astekaria 2018/04/20
arrowItzuli

bizigiro

Agente nerbiosoak lasai hiltzen du

Edu Lartzanguren

Agente nerbiosoak lasai hiltzen du

Ingalaterrako Salisbury hiriko katedral ederretik ez urrun, gizon-emakume bikote bat dago kaleko eserleku batean konortea galduta, ahotik adurra dariela. Sergei Skripal Errusiako zerbitzu sekretuetako agente ohia da gizona, eta haren alaba Iulia da emakumea. Martxoaren 4an pozoitu zituzten. Gizona Londresentzat espiatzen aritu zen, Errusiako inteligentziaren barruan, eta Moskuk espioi truke batean jarri zuen britainiarren eskuetan. Adituen arabera, skripaldarrak novitxok izeneko nerbio agentearen dosi txiki batez pozoitu ziren, eta horri esker atera ziren bizirik.

Azken boladan, gizabanakoak hiltzeko erabiltzen dituzte nerbio agenteak munduan barrena. Iazko otsailaren 14an, Kim Jong-nam -Ipar Koreako presidente Kim Jong-unen haurriderdia- hil zuten VX nerbio agentearekin, Malaysiako hiriburuko aireportuan.

Nazien Alemanian abiatu zen nerbio agentearen historia, kasualitate hutsez. Gerhardt Schrader kimikariak sortu zuen lehena, organofosfato familiako intsektiziden ikerketan zebilela: tabun izena jarri zion, gizakiak hiltzeko zeukan indarrarekin harrituta, hura nekazaritzarako erabiltzerik ez zegoela ebatzita: tabu zela, alegia. Alemaniarrek nerbio gas familia oso bat garatu zuten Bigarren Mundu Gerran eta gero: tabun, sarin, soman eta ziklosarin. Pozoietan hilgarriena bilatzen zuten: gizaki bat hiltzeko, lehenarekin baino hamar aldiz dosi txikiagoa behar da familiako azkenarekin. Edonola ere, naziek ez zituzten nerbio agenteak erabili Bigarren Mundu Gerran, Schaderrek Hitlerri esan ziolako aliatuek ere edukiko zituztela, eta, erabiliz gero, Alemania galtzen aterako zela. Oker ziren, Alemaniak bakarrik baitzituen, Alastair Hay Leedseko Unibertsitateko (Ingalaterra) toxikologia irakaslearen arabera.

Baina Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren hasi ziren are gai hilgarriagoak garatzen. Horietako lehena VX izan zen. Ingelesezko izena du (Venomous agent X, agente pozoitsu X), Erresuma Batuko kimikariek sortu baitzuten, 1952. urtean, Londresko Imperial Chemical Industries laborategian. Urte horretan patentatu zuten Ranajit Ghosh eta J. F. Newman ikertzaileek, eta salgai jarri zuten Amiton izenarekin, pestizida gisa. 1955. urtean gelditu zuten ikerketa, oso arriskutsua zela ikusi baitzuten. Baina Ameriketako Estatu Batuetako armadak VXa hartu, eta gizakiekin esperimentatu zuen 1959. urtetik aurrera.

Hay kimikariak gogoratu du Irakeko armadak 1988an Kurdistango Halabja hiriaren kontra eginiko erasoa: «Orduan, 5.000 lagun inguru hil zituzten, baina milioika batzuek ihes egitea eragin zuten. Horrek erakusten du arma kimikoek sortzen duten beldurra». Tabun, Sarin eta VX agenteak erabili zituzten Halabjan.

Sekta apokaliptikoen esku

«Ikusten ari garenez, gobernuak ez diren taldeak ere eskura dituzte nerbio agenteak, eta erabili egiten dituzte», esan du Hayk. Horren adibidea da Japoniako Aum Shinrikyo sekta apokaliptikoa. Diru askorekin, sektak laborategi onak antolatu zituen. VX agentea sintetizatu zuen 1994-1995 artean; baita sarin ere. «Baina ez zuten esperientziarik gaia zabaltzeko orduan», Hayk adierazi duenez. Izan ere, 1995. urtean Tokioko metroan eginiko erasoan, sektak sarin likidoa erabili zuen, eta hamahiru pertsona hil zituen. Gas moduan barreiatu izan balute, hildako kopurua 10.000 ingurukoa izango zen, adituek kalkulatu dutenez.

Oraintxe bertan, Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeko (OPCW) adituak ikertzen ari dira zer pozoi erabili zuten apirilaren 7an Siriako Duma hirian eginiko erasoan. Matxinoek salatu dute sarin gaia egon zela tartean.

AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak, Ipar Koreak, Israelek eta Siriak dute VX agentea. Alemaniako nerbio gasik hilgarriena -ziklosarina- baino 35 aldiz pozoitsuagoa da. Horrez gain, askoz polikiago lurruntzen da, eta gune zabalak denbora luzez pozoitzeko erabil daiteke.

Novitxok da nerbio agenteen familiara heldu den azken pozoia. Izan ere, izen hori etorri berria gisa itzul daiteke errusieratik. Inoizko hilgarriena da: VX baino 5-10 aldiz toxikoagoa. Sobiet Batasunean hasi ziren pozoia ikertzen, 1970eko hamarkadan, eta 1990eko hamarkadara arte jarraitu zuten. Pozoi bitar gisa diseinatu zuten novitxok, erabiltzailearentzako seguruagoa izan zedin: nazioarteko agentziek kontrolatzen ez dituzten eta berez pozoitsuak ez diren bi lehengai erabiltzen dituzte. Nahasten direnean bakarrik bihurtzen dira hilgarri.

Ivan Kivelidi bankuburua eta haren idazkari Zara Ismailova hiltzeko erabili zuten novitxok, 1995. urtean, Errusiako prentsak zabaldu duenez.

Nerbio agente guztiek berdin funtzionatzen dute: arranpak eragiten dituzte gorputz osoko giharretan, birikak eta bihotza gelditu arte. Antidotoak, egon, badira, baina oso goiz eman behar dira biktimari bizia salbatzeko. Atropina injekzioa da horietako bat. Horrez gain, oxima gai kimikoak erabil daitezke. Diazepam antsiolitikoa ere erabiltzen da, baina, batez ere atropina eta oximen eragina handitzeko.

Kimikariek uste dute novitxok VX baino 5-10 aldiz toxikoa dela, eta ohiko antidotoen aurka diseinatuta dagoela: behin betiko kalteak sortzen ditu burmuinean, adituek uste dutenez. Pozoion garraioa kontrolatzeak zaila dirudi. Gizaki bat hiltzeko, aski dira VX edo novitxok agenteen miligramo batzuk. Kopuru txiki horiek oso erraz mugi daitezke herrialde batetik bestera. «Ez dugu mekanismorik hori galarazteko», esan du Hayk.

Pozoi politikoa

Skripal afera modu teknikoan landu zitekeen, Hayren arabera. Erresuma Batuak, AEBek eta Errusiak «sakon» iker zezaketen, pozoia non egin den eta noren eskuetara iritsi den argitzeko. «Baina gaia politiko bihurtu da oso», adierazi du Hayk. Erresuma Batuak salaketa gogorrak egin ditu, eta gogor erantzun du Errusiak. «Politikariak oso erasokor aritu dira bi aldeetan».

Azken asteotan arazoa politizatu dela salatu du Pere Ortegak ere, Bartzelonako Bakerako Delas Ikerketa Zentroko presidenteak. «Mendebaldeko herrialdeek [Vladimir] Putinen aurkako politika dute, eta gerra hotz txiki horretan dabiltza». Ortegak onartu du, ordea, Errusiaren inguruko susmoak egon badaudela Skripalen aferan; «besteak beste, ez delako lehen aldia». Alexander Litvinenko ekarri du gogora: Errusiako FSB zerbitzu sekretuetako kidea zen hura, Londresera ihes eginikoa. 2006ko urrian hil zuten, baina ez nerbio agente batekin, baizik eta polonio-210 gai erradioaktiboarekin pozoituta.

«Edonola ere, halako armak Israelek erabili ditu gehien», esan du Ortegak. «Mossadek hainbatetan garbitu ditu aurkakoak agente kimikoekin». Rise and Kill First liburuan, Ronen Bergman Israelgo kazetariak iradoki du gai erradioaktiboekin hil zutela Jasser Arafat. Baieztatu du Mossad zerbitzu sekretuak 2.700 pertsona hil dituela, pozoiak eta bestelako sistemak erabilita.

Galdera bat airean geratzen da: zergatik erabili nerbio agenteak gizabanakoen kontra, norbait hiltzeko askoz modu errazagoak, merkeagoak, diskretuagoak eta hiltzailearentzat seguruagoak daudenean? «Baliteke erabiltzaileek mezu bat bidali nahi izatea», erantzun du Simon Cotton Birminghamgo Unibertsitateko kimika irakasleak. «Ez dakigu zenbatek daukaten novitxok agentea: Errusiak badu, baina baita Soviet Batasuna hondoratu eta gero sorturiko errepublika berriek ere».

Nerbio agenteen hilgarritasuna ia 4.000 aldiz handitu da 1936. urtetik. Orain, kimikariren bat ibiliko al da novitxok baino hilgarriagoa den pozoi bat sintetizatzen? «Baliteke», esan du Cottonek. «Edonola ere, gaurko gerra gehienetan arma zaharrak erabiltzen dituzte, tartean duela 100 urte sorturiko arma kimikoak. Nerbio agenteak erabiltzen badituzu, munduaren arreta zeureganatzen duzu».

Konturatuko al dira gaur nerbio agenteak sortzen edo pilatzen dabiltzan herrialdeak pozoi horiek arazoa direla eurentzat ere? Jadanik 192 herrialdek sinatu dute Arma Kimikoen Ituna. «Beraz, legearen aldetik konturatu dira arma horiek armategietatik kendu behar dituztela; areago, arma horiek kentzeko eta berriak ez eskuratzeko hitza eman dute», esan du Ralf Trapp toxikologo alemaniarrak. Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundearen (OPCW) zientzia aholkulari batzordeko idazkaria izan zen 1998 eta 2006 artean. Adituak nabarmendu duenez, Ipar Korea, Egipto, Hego Sudan eta Israel bakarrik geratu dira betebehar horretatik kanpo -Israelek ituna sinatu duen arren-. «Espero dezagun herrialdeok konturatzea onura gehiago edukiko dutela itunaren barruan kanpoan baino».

Joan zen astean atera zen Iulia Skripal ospitaletik, aitarekin hilzorian egon ondoren. Uste dutenez, norbaitek espioi ohiaren etxeko atea nerbio agentearekin igurtzi zuen, eta lasai joan zen, pozoiak lana poliki egin zezan.

Salisburyko erasotzaileen inguruan hipotesiak dira nagusi. Ez dute lortu skripaldarrak hiltzea; bai, ordea, nazioarteko harremanak erabat pozoitzea.

BERRIAn argitaratua (2018/04/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA