astekaria 2018/04/27
arrowItzuli

ekonomia

Bost minutuan behin, lan istripu bat

Jon Fernandez

Bost minutuan behin, lan istripu bat

Eskumuturreko edo sakelako telefonoko ordulariari begira neur daiteke laneko istripuen dimentsio larria. Hego Euskal Herrian, bost minutuan behin gertatzen da laneko ezbehar bat: guztira, 105.374 lan istripu erregistratu zituzten iaz. Bihar Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna da, eta gaur goizean manifestazioak egingo dituzte sindikatuek hiriburuetan. Ez da ospakizunetarako eguna, baizik eskaerak egitekoa eta hildakoak oroitzekoa —53 iaz, LABen arabera; 54 ELAren kalkuluetan—. 2014az geroztik, ugaritzen ari dira bai lan istripuak, bai lan gaixotasunak, eta horren arrazoia argia da, ELAren ustez: «Prekaritatea handitu ahala, lan osasuna okertzen ari da».

Laneko ezbeharren gorakada dator jarduera ekonomikoaren gorakadarekin eta hazkunde ekonomikoaren igoerarekin; izan ere, krisi ekonomikoaren kolpe handiaren ostean, 2014an hasi zen susperraldi ekonomikoa, eta, harrezkero, hazten jarraitzen du BPG barne produktu gordinak bost urtez jarraian.

Hala ere, LAB sindikatuak deritzo «lan istripuen gorakada ez dela jarduera ekonomikoaren hazkundearen ondorioa, erakundeek orain arte esan duten moduan, baizik eta prekarizazio politikarena ondorioa, baita erakundeak lan osasunean egiten ez duten kontrol zehatzarena ere».

2002an, 144 hildako

Lanean hildakoen kopuruak ere gora egin du 2014az geroztik. Urte hartan, XXI. mendeko minimoa zenbatu zuen LABek: 39 hildako. 2014tik 2015era dezente igo zen kopurua, 55 hildakora, eta harrezkero paretsu mantendu da, pixka bat apalduta: 53 hildako iaz.

Joan den astelehenean, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Lan sailburu Maria Jesus San Josek nabarmendu zuen azken 25 urteetan erdira jaitsi dela laneko istripu hilgarrien kopurua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen mende laurdena ospatzeko ekitaldian azpimarratu zuen datua. «Hala ere, ezin gara gustura egon, lanean hildako langile bakoitza porrot bat delako gizarte moduan», gaineratu zuen.

Mende hasieratik hona, 63,2 puntu portzentual jaitsi da laneko heriotza kopurua: 2002an, 144 pertsona hil ziren lan istripuetan, iaz baino 91 gehiago. Aurten, jada, hamazazpi langile hil dira.

Instituzioek argudiatu izan dute enpresen prebentzio lanari esker apaldu zela heriotza kopurua mende hasieran. ELAk, berriz, uste du krisiak eta eraikuntza sektorean izandako enplegu galerak eragin handia izan zutela ezbeharrak gutxitzeko orduan.

Istripuak eta prekaritatea lotzeko datua eman du LABek: iaz lanean hildakoen %27 azpikontratatuta zeuden. Halaber, istripu guztien %10etan langileak azpikontratatutako enpresa batean zebiltzan, eta ehunekoa %40 zen industriaren sektorean.

Adolfo Muñozek gidatutako sindikatuak, halaber, nabarmendu du 2017an gehitu egin zirela gaixo baimena hartu beharra eragiten duten istripuak, «sortutako lanpostuen proportzioan baino gehiago». Bestalde, azaldu du gehitu egin zirela arrisku psikosozialei lotutako gaitzak ere.

ELAk Osalanen datuak baliatu ditu esplikatzeko langileen erdiek lan kontratuen lehenengo bi hilabeteetan jasaten dituztela istripuak. Prekaritatearen beste erakusle bat, formakuntza falta agerian uzten baitu.

Prekaritatea «arazo sozial larritzat» jo du ELAk, eta haren atzean dauden egiturazko faktoreak zerrendatu ditu: «Kontrolik gabeko eta kate gisako azpikontratazioa, lan karga eta erritmo jasangaitza, justifikaziorik gabeko lanaldi partzialeko lana eta horrek dakarren enplegu aniztasuna, trebakuntzarik eza, eta inbertsiorik eza segurtasunean eta osasunean». Besteak beste, lan ikuskarien kopurua bikoizteko eskatu du ELAk.

Estatistikek ezkutatuta

Lan istripuez harago, lan gaixotasunetan jarri dute arreta ELAk eta LABek, lan osasunaren inguruan egindako txosten banatan. «Ikusezinak eta ahaztuak» dira oraindik, LABen esanetan. Lan istripuengatik hildako pertsona bakoitzeko, hamazortzi langile hiltzen dira lan gaixotasunengatik, Europako Lan Osasunaren Agentziaren arabera. Baina Hego Euskal Herriko erregistro ofizialek ez dute horrelakorik jasotzen. Lan gaixotasun asko ezkutatzea egotzi die LABek estatistika ofizialei, eta datu beldurgarri bat eman du: amiantoaren eraginez, 1993tik hona 1.494 pertsona baino gehiago hil dira. «Baina, Euskal Herrian, laneko gaixotasunen estatistiketan ez da jasotzen laneko gaixotasunak eragindako heriotza bakar bat ere».

Sindikatuen erronka nagusia laneko gaixotasunak ikusaraztea dela dio Garbiñe Aranburuk zuzendutako sindikatuak. «Ezin daiteke konpondu ezagutzen ez dena».

Lan gaixotasunak eta istripuak ezkutatzearen atzean mutualitateen interes ekonomikoak ikusten dituzte sindikatuek. Salatu dute mutualitateek joera daukatela gaixotasunak lanekotzat ez jotzeko, hartara gaixoa artatzeko gastu ekonomikoa osasun sistema publikora bideratuz.

Euskadiko CCOOko buru Loli Garciak, hain justu, Eusko Jaurlaritza lantzen ari den mutualitateen araudia kritikatu zuen atzo, «botere handiagoa» ematen dielako kontingentzia komuneko gaixo baimenetan. Eta hori, Garciaren iritziz, «eraso bat da langileentzat, eta osasun sistema pribatizatzeko modu bat».

BERRIAn argitaratua (2018/04/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA