ko Maiatzak, eta langileriak eman zuen beharrezko bultzada hori, kuantitatiboki zein kualitatiboki. Ezinbesteko bilakatu ziren, eta gogorarazi zuten mugimendua ez zela mugatu urte hartako hilabete horretara. 1968ko urtarrilean, esaterako, Caenen greba andana izan ziren, baita Besançonen ere. Baina lehen ohartarazpena 1967an eman zuten, gorakada handia izan baitzen greba kopuruan.
Erreferentziak komunak ziren, baina langileek ere bazituzten eurenak: 1963ko meatzarien greba, esaterako. Horregatik, iraganeko borrokak bizirik jarraitzea zuten helburu, eta, aldi berean, inspirazio iturri izatea, iraultzarako gasolina gisa. Gainera, ikasleen eraginez, antikolonialismoari antiinperialismoa gailendu zitzaion, langileetako askok II. Mundu Gerrako erresistentziaren oroitzapena baitzuten. Eta Vietnamgo gerrak izpiritu hori sutu zuen.
Bada, arrazoiak anitz ziren: Frantziak 500.000 langabe zituen orduan, eta 2 milioi langilek gutxieneko soldata jasotzen zuten; laburbilduz, langile askok garapen ekonomikotik kanpo ikusten zuten beren burua. Eta horrek eragin zituen hurrengo bi asteetako greba eta fabriken okupazio masiboak. Frantziako Gobernuak espero ez zuen indarra hartu zuen 1968ko maiatzak, baina sindikatuek eta ezkerreko alderdiek ez zuten lortu eskari guztiak artikulatzea. Eta hori izan zen hutsegiteetako bat: «Autogestioaren ideia zabaltzen hasi zen sindikatu batzuen artean, eta, beraz, langile batzuen artean, baina Alderdi Komunista oztopo izan zen iraultza politikoaren arrakastarentzat, mugimendua galgatu baitzuen».
Hutsegite nagusia, ordea, ikasleen eta langileen arteko batasunik eza izan zen. Bata ez zen besteaz fio; bestea ez zen bataz fio. Oryren laburpena argigarria da: «Elkartzea ohiz kanpokoa izan zen, eta biharamunik gabekoa». Kalean behin eta berriz indar erakustaldia egin arren, erabakigarria izan zen mugimenduarentzat estrategia bateraturik ez izatea. Erabakigarria, zentzu txarrenean. Hori gutxi balitz bezala, ezkerraren zati handi batek komunismoaren aurka egiteko erabili zuen 1968ko maiatza, mugimenduan parte hartzen ari zen bitartean, eta kritika eta «mehatxu» horiek baliatu zituen Frantziako presidenteak egoerari buelta ematen saiatzeko.
GRENELLEKO KALEA
1968ko Maiatzeko hirugarren zatia: sistema politikoa iraultzeko batasuna urruti zegoen, eta De Gaullek kontraerasoari ekin zion. Hilaren 30ean, Asanblea Nazionala desegin, eta hauteskundeetarako deia egin zuen; gehiengo osoarekin irabazi zituen bozetara. Kontraerasoa arrakastatsua izan zen, egoerari etekina atera ziolako: «iraultza gorriaren» aurrean, ordena defendatzen zuen hark. Bitartean, Parisko Grenelleko kalean, patronalak eta sindikatuek adostu zituzten soldata igoerak eta lanaldiaren murrizketa, besteak beste. Hala, iraultza erreformetara mugatu zen: «Hutsegite politiko bat izan zen, De Gaullek gehiengo osoa lortu zuelako, eta, gerora dimisioa eman zuen arren, haren antzeko batek hartu zuelako kargua».
Gertatutakoa ezin da aldatu, eta historia ezin da moldatu. Horretaz jakitun, estrategia pertsonalari ekin zioten militanteek. «Militantzia familiara eraman dute askok, mundua aldatzeko lehenik beren egunerokoa aldatu behar dutela jakitun», Julie Pagis ikerlariaren arabera. Eta hori lortzeko modu bat da beren seme-alabei bestelako ideiak helaraztea: «Militanteen haurrentzat, erronka bilakatu da kritikatzen duten gizartean bizitzea eta kontrakultura horri eustea».