astekaria 2018/04/20
arrowItzuli

bizigiro

Eguneroko albisteak, modan

Iker Tubia

Eguneroko albisteak, modan

Eguzkia ateratzearekin batera hasiko dira loratzen aurtengo trixertak. Gaur zortzi kaleratuko da lehenbizikoa, eta astero bat aurkeztuko da, ekainaren hondarreko astera arte. Laugarren aldia du Trixertak hiru hankako egitasmoak. Oninart, BERRIA eta sortzaileak berriz ere batu dira hamabi kamiseta berri egiteko. BERRIAk argitaratzen dituen edukiak beste euskarri batera eramatea da helburua.

Heldu den astean bertan ezagutuko dute irakurleek aurtengo denboraldiko lehenbiziko trixerta. Txakur Gorria sormen taldearen esku egonen da lehenbiziko diseinua, eta ondoren etorriko dira Joseba Attard eta Pergoi laborategiaren lanak. Ostegunero sortzaile baten txanda izanen da, eta hark izanen du aste horretako albiste nabarmenetako bat kamiseta bihurtzeko ardura. Azkenengo kamisetak, baina, hiru diseinu izanen ditu, artista bakoitzak berea eginen baitu gai beraren inguruan. Aurten, berritasun nagusia haurren kamisetak izanen dira; astero diseinatuko diren trixertek neurri txikiagoak ere izanen dituzte. «Haurren elastikoak egingo ditugu, urtero badelako eskari bat», azaldu du Ainara Lasa BERRIAko marketin arduradunak.

Proiektuak hiru hanka ditu. Astelehenetan hasiko da prozesua. Lehenik eta behin, BERRIA egunkariko editore taldeak bi albiste edo gai aukeratuko ditu, paperean argitaratutakoen artean nabarmentzekoak direnak. Bilera horretan hartutako erabakia sortzaileengana ailegatuko da, eta horiek eginen dute azkenengo hautaketa: hori izanen da sortuko duten elastikoaren gaia. Diseinua agudo egin beharko dute, bi egunean, eta azken emaitza Oninart enpresaren esku egonen da, inpresio zuzeneko estanpazioak egiteko makina erabiliz.

Ostegun goizean, hiru kamiseta eredu aurkeztuko zaizkie irakurleei: haurrentzako eredu bat eta helduentzako bi. Helduen kamisetak bi koloretakoak izanen dira, eta neurri estuak edo zabalak eskatzeko aukera izanen da. Hori trixertak.eus webgunean egin beharko da. 19,45 euroren truke eskuratuko dira elastikoak, baina BERRIAlagunek deskontua izanen dute: 17,95 euroan salduko zaizkie.

Denboraldi berri honetako sortzaileak kontuan izanda, hamalau lagunek parte hartu dute Trixertak egitasmoan. «Batzuk hasiberriagoak, eta beste batzuk lan grafikoetan zaildutakoak. Oso pozik gaude sortzaileek baiezkoa ematen dutelako», azaldu du Lasak. Sortzaileen harrera «bikaina» dela eta, eskerturik agertu da. Aurten eginen diren elastikoak kontuan hartuta, orotara 52 diseinu plazaratuko ditu Trixertak egitasmoak. «Azken urte hauetan BERRIAk egunero lantzen dituen edukien mosaiko grafikoa sortzen ari gara».

Emaitza ikusirik, BERRIAk balorazio positiboa egin du, eta horrek bultzatu du egitasmoari segida ematera. «Sortzaileek zabalik dituzte ateak beti; harrera ona izaten da, eta, urtez urte, irakurle eta BERRIAlagunen harrera ere oso ona da». Urtero mila elastiko inguru saltzen dira. «Horrek indarra ematen digu aurrera jarraitzeko», zehaztu du marketin arduradunak.

Lesakako bilkura

Urtero bezala, Trixertak egitasmoan parte hartuko duten sortzaileak Oninart estudioan bildu dira proiektuaren nondik norakoak zehaztu, zalantzak argitu eta elastikoak egiteko dauden aukerak bertatik bertara ezagutzeko. Kamisetaren diseinuaren arabera, aurretiko tratamendua ematen diete elastikoei edo ez. Koloreak aukeratzea ere garrantzitsua da. Akuarelen ehundurak kamisetan agertzea lortu daitekeela ikusi dute han, eta nola jokatu beharko litzatekeen kamisetaren kolorearen arabera.

Txakur Gorria taldeko Mariñe Arbeok (Zumarraga, Gipuzkoa, 1992), Pergoi laborategiko Ander Goikoetxeak (Algorta, Bizkaia, 1983) eta Joseba Attardek (Cheltenham, Ingalaterra, 1979) beren diseinuak erabili dituzte probak egin eta emaitzak ikusteko. Hiru sortzaileak gogotsu agertu dira Trixertak egitasmoan parte hartzeko.

«Ilusio handiz jaso dugu proposamen hau; beste urte batzuetan, esan izan genuen gustatuko litzaigukeela parte hartzea, eta orain iritsi da aukera», esan du Arbeok. Txakur Gorria sormen taldeak denetarik probatu dutela eta, ez diote beldurrik erronka berriari. «Ohituta gaude testuetatik abiatuta lan egitera. Gainera, bertsoekin ere ibili gara lanean BERRIArako». Izan ere, Bertsolari Txapelketa Nagusian bertso batetik abiatuta sormen lan bat aurkeztu zuten saio bakoitzean.

Egunerokotasunak agintzen duenean, denbora ez da sobran izaten, eta hala gertatuko zaie hiru sortzaile horiei. Asteleheneko bileran ateratako gaiaren diseinua ostegunerako argitaraturik egonen da. Denbora gutxi izanen duten arren, Arbeo ez da kezkatu: «Laguntza ere izan daiteke, bi egun baitituzu, eta ezin baitzara ibili aste bat gaiarekin bueltaka».

Attarden aburuz, ideia «interesgarria» eta «aitzindaria» da albisteak elastikoetara eramatea. «Tokatzen den gaiaren arabera, erronka izango da. Gustura parte hartuko dut egitasmo honetan; gogotsu nabil». Attardek hogei urte daramatza marka agentzietan diseinatzaile lanetan, baina baserritarra ere bada. Duela 11 urte etorri zen Euskal Herrira euskara ikastera, eta, azkenerako, geratu. Ardiei ilea mozten egiten du lan, baserriz baserri. 07:00etan, bazka ematen die txerriei eta ardiei; gero, haurra eskolara eraman, eta, ondoren, bi orduz diseinatzen ibiltzen da. Bi lanak tartekatzen ematen du eguna.

Trixerten egitasmoak eskatzen dion lana ez da berak egin ohi duena: «Niretzat, berria da gai edo albiste batetik abiatuta diseinatzea. Normalean, ideia batetik abiatzen naiz, eta ikusten dut ea zer sortzen den». Bestalde, berehalakotasunak ez dio kezkarik sortzen: «Nahiko ohituta gaude epe motzean lan egitera».

Bide beretik mintzatu da Goikoetxea, Pergoi estudioko arduraduna: «Askotan gertatzen zaigu lana atzoko behar dutela esanez etortzea guregana». Berak badu harremanik diseinuarekin eta kazetaritzarekin. Diseinatzailea ez ezik, EHUko kazetaritza saileko irakaslea ere bada. Multimedia Edizioa eta Produkzioa irakasgaia ematen du. «BERRIAk deitu zidanean, erronka polita iruditu zitzaidan. Ilustrazio editorialeko lanak egin ditut, eta polita da editorial hori kamisetara eramatea».

Lehenbiziko trixerta ezagutzeko, astebete baizik ez da falta. Astelehenean aukeratutako albiste batek oihalera eginen du salto. Kalea izanen da moda berriaren pasarela, baita sare sozialak ere, kamiseta soinean argazki bat igotzeko eskatuko baitzaie erosleei, #trixertak traola erabilita. Beste behin ere, albisteak jantzi bihurtuta; albisteak modan.

BERRIAn argitaratua (2018/04/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA