astekaria 2018/04/20
arrowItzuli

gizartea

Sailkatzea ere bada aldaketa

Ion Orzaiz

Sailkatzea ere bada aldaketa

Filosofia berri bat. Hori ezarri nahi du Nafarroako Gobernuak hondakinen kudeaketaren alorrean. Ekonomia zirkularra bultzatuko du, murriztu, berrerabili eta birziklatu kontzeptuei erreparatuz; kutsatzea zergapetu eta hondakinak gaika sailkatzeko betebeharra ezarriko du; Nafarroako tokiko erakundeen eta mankomunitateen arteko elkarlana sustatuko du; eta zaborren erraustea ekuaziotik ezabatu. Horretarako, Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Plana onartu zuten 2016. urtean, parte hartze prozesu luze baten ostean, eta, orain, hurrengo urratsa emanen dute: Hondakinen eta haien fiskalitatearen Nafarroako foru legea onartuko dute datozen egunetan.

Legea Nafarroako Parlamentuan da orain. Iragan asteko osoko bilkuran, legebiltzarrak atzera bota zituen UPNk, PSNk eta PPk lege proposamenari jarritako osoko zuzenketak. PP harago joan zen, eta txostena eskatu zion Nafarroako Kontseiluari, lege berria «Espainiako legediarekin bateragarria» ote den aztertzeko. Kontseiluak, ordea, ez dio arrazoia eman alderdiari, eta ebatzi du legea «arauen araberakoa» dela. Hortaz, lege proiektuak bidea zabalik du, eta datorren astean onartuko dute, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeen aldeko botoekin.

Zabor gutxiago sortu, eta botatzen den hori berrerabili: horrela laburbil daitezke bai plana, bai aurki indarrean sartuko den legea. Izan ere, Europako Batasunak ezarritako ildo eta zuzentarauei jarraikiz, prebentzioa eta hondakinen kudeaketa zainduko dira bereziki.

Azken datuen arabera, Nafarroan gaika biltzen dituzte hondakinen %35 inguru, eta gainerakoa —%65 gutxi gorabehera— zabortegira joaten da. 2027. urterako, berriz, ehuneko horiek irauli egin nahi ditu Nafarroako Gobernuak: hondakinen %65etik gora gaika bildu, eta gainontzekoa bota, tratatu ondoren.

Gainera, lege berriak astindua emanen die UPNren garaian ezarritako hondakinen politikei. Yolanda Barcinaren agintaldian, Nafarroako Gobernuak hondakinak erraustea lehenesten zuen plan bat onartu zuen, baina epaileek atzera bota zuten, Sustrai Erakuntza elkarteak eta Sakanako Mankomunitateak jarritako salaketen ostean. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen UPNren planak Olaztiko Portland zementu fabrika saritzen zuela, interes orokorraren gainetik. 2017-2027 eperako planean, berriz, lauko gobernuak errausteari buruzko erreferentzia oro kendu zuen, eta aukera hori baztertu. Horren ordez, hondakinen tratamendua sustatuko dute. Egungo azpiegiturak hartu dituzte oinarritzat, baina planta txiki berriak ere eraikiko dituzte, gertutasuna lehenetsita.

Lege berriari esker, Nafarroako Gobernuak Hondakinen Erakunde Publikoa sortuko du, hondakinekin lotutako politikak koordinatzeko. Gobernuaz gain, Nafarroako mankomunitateek ere osatuko dute erakundea.

Derrigortasuna giltzarri

Zenbat eta gehiago kutsatu, orduan eta gehiago ordaindu. Printzipio horri heldu dio Ingurumen Departamentuak, hondakinen plana eta legea ontzeko tenorean. Derrigortasunaren faktorea ezarriko du estreinakoz hondakinen bilketaren ekuazioan, eta zaborrak sailkatu gabe botatzeak zigor ekonomikoa izanen du: hondakinen kanona. Zerga hori, baina, ez diete erabiltzaileei ezarriko, mankomunitateei baizik. Hogei euro ordaindu beharko dituzte zabortegira tratatu gabe botatzen duten tona bakoitzeko.

Beraz, hondakinak behar bezala sailkatzea derrigortua egonen da, baina mankomunitate bakoitzak erabakiko du aplikatu beharreko sistema: atez ateko bilketa, bosgarren edukiontzia edo besteren bat. Egunotan, proiektu pilotuak martxan jarri dituzte Mairagan, Zangozan, Bortzirietan eta Baztanen.

BERRIAn argitaratua (2018/04/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA